Wapta ibilaldia: izotz eta elurrezko mortuan zehar mendiko eskiekin DEC. 05 2024 - 09:00h Imanol Elgezabal Banffetik Jasperrera bidean dagoen glaziarren autobide ezagunaren inguruan aurkitzen da Wapta izotz eta elurrezko zelaia, mendien goiko aldean. Han bertan izan gara bost egunez Wapta ibilbidea mendiko eskiekin egiten. Noiz hasten da bidaia edo abentura bat: egunean bertan ala prestaketetan? Mendi gaineko izotz-zelai zeharkaldi hau lehenago hasi zela esango nuke, ia-ia Calgaryn urtebeteko lanaldirako lur-hartu nuen egunean. Kuriositateak eta nire mendirako aisialdi joerak Calgaryko Unibertsitateko Kanpo-ekintzen Zentroaren webgunearen berri izan eta berau arakatzea eragin zidan. Han ageri zen, ingelesez, ‘Wapta traverse’, hurrengo urteko apirilerako. Ibilaldia egiteko baldintza nabarmenenak, honakoak: elur-jauzien inguruko trebetasunen ikastaroa egin izana; eskiatzaile ona izatea, ez hasiberria bederen; eta, nabarmentzeko azkena, gaitasun fisikoa izatea egunean distantzia eta desnibel dexente egiteko bizkarrean pisua eramanda. Hiru baldintzak bete arren ez nuen lehenengoa nola frogatu, eta, hortaz, urri bukaeran negua etortzearkin batera, azaro erdialderako elur-jauzien ikastaro teknikorako izena eman nuen. Berau, kasualitatez, Bow Summit deritzon tontor inguruan burutu genuen, Peyto lakuaren gainean. Elur-jauzien ikastaroak ez zidan Waptarako atea bakarrik zabaltzen, baita neguan mendiko eskian segurtasunez aritzekoa ere, eskiekin zein erraketekin. Ikastaroan, besteak beste, webgune fidagarrien berri, elur-jauziak nola sortzen diren, elurraren kalitate eta elur-geruzen berri izaten eta erreskateak egiten ikasi genuen, kontzeptu berriak batzuk eta errepasoak, atzenduak, besteak. Bow Summitetik bistak. (Imanol ELGEZABAL) Ni ez naiz eskiatzaile jaioa, eta badakit pista urdin eta gorrietan behera txukun jaisten; beltzak beste kontu bat dira. Hala ere, urte luzez egin gabe egon ostean, entrenatu beharra zegoen. Aitzakiarik ez Calgaryra etorri eta ez eskiatzeko. Mundu mailako eski estazio onenetarikoak omen Kanadako Harritsuetan; akaso horregatik izan zen hiria neguko olinpiar joko batzuen egoitza. Gainera, Kanada barnealdeko klima lehorrak elurra beste era batekoa izatea dakar; ez da gurean, Pirinioetan, nik ikusi izan dudan elur heze hori, zeharo lehorra baizik, hautsa, irina balitz legez: powder. Beste erronka bat, niretzako behintzat. Hortaz, eskian trebatu eta elur-irinera ohitu beharra zegoen, bai edo bai. Gabonetako oporretako egun batzuk mendiko eskian trebatzen pasa ostean –esan beharrik ez dago eguberriak laboratzen ez den lur eta neguan beti elur den txoko honetan igaro nituela–, urtarrila eta otsaileko asteburu batzuk Lake Louise eski estazioan eskiatzen ibili eta martxoko beste batzuk Banffeko Sunshine eski estazioan, prest ikusten nuen neure burua Waptarako, nahiz eta oraindik zalantza batzuk izan nire gaitasunen inguruan.Assiniboine mendia Sunshine eski estaziotik. (Imanol ELGEZABAL) Hirugarren baldintza fisikoki indartsu egotea zen, baina hori nola lortu nuen ez dizuet kontatuko. Hor konpon! Wapta zelaiaren kokapena Wapta izotz-zelaia Banff iparraldean aurkitzen da, Yoho parkearekin mugakide; zehatzago esanda, Jasperrera daraman errepide famatuaren ondoan, Icefield Highway-aren ondoan. Zenbait glazierren iturburua da: Vulture, Bow eta Peyto, aipagarrienak. Izen bereko eski-zeharkaldia iparretik hegorako noranzkoan burutzen da eta hasiera bi izan ditzake: Peyto aintzira edo Bow aintzira. Peyto-n hasita, lehendabiziko gaua izen bereko babeslekuan egiten da eta ondoren datoz Bow, Balfour eta Scott Duncan babeslekuak. Bow lakuan hasiz gero, izen bereko babeslekuan da lehendabiziko gaua eta ondoren datoz aipatutako beste biak; hau da, Peyto-Bow atala saihesten da. Zeharkaldia hiru egunetan egin daiteke: Bow edo Peytora igo eta lehen gaua egin; ondoren, Balfour edo Scott Duncanen bigarren gaua eta, azken egunean, Highway 1 errepidera jaitsi Zeharkaldia