GAIAK
Interview
Ana Maria Zubiaga Elordieta
Jakiundeko lehendakari berria

«Jakin-minaren pizgarri da Jakiunde, arlo ugariz ikastearen gozamena»

Guztiok ukitzen gaituen gaixotasun baten, minbiziaren, ikerketan erreferente da Ana Maria Zubiaga (Forua, 1959). Jakiundeko lehendakariak erran nahi du ikerlarien eta pazienteen denborak ez direla berdinak eta sentitzen duela, baina nahiz eta ez izan etzirako, aunitz direla lanean ari direnak.

Ana Maria Zubiaga Elordieta, UPV/EHUko Leioako campusean. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Ana Maria Zubiaga Elordieta Jakiundeko lehendakari berriak ateak zabaldu dizkigu, hurbil eta atsegin, garrantzitsua izan arren jendartean sobera ezagutzen ez den zientzia, arte eta letren akademia honekiko jakin-mina piztuz, baita minbiziaren inguruan egiten duen ikerketa lanarekiko ere.

Nola aldatu da zure egunerokoa kargua hartu duzunetik?

Ohore bat da Jakiundeko lehendakari izatea. Badira bost urte akademian sartu nintzela eta piloa ikasten ari naiz ze esparru eta diziplina askotako adituen iritziak eta bizipenak hurbiletik ezagutzeko eta eztabaidatzeko aukera ematen du. Aurten, Juan Ignacio Perez Iglesias sailburu izendatu zutenean, Jakiundeko presidente kargua utzi behar zuen. Komentatu zidan ea interesa izango ote nukeen aurkezteko, eta animatu nintzen. Pozgarria izan da kideen babesa, eta ilusioz hartu dut lana.

Kide gazteak sartzeko apustua egin duzue.

Egia da botoa emateko gaitasuna duten kideen batez besteko adina nahiko altua dela, baina lortu dugu gazte batzuk ekartzea. Badaude urgazleak eta urgazle gazteak ere. Odol berria dira. Gazte piloa dago, eta espero dut gehiago egotea.

 

«Nire asmoa Jakiunderen hiru hankak indartzea da: akademia sendotzea baskonia osoan, kanpora begira ekintzak egitea eta aholkularitza ematea»

Erran duzun bezala, Jakiunderen berezitasun bat arlo ezberdinak bateratzea da.

Zientzietakoa, arteetakoa eta letretakoa da gure akademia, hortaz, gure xedea da hiru arlo handi horietan ezagutza sustatzea eta zabaltzea. Barrurantz eta kanporantz begiratzen dugu. Alde batetik, gure ezagutza landu eta geure artean partekatu nahi dugu, eta hein horretan akademia sendotzea nahi dugu baskonia osoan. Beste helburu bat da egon daitezela diziplina anitzak, genero eta belaunaldietan oreka.

Kanpora begira ere hainbat ekintza egiten ditugu. Ezagunenetakoa ‘Jakin-mina’ da, Batxilergoko ikasleei bideratua. Ideia da adituek hitzaldiak ematea euren esparruen inguruan, jakin-min hori pizteko. Euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez egiten dira, eta arrakasta daukate. Bestetik, abuztuan topaketa bat egiten dugu Uxuen, elizpean, oso leku ederrean. Adimen artifiziala eta giza eboluzioa bezalako gai interesgarriak jorratzen dira.

Badaukagu hirugarren helburu bat ere: aholkularitza ematea. Adituak gara hainbat arlotan eta erakundeak interesaturik egon daitezke gure iritzia jakiteko.

Lehendakari gisa, nire asmoa hiru hanka horiek sendotzea da.

Nola antolatzen zarete?

Jakitun osoak, urgazleak eta urgazle gazteak batuta, ehun kidetik gora gara. Urtean bi aldiz elkartzen gara, azaroan eta apirilean. Azken urteetan bezala, azaro honetan Arantzazun bildu ginen. Gure ideia eta interesak partekatu eta eztabaidatzeaz gain, kide berriak aurkeztu genituen eta Rafael Moneo entzutetsua gonbidatu genuen hitzaldi bat ematera. Oso inspiratzailea izan zen.  

Topaketa horietatik kanpo, presidentetzak, idazkariarekin eta mahaiarekin batera, ekintzak antolatzen ditu.

Bilgune eta ekintza horietatik energiaz eta ilusioz betea itzuliko zara.

Bai, bai! Oso interesgarriak izaten dira. Aukeratzen ditugun gaiak, edo norbaitek proposatzen dizkigunak, puri-purian daude. Horixe dauka Jakiundek, interes hori pizten duela, buruari buelta batzuk eman behar dizkiozula. Niri behintzat gozamena ematen dit gehiago jakiteak.

Jakiunde ezagutu nahi duenak zein du hurrengo zita?

