DEC. 12 2024 - 16:16h 50. urteurreneko liburua argitaratu du Eresbil Musikaren Euskal Artxiboak Eresbil Musikaren Euskal Artxiboak bere mende erdiko ibilbidea errepasatzen duen ‘Eresbil: 50 urte musika ondarearen zerbitzura’ liburua argitaratu du. Dokumentu-tratamenduan egindako lana ere biltzen du. Eresbilen gaineko liburuaren aurkezpena, Tabakaleran. (Jagoba MANTEROLA) NAIZ Eresbil Euskal Musikaren Artxiboak ostegun honetan aurkeztu du Donostiako Tabalakeran ‘Eresbil: 50 urte musika ondarearen zerbitzura’, bere mende erdiko ibilbidea jasotzen duen argitalpena. Aurkezpenean azaldu dutenez, liburuaren 259 orrialdeetan zehar «xehetasun handiz» ematen da erakundearen ibilbidearen berri eta hamarkadetan zehar egin duen dokumentazio-lana ere biltzen du. «Liburu hau Eresbileko langile guztiei esker posible izan da», azaldu dute Eresbiletik. «Argitalpenaren lehen atala Eresbil Fundazioaren jatorriaren berri ematera bideratuta dago, Errenteriako Andra Mari Abesbatzaren lokalean hasi zenetik, Fatimako Elizaren beheko aldean kokatu zenean eta gaur egungo instalazioetaraino. Halaber, atal honetan ordezkaritza duten konpositoreak aipatzen dira, baita instituzioaren funts-bilduma eta zabalkundea ere», zehaztu dute. Bigarren atalean, aldiz, dokumentu moten eta horien tratamenduaren berri ematen da. Horretarako, dokumentu-tratamenduaren unitateko arduradun bakoitzak kapitulu bat idatzi du: «Artxiboaren historia eta dokumentu-tipologiak sakonki aztertzeaz gain, bakoitzak bere esperientziaren berri eman du, gure musika-ondarearen balioa erakusteko asmoz», nabarmendu dute. Azkenik, lan honek aurrekoek egindako lanari aitortza egin nahi diola ere esan dute: «Eresbilek bere esker ona eta errekonozimendua adierazi nahi dizkie fundazioaren sorrera eta egungo garapenean parte hartu duten eta parte hartzen duten pertsona eta erakunde guztiei».