hiru egunetan egin daiteke: Bow edo Peytora igo eta lehen gaua egin; ondoren, Balfour edo Scott Duncanen bigarren gaua eta, azken egunean, Highway 1 errepidera jaitsi. Izotz-zelaiak Waptaz gain Bow-Yoho eski zeharkaldia egiteko aukera ere eskaintzen du, apur bat teknikoagoa den ibilbidea. Bigarren aukera honetan Bow aterpetxetik Balfourrera joan beharrean Guy aterpera zoaz eta hortik Stanley-Mitchelera, baina bukaera Highway 1 errepidean da, honetan ere.Wapta Ibilbidearen mapa, Payto lakutik hasita. (Imanol ELGEZABAL) Waptako abentura Pirineoetan lagunekin neguan ibilaldiak egindakoa naiz, baina Kanadan nahiago nuen gida batekin joan, holako abentura bat behintzat, logistika etabar prestatzea erraztuko zuena. Mendiko aterpeetan ere tokia erreserbatu beharra zegoen, eta, horregatik, hobe antolatutako bidaia batean izena eman. Gure kasuan, Calgaryko Unibertsitateko Kanpo Ekintzen Zentroak antolatutako bidaia izan zen. Horrela, zeharkaldia beste lau lagunekin partekatu nuen: Joshua (gida), Evan, Nick eta Andy. Abentura bost egunetan banatu zen, lasaitasun osoz: lehendabiziko eguna Bow lakutik babeslekura eta han bi gau, bigarren egunean mendiren bat igoz edo eskiatzan pasatuta; hirugarren egunean, Balfourrera joan; laugarren egunean, Scott-Duncanera lotara –horretarako eguraldi ona egin beharko luke ibilbideko zati tekniko eta arriskutsuena baita Balfour-SC etapa–; eta, bostgarren eta azken egunean, errepidera jaitsi, SCtik (espero duguna) edo Bowetik.Mendian gora. (Imanol ELGEZABAL) Lehen eguna Calgaryn goizeko 6etarako Unibertsitatean geunden geldituta handik furgonetan guztiok batera joateko. Izan nuen etxetik irten edo ez zalantza, abentura gehiegizkoa ez ote zen niretzat. Batez ere azken eguneko jaitsierak ematen zidan beldurra (errespetua), baina azkenean… Andy Canmoren elkartu zen gurekin eta Joshua gida Lake Louisen jaso genuen furgonetan. Goizeko 9etarako Bow lakura heldu ginen eta ordurako baziren han beste furgoneta eta auto batzuk, mendian aurkituko genituen egun pasa joandakoak edo, gu bezala, zeharkaldia egitera joanak zirenak eta aterpean aurkituko genituenak. Azken prestaketak egin motxilan, janaria boston artean banatu eta eskiak jantzita –aipatu beharra daukat nik material tekniko gehiena (eskiak, botak, kaskoa…) alokatu egin nuela, unibertsitatean bertan– han abiatu ginen. Lehendabizi laku gainetik, ura izoztuta zegoela baliatuz –egon ezean lakua inguratu behar da, kilometro pare bat gehiago– eta gero ibilbidean zehar. Guztira, 400 metroko desnibel positiboa eta 7.5 kilometro inguruan, eguraldia lagun izango genuen egun bakarra izango zen, ikuspen onekoa, gainontzekoetan lainoa nagusituko baitzen.Bow laku gainetik, zeharkaldiaren hasieran. (Imanol ELGEZABAL) Babeslekura arteko igoerak ez zuen zailtasun teknikorik. Arroila batetik, lehendabizi, eta basoan zehar gero. Azken malda astiro-astiro erraz egin daitekeena. Eguerdiko ordu batetarako iritsita, egunari etekina ateratzeko ordu beteko etenaldiaren ondoren glaziarreko erreskate ikastarotxoa egin genuen, arratsaldean. Abenturan gutakoren batek ezbeharra izanez gero, arrakalaren batekin segurtasunez nola jokatu jakiteko. Glaziarretan erreskateak nola egiten diren Ikasten. (Imanol ELGEZABAL) Waptako aterpetxeetan, eta Kanadako harritsuetako gehienetan, ez dago zaindaririk, baina ondo jagonda daude: sukaldean gasa bada, komunak garbi (zulo bat eta kaixa zilindrikoa azpian) eta logelak txukunak. Batzuetan, komuna ez dago aterpean bertan, kanpo eraikin batean baizik, Bow-en izan ezik. Bigarren eguna Gauean elurra bota zuen. Goizean ere lainoa zen nagusi. Noizbehinka argitzen zuen, baina gehiegi ere ez. Bow babeslekuan gosaldu ondoren, motxilan beharrezko minimoak hartu –gero berriz itzuliko baikinen– eta Bow glaziarrera abiatu ginen, gorantza, Wapta izotz-zelaira heltzeko. Behin izotz-zelaian, banaka, bata bestearen atzetik, Mt Gordon (3.203m) igo genuen, aterpetxetik (900 metro inguruko