DEC. 11 2024 - 20:00h Fermin Muguruzak Iruñean emango dio amaiera 40. urteurren birari Fermin Muguruzak 2025eko urriaren 4ean itxiko du, Iruñeko Nafarroa Arenan, 40. urteurreneko bira, hain zuzen ere Kortaturen ‘Azken Guda Dantza’ kontzertu gogoangarria eman zuen hiri berean. Sarrerak abenduaren 17an jarriko dira salgai, baina NAIZeko harpidedunek aurretik erosteko aukera izango dute. Iruñeko kontzertua iragartzeko karteleko irudia. (TALKA RECORDS) NAIZ «Argi neukan nire azken kontzertua euskaldunon ‘Hiri Buruzagian’ egin nahi nuela, politikoki, emozionalki eta nortasun aldetik horrek duen pisuagatik. Mundua zeharkatuko duen birari "agur" esateko modu polita izango da etxean bukatzea, hainbeste babestu nauten milaka zaleren aurrean». Hitz horiekin iragarri du Fermin Muguruzak urriaren 4ean emango diola amaiera oholtza gainean daramatzan 40 urteak omentzen dituen bira. Beste arrazoi bat ere ekarri du mahaigainera, efemerideak bereziki gustuko dituen musikariak: 1988ko urriaren 1ean ‘Azken Guda Dantza’ kontzertu gogoangarriaren eszenatoki izan zen Iruñea. Nafarroa Arenak hartuko du nazioarteko bira eta abenduaren 17an jarriko dira salgai sarrerak (35 euro gehi gastuak), 09.00etatik aurrera, www.muguruzafm.eus webgunean. Data ez da ausazkoa, egun horretan bertan abiatuko baita nazioarteko bira Biarritzen, duela bost urte hil zen Iñigo anaiaren kontzertu-omenaldiarekin (60 urte beteko zituen abenduaren 17 honetan). Hala ere, NAIZeko harpidedunek sarrerak %20ko beherapenarekin eta aurretiaz lortzeko aukera izango dute: Harpidedunen Txokoan eskuratu ahalko dituzte, ostegun honetako, abenduak 12, 12.00etatik aurrera. Oholtzetatik egingo duen agurra «sekulakoa» izango dela ere iragarri du abeslari irundarrak. Baita, Nafarroa Arenako kontzertuan, Hofe x 4:40' taldea ariko dela ere. Aspaldiko ezagunak dira Muguruza eta Igotz Mendez ‘Hofe’, eta Xabier Lafuente eta Marcos Galech (4:40) musikariekin batera osatu duen proiektu berriarekin batuko da irundarraren festara. Talkatik gogorarazi dute hiru gazte horien arteko lotura musikala nahiko berria bada ere hirukoteak bost urte baino gehiago daramatzala «iruñeko eszenan gerran», aurretik Nibbass kolektiboarekin «Euskal Herriko underground eszenan ospe handia lortu baitzuten». Kontzertuetan, era berean, euskal eszenan ezagunak diren hainbat musikari izango ditu ondoan Muguruzak bere lantaldean: Lide Hernando (gitarra eta ahotsak), Miryam ‘Matah’ (ahotsak), Victor Navarrete (baxua), Gerard ‘Chalart58’ (perkusioa eta dub), Xabi Solano (trikitixa), Jon Elizalde (tronboia), Aritz Lonbide (tronpeta), Igor Ruiz ‘Fino’ (saxoa) eta Gloria Maurel (bateria). Teknikan, Angel Katarain eta Ania Rodriguez izango ditu lagun, soinuan eta teknikan hurrenez hurren. Nazioarteko bira Abenduaren 17an Biarritzen abiatuta, ia urtebeteko bira egingo dute, Bilbo, Tenerife, Bartzelona, Paris, Dublin, Santigo de Chile, Bogota, Erroma eta Tokiotik pasata 2025eko urriaren 4ean bidaia Iruñean itxi arte. «Ohore eta pribilegio bat izango da 40 urteko ibilbide hau agertoki baten gainean ospatu ahal izatea, oso kolpatua dagoen belaunaldi batekoa naizela jakinda. Kontzertu hauek guztiontzat bereziak izatea espero dut, musika, dantza eta errebindikazioaren bidez, oroimen kolektiboko ariketa bat, bizitzaren ospakizun bat eta faxismoaren arbuioa, besarkaden zeremonia bat», esan du Muguruzak. Irundarrak hamaika urte zeramatzan birarik egin gabe eta sarreren salmenta bide onetik doala azaldu dute Talkatik, hainbat sold out-ekin eta Madrilen 10.000 sarrera salduta, esaterako.