GAIAK

Orube zakar bat, ez dut asko behar

Jon Basaguren, grabaketan. (IZAKI GARDENAK)

Urte asko zeramatzan kanturik sortu gabe. Bai behintzat garai batean sortzen zituen bezala: bakarrik. Beldurrak behar beste aitzakia ematen zion hutsari aurre ez egiteko, eta jakina da laku izoztua dela beldurra, bere gainean ibiliz urratzen dena. Ez zuen horrela azaltzen, jakina. Esaten zuen bere erabakiz zebilela beste gauza batzuetan, ez zeukala gogorik Izaki Gardenak berriz martxan jartzeko, zurrunbilo horretan murgiltzeko. Baina, esan bezala, beldurra den laku hormatuak aspaldi zuen irentsia. Bertan hotz, bertan goxo. Harik eta orube baten promesak jela geruza pitzatu eta sorbaldatik tiraka azalera atera zuen arte. Buru nekatu batentzako hibernazioa etengabe eskatzen ibili zenak epelduko zuen udaberri bat erregutzen zuen orain. Isilean, hori bai.

Ezerezari begietara begiratzeko adorea pilatu zuen, eta deskubritu hustasun hura askatasun oinarrizkoena ere izan zitekeela. Norberaren esku bertan zer eta nola eraiki, zer lehengairekin, norekin partekatu gero, zer garaitan, zein baldintzatan. Askatasuna leku bat izan daiteke, munduan, herri honetan, jendartean, buru barnean. Bai, bazuen disko berri batentzako izenburua: Orube.

Ez zuen ahazten, ordea, zin egin zuela musika berriarekin itzuliko bazen, musika horrek horixe beharko zuela izan: berria. Bai behintzat berak hala sentituko zuena: ibili gabeko bideak, paisaia ezezagunak eta orain arte urrun sentitutako soinuak. Baina apartera jo gabe. Gasteizen imajinatu zuen orubea, eta hiriak zer nolako soinu banda lukeen pentsatu. Bat-batean animaliak desagertu zitzaizkion hitzetatik, balearik ez, sagarroirik ez, sugerik ere ez. Gitarra akustiko garbiak eta piano-organo dotoreak (besteak beste) osagaietatik kanpo geratu ziren. Betiko noranzkoari uko egin eta dibertituko zuen zidorren baten bila hasi zen.

Horra gakoetako bat: dibertitzea. Ondo pasatzen ari zen kantuak lantzen, soinu, efektu eta arreglo desberdinek nola emango lioketen probatzen. Konturatu gabe orduak joaten zitzaizkion oihartzunekin eta erreberberazioekin jolasean, bateriak programatzen eta egitura ez horren agerikoen bila. Garai batean bezala. Hilabete batzuez aritu zen horrela, senari jarraiki, sortze hutsaz gozatzen, gozatze hutsagatik sortzen. Galdutako altxor bat berreskuratu duenaren moduan.

Une batetik aurrera, baina, arrazoia jokoan sartu zen. Zentzu bat bilatu nahi zion egindakoari, disko forma eman momentuz doinu-ideia bilduma baino ez zenari. Eta paradoxa eman dezake, baina arrazoiak eta zentzuak esnatu zizkioten mamuak eta gauerdiko galderak: benetan merezi al zuten kantu haiek? Momentu hartan eder iruditzen zitzaion hura berdin irudituko ote zitzaion hurrengo egunean? Idatzita zituen hitz nahasiek bat egingo al zuten sortu zituen musikekin? Taldekideek nola hartuko zituzten kantu zirriborro haiek?

Beste gako bat: bakardade sentimendua. Ondo lagunduta egon arren, ingurukoen babes eta aholkuak jasota ere, finean erabakiak berak hartu behar zituelako. Berak sortu behar zuelako konfiantzazko burdin jantzi bat, axolagabetasun portzentaje bat ere izango zuena, bertigozko gezi guztiak gelditu ahal izango zituena. Barne guda latza, garai ilunak.

Taldeko kideAK Granadako estudioaren kanpoaldean. (IZAKI GARDENAK)


Argia, baina, taldekideekin kantuak lantzen hastean iritsi zitzaion. Ekarpen bakoitzarekin garbiago ikusten zuen baietz, disko bat egon zitekeela hor. Berak imajinatutakoa hezur-haragitzen zebiltzala, orubean zerbait eraikitzen ari zirela, denen artean. On egin zion kantuak askatzeak eta beste belarri batzuek aditzeak, beste belarri batzuetatik entzuteak. On egin zion bezala kanta haiek aurreikusi gabeko eratan eta norabidetan nola hazten ziren ikusteak.

Aurre egin beharreko mamu bat zuen aurrean oraindik, ordea. Bideo jokoetako azken munstroa bezala agertu zitzaion: hitzak jarri behar zizkien doinuei. Hitz definitiboak, betikotuko zirenak. Azken urteetan idazten joandako esaldi, ideia eta irudiak berrikusi, birpentsatu eta musikekin ezkondu behar zituen. Eta, hau bai, bakarrik egin beharreko lana zen.

Damutu zitzaion azken-azkenerako utzi izana letren kontua. Ordurako doinuak guztiz finkatuta zituen, baita doinu askoren soinuak ere. Silaba honek ‘a’ izan behar du, beste horrek ‘o’, eta abar. Artisau lana izan zen edukiz eta soinuz gustura kantatuko zituen hitzak aurkitzea, abesti haietan betidanik egon izan balira bezala sentituko zituenak. Beste paradoxa bat: zenbat ahalegin eskatzen duen naturaltasunak!

Estudiora joateko garaia ere iritsi zen, halako batean. Kantuetako bat kanpoan uztear izan zen, eta hitzekin zalantzak zeuzkan oraindik, baina azken uneko aldaketarik ez egitea erabaki zuen oraingoan. Zor zion hainbeste hilabeteetako lanari. Granadara abiatu zen taldekideekin, La Mina estudiora. Meatze hartan urrea, burdina ala ikatza, zer aurkituko zuen ez zekiela. Aurreko egunetan horrenbeste buruko min eman zizkioten hitz sortu berriekin ahots grabaketak egiten aritu zen etxean, eta kantuak desitxuratu bezala egin zitzaizkion, haiek abesten ezezagun bat ariko bailitzan. Kezka hori, baina, berarentzat gorde zuen. Espero zuen estudioan soinu ederrak lortzen bazituzten eta giro berezia sortzen bazen, ahots egokia topatuko zuela, aterako zitzaiola. Idatzitako hitzak ez ziren arazoa, kantuak ere ez. Ala?

Andaluziako argiak berea egingo zuen agian, kontua da dena joan zela leun eta goxo. Grabaketa egun (oso) traumatikoak bizitakoa zen, baina guztiz kontrakoa gertatu zen oraingoan. Dena alde izan zuela sentitu zuen. Taldekideak ere pozik ikusi zituen, kantu haiek gustura jotzen. Zerbait betikotzen jarrita, izan dadila zerbait gogoz egina, giro onean, mimoz eta tentuz landua. Ezta? Eta, ahal dela, izan dadila ederra.

Jakina, azken hau beste batzuek epaitu beharko zuten, beste mamu batzuek dudan jarri. Aurrerago izango zen hori, orubean eraikitakoak argia ikustean.