desnibel positiboa). Teknikoki, ez du zailtasunik igoerak; malda inklinazio gutxikoa da orohar, baina bidea luze egin daiteke; une batean tontorra hor gertu dagoela dirudi eta ez dago hain hurbil. Akaso zailtasuna, edo arreta glaziarrean zeharreko ibilbidea bera da. Tentuz ibili behar da arrakalak saihestu edo hauen gainetik ibiltzerakoan, eta beharrezkoa bada elur-jauzien zunda erabili zorua dagoela ziurtatzeko. Bi ordu ingurutan tontorra egin eta eguraldiak txarrerantz jotzen zuenez, aterpetxera hurbildu ginen. Hirugarren eguna Eguraldia trakets, Bow aterpetik Balfourrera jo genuen. Etapa 8,3 kilometro inguru luze da eta 520 metroko desnibel positibo eta negatiboa du gutxi gorabehera. Bezperan Gordon mendia igotzeko egin bezala, izotz-zelaira igo eta Olive eta St Nicolas tontorren arteko lepo batetik pasatu ginen Vulture glaziarrera, hortik Balfour aterpera eskiatuz maldan behera. Mt Gordonera bidean (eskuinean). Ezkerrean, Mt Olive tontorra. (Imanol ELGEZABAL)Bow glaziarrean gora. Aurrean, St Nicolas tontorra. (Imanol ELGEZABAL) Balfour aterpera Iristen. (Imanol ELGEZABAL)Balfour aterpea. (Imanol ELGEZABAL) Laugarren egunaZirt edo zart. Egunak egokia izan behar zuen ibilbideko zati arriskutsuena segurtasunez eskiatzeko; lanbroak ez zukeen lagunduko, argi edo laino altuak, besterik ez. Hala ezean, buelta eman beharrean aurkituko ginen, berriz Bowra itzultzeko, Scott-Duncan ezagutu gabe. Zorionez, goizak eutsi zion, nahikoa ibilbidea osatzeko, eta suabe-suabe Balfour-SC etapa osatu ahal izan genuen. Mt Gordon eta Mt Olivera, Balfourretik. (Imanol ELGEZABAL) Balfour aterpetik izen bereko lepora jo behar genuen, arrakalaz josia dagoen glaziar batean zehar, ondoko mendiko serac-ek intimidatzen zaituzten bitartean. Etapa 11,2 kilometro luze da, 765 metroko desnibel positiboa du eta 460 negatibo, gutxi gorabehera. Balfourretik SCra egin beharreko ibilbidea. (Imanol ELGEZABAL) Behin Balfourreko lepoan ginela hasi zen lainoa gugana jaisten, baina ordurako Scott-Duncan aurrez aurre genuen, Mt Daly mendiaren magalean. Harantza jo genuen lepoan atseden txiki bat hartu ostean. Leporako igoera sokaz loturik egin genuen; hiru soka batean eta bi, bestean; ni azken, bigarren sokarekin. Eskien azpian gurutzatzen genituen arrakalaren batek gosea balu gu ez irensteko.Mt Daly, puntu beltza mendian. (Imanol ELGEZABAL) Azken eguna Eguneko erronka, abenturako azkena, errepidera jaistea zen. Horretarako, Daly mendia eskuinetik inguratu genuen, beronen eta Niles tontorraren arteko lepora hurbiltzeko eta hemendik Niles arroilan behera. Jaitsiera honek beldurtzen ninduen; lehen eguneko zalantzak honengatik ziren. Joshuari (gidari) aipatu nion powder elurrean malda beherak lasai egiten nituela, eta horrela bide seguruena aurkitu zuen, nire gozamenerako eta taldearen ongizaterako. Erori, erori nintzen, baita, neure burua konfidantzaz maldan behera kurbak ze ongi egiten nituela iritzita, horrek harritu eta despistatuta. Deus ez zitzaidan gertatu eroriko hartan, baina irina zirudien elur horretan altxatzea. Zelako komeriak motxila eta eskiekin! Eskerrak azken eguna zela eta ordurako motxiletan ez zela sobera janari gelditzen. Eskerrak!Jaisteko prest. (Imanol ELGEZABAL) Niles arroilan behera. (Imanol ELGEZABAL) Jaitsiera 14,2 kilometro luze inguru da, SCtik errepidera, Hasieran, 100 metro inguruko igoera txiki bat eta gainontzekoa 1.300 metro aldapa behera. Malda beherak inklinaziorik handiena seigarren kilometro inguruan du, non zuhaitz batzuk saihestu behar diren. Hor erori nintzen, izatez ezer ez zegoen leku batean, behin zuhaitzen oztopoa igarota.Basoan zehar. (Imanol ELGEZABAL) Malda txarrena bukatuta, Sherbrooke lakua pasatzea falta zitzaigun eta hortik azken kilometroa berriz behera errepidera, basotik. Listo, heldu ginen errepide bazterreko jatetxe batera. Abentura ederra Wapta itzulia. Mendiko eskian egin dudan lehendabizikoa (espero azkena ez izatea), lagun giro ederrean egindakoa.