Badaukagu webgune bat, jakiunde.eus, hor hurrengo ekintzak agertzen dira. Gure komunikazio plana ez da hain eraginkorra momentuz, kaleko jende askok ez gaitu ezagutzen eta uste dut hor lan gehiago egin beharra daukagula. Asmoa daukagu sare sozialetan gehiago egoteko eta gure burua gehiago agertzeko.

 

«Baserriko alaba naiz eta naturatik oso hurbil egon naiz bizi osoan. Horrek jakin-mina pizten du»

 

Sekulako ibilbide profesionala daukazu. UPV/EHUko Genetikako katedraduna zara, nazioarteko erreferentzia minbiziaren ikerketan. Nondik datorkizu jakin-min hori?

Baserriko alaba naiz eta naturatik oso hurbil egon naiz bizi osoan. Horrek jakin-mina pizten du. Gero, gaztea nintzenean telebistan bazegoen Rodriguez de la Fuenteren programa bat. Naturan dauden indarrei eta arazoei buruz hitz egiten zuen eta horrek ere zabaldu zidan interes hori. Beste gauza asko ere gustatzen zitzaizkidan: matematika, historia... Baina biologia probatzea erabaki nuen, eta ez naiz damutu. Jarraitzen dut gozatzen. Artikulu berri bat irakurtzen dudanean oraindik txundituta geratzen naiz. Lorpenak irakurtzea oso gustuko dut.

Ana Maria Zubiaga Elordieta, UPV/EHUko bere bulegoan lanean. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Zure ikerketa eremua minbiziaren biologiaren eta genetikaren elkargunea da.

Minbiziaren oinarriak ikertzen ditut. Nire formakuntza biologia molekularrean eta genetikan izan da, eta horretaz dakidanez, jakintza horiek elkartzen ditut minbizian dauden galderei erantzuteko. Minbizian mutatutako gene piloa dago, eta gu gene jakin batzuetan zentratu gara: E2F dute izena. Ikuspegi ezberdinetatik landu ditugu: laborategian zelulak aztertuz, animaliak mutatuz eta horiek behatuz, eta giza laginak ikertuz. Gure interesa izan da aztertzea proteina edo gene horiek zer rol daukaten minbiziaren agerpenean, garapenean edota metastasian. Behin hori definituta, has zaitezke pentsatzen proteina horiek inhibitzea, minbizia gelditzen saiatzeko.

Gaur egun minbizia erabat kentzea eta garbitzea pentsatzea nahiko ezinezkoa da; oso kasu gutxitan gertatzen da, baina bai ahal dela geldiaraztea eta kronifikatzea. Horretan ari gara. Guk aztertzen ditugun proteinak bakarrik ezabatuta segurutik ez dugu lortuko baina beste inhibizio batzuekin konbinatuz agian bai.

Guk erabiltzen ditugun inhibitzaileak ezin daitezke klinikara eraman, toxikotasun handia dutelako. Orain begiratzen ari gara ea posible dugun lortzea inhibitzaile hobe batzuk klinikara eramateko. Pauso txikia ematen du, baina oso handia izaten da.

 

«Minbiziari aurre egiteko bada oso eraginkorra izaten ari den lerro bat eta da gure immunitate sistema suspertzea. Sistema hau oso konplexua da eta modu askotara erregulatu daiteke»

Koloneko minbizian aurkikuntza bat egin duzue.

Tumore primarioa jatorrizko organoan dagoena izaten da, baina gero are erasokorragoa bilaka daiteke tumore hori lekuz mugitu eta beste organo bat kaltetzen duenean. Interes handia dago ikerlarien artean ikusteko ea zer den tumore batek duena primarioa denean eta metastasi bilakatu denean, ze ez dira igualak. Koloneko minbizian ikusi dugu tumore primarioan guk aztertzen ditugun proteina horien funtzioa ugaltzera bultzatzea dela eta, aldiz, metastasian kontrako funtzioa betetzen dutela. Erabat harrigarria izan da aurkikuntza. Oraindik ez ditugu bere mekanismoak ezagutzen eta hori jakitea dugu erronka.

Interes handia dago norbere immunitatea bultzatzeko. 

Minbizi zelulek egiten duten gauza bat da immunitatea apaltzea. Bada oso eraginkorra izaten ari den lerro bat eta da gure immunitate sistema suspertzea. Hor bai ari dira ikusten kasu batzuetan pertsonak osatu direla guztiz. Gure immunitate sistema oso konplexua da eta modu askotara erregulatu daiteke. Ikuspegi askotatik aztertu behar da gauza bera. Guk aztertzen ditugun proteinek eragin handia daukate immunitate sisteman eta lanean ari gara ikusteko ea nola suspertu dezakegun immunitate sistema.