NOV. 29 2024 - 06:00h Errobi, GARAren 25. urteurreneko ospakizun sortan azken akordea 2024a azken hilabetean sartzera doanean, GARAren 25. urteurren ekitaldiak ere amaierara iristear dira. Komunitatearekin batera joandako hilabeteak izan dira, herriarentzat doan proiektu baten ospakizun kolektibo bat, eta azken akordeak entzutera goaz, gaur, Errobirekin batera Baionan. Errobiren kontzertua iragartzeko kartela, atzo Laugan, muntaketa lanen artean. (Patxi Belzaitz) Ariane Kamio Baiona Azkena hitz zabarra da askorentzat, amaiera baten iragarpen argia baita. Baina, amaierarik gabeko hasierak egon badauden arren, ez da oraindik hasierarik ez duen amaierarik ezagutu. Eta guk, horretara joko dugu, bukaera bat izango duen hasiera horretara. Izan ere, 2024a gogoan hiltzaturik geratuko da proiektu honetan lan egiten dugun kazetariongan, baino are balio handiagoa izango du hamabi hilabetetan komunitate oso –eta bizi– batekin elkar-pausoan egindako bide hori jorratu eta haztatu izanak. Hain zuzen, GARAren 25. urteurrena erroetaraino joateko aukera eman digun atrakzio periodistiko bikaina izan da, norbanakoaren ezagutza handitzeaz gain, izaera nazionala aldean hartuta hamarkadaz hamarkada garatu den proiektu baten tamaina neurtzeko eta kontzientzia hartzeko baliagarri izan baita. Artefaktu gisa eman genion bataioa hasiera batean ero baina gerora zirraragarria izan den esperimentu periodistikoari. DeLorean propio bat osatu eta, astez aste, kazetari eta kolaboratzaileak igo dira garaiak, espresioak, sentipenak eta, batez ere, gure protagonistak berbisitaratzera eraman gaituen burutazioaren gainera. Ospakizun urtea GARAk 25 urte. Nork esango zigun? Oraindik gure erredakzioetan badira ‘Egin’-en itxiera lehen pertsonan bizi izan zuten lankideak, ikusi dutenak nola epaile baten aginduz –eta Estatuaren indarraz– herriaren borondatetik sortutako egitasmo batek hondoa jotzen zuen. Sarrailak nola jartzen zituzten Eziago poligonoko erredakzio zentralean –eta gainontzekoetan–, tapakiak irratiko ahotsetan, eta eskuak nola lotzen ziren kazetarien eguneroko jardunaren kontra. Isiltasunak, eta borreroak, milak aurpegi zituela bagenekien ordurako. Baina GARA eta NAIZeko proiektua osatzen duen komunitateak zeozer badaki, hura orbainetatik loraldi berrien argitara gerturatzea ere bada. Hortaz, 25. urteurrena, nostalgikoa izateagatik ere, berreskurapenaren baitara etorri da, eta indarberritzen, arnasberritzen gaituen jardunetik osatu da. Eta, horretarako, ospakizuna beharrezkoa da. 1999ko urtarrilaren 30ean kaleratu zen GARAren lehenengo alea eta, 25 urte beranduago, Donostiako erredakzioan festa itzela antolatu zen urteak ekarriko zuenaren hasiera modura. Gorka Urbizuren kontzertu akustikoa eta Euskal Herriko alor desberdinetako ordezkariak, kolaboratzaileak eta aspaldiko lagunak batu genituen. Uhinak martxan jarrita, erredakzioa eraberrituta, transmediatik elikatzen den proiektua erakutsi eta ezagutzeko aukeran bilakatu zen hitzordu hura. Izan ere, zintzoki esanda, gaur egungo kazetaritzak ez dauka batere antzik XX. mendean egiten zenarekin, eta garai berrietara egokitzea besterik ez dago komunikabide konprometitu eta kritiko bat edukitzen jarraitu nahi bada. Eta eboluzio horrek, etengabeko garapenak, ezinbesteko aldaketak eta jakituria berrien beharra dakartza atzetik. Paradigma horren barruan sartzen da, hain zuzen, NAIZek bere zuzendaritzan jasandako aldaketa eta Ane Urkiriren esku-hartzea. Formula berriak, garai berrietarako; talentu berriak, aukera berrietarako. Eta ezin ahaztu esfortzu itzelak, ilusioak eta askotan mirariak ere lortu dituen proiektu luze honen katebegi garrantzitsuenetako bat: bere komunitatea. Herrenari laguntzen dion makulua, ibiltzen erakusten duen eskua. Harriari lotutako herria garelakoan, denborak atzean utziko ez duen elementu bat izateko bokazioz egiten dira omenaldiak, eta atzean geratzeko asmorik ez duela erakutsi zuen berriki Sakanak, San Pedroko zelaietan altxatako harri totemikoarekin.Errobirekin azken topa Gozoa bada, bestondoa beti da gogoangarria, eta urte honi borobiltasuna emango dion azken hitzordua ez da gutxiagorako izango. Berriro elkartzeko aitzakia bikaina izango da gaurkoa, berrogeita hamar urteko ibilbidea duen Errobi taldearen epelera gerturatuta. Gogoratu, arratsaldeko 19:00etik aurrera zabalduko dira ateak eta festa izango da nagusi, arrazoi bikoitzarekin gainera, Mediabask-en hamargarren urteurrena ospatzeko aitzakia ere izango baita. Aurtengo azkena izango da eta bukatzen den orok dakar hasiera berri bat. Guk, momentuz behintzat, ez daukagu ezer amaitzeko asmorik, hasierak baitira pasioak berpizteko motibo arruntena. Aurreneko topa, beraz, zuen alde.