DEC. 27 2024 - 13:15h 8.000 argitalpen zientifiko gainditu ditu EAEk, %60 aldizkari onenetan; erronka arrakalak dira EAEko 2024ko Zientziaren Txostena aurkeztu dute Ikerbasquek eta Lakuak. Munduko aldizkari zientifiko onenetako ekoizpenaren %0,35 egiten da bertan eta bikaintasunaren adierazle diren ERC laguntza gero eta gehiago jasotzen dira. Genero arrakala gainditzea falta da, baita soziokulturala ere. Ikerbasquek eta Lakuako Gobernuak 2024ko Zientzia Txostena aurkeztu dute ostiral honetan CIC nanoGUNEn. (Jon URBE | FOKU) Maider Iantzi Munduko ekoizpen zientifikoaren %0,2 Araba, Bizkai eta Gipuzkoan egiten da. Aldizkari onenei erreparatzen badiegu, %0,35era igotzen da proportzio hori. Ez da kasualitatea bikaintasunaren adierazle diren ERC Europako laguntza gero eta gehiago jasotzea bertako zientzialariek. 53 ERC proiektu garatu dira guztira, eta horietatik 24 indarrean daude gaur egun. Inoiz baino gehiago dira. Horietxek dira EAEko 2024ko Zientzia Txostenaren aurkezpenean nabarmendu dituzten datu batzuk. Ikerbasquek eta Lakuako Gobernuak osatu dute dokumentua, eta Juan Ignacio Perez Iglesias Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuak egin du balantzea, CIC nanoGUNEn. Emaitzak onak dira oro har, baina emakume eta gizonen arteko aldeak handia izaten jarraitzen du eta hori orekatzeko lanean ari dira, baita goi mailako ezagutza talde sozial guztiei iristeko eta unibertsitateko «arrakala soziokulturala» gainditzeko ere. Azken urtean, 22.800 pertsona baino gehiago aritu dira ikerketan, hau da, ehun langiletik bi baino gehiago. «Hori asko da munduko beste herriekin erkatzen badugu», baloratu du sailburuak. 162 milioi euro Europatik Eustaten arabera, 2022a izan zen I+Gn gehien inbertitu den urtea eta lehenengo aldiz 1.800 milioi eurora hurbildu zen. Berriki 2023ko datuaren aurrerapena argitaratu du, eta 2.002 milioi eurotan kokatu du inbertsioa. BPGaren %2,2 baino gehiago da. Perez Iglesiasek azaldu duenez, hori bat dator Horizon Europe programatik lortutako diruarekin: 2023. urtean 162 milioi euro eskuratu zituen, eta azken 20 urteetan 1.808 milioi euro guztira. Programa honen baitan ematen dira lehen aipatutako ERC laguntzak ere. «Ez da batere erraza Europak diruz finantzatzea, eta hori lortu izanak ikerlarien zein proiektuen kalitatea handia dela frogatzen du», azpimarratu du. UPV/EHUk 4.500 argitalpen indexatu Amaia Esquisabel Ikerkuntza zuzendariak sistemaren aniztasuna azaldu du. Sektoreei dagokienez, unibertsitateak nabarmentzen dira zientzia-ekoizpen osoaren %65ekin eta, horien barnean, UPV/EHU, 2023an indexatutako 4.500 argitalpenekin. Jarraian datoz BERC sarea, zentro teknologikoak eta CIC-IKZ zentroak. Azken hauek gero eta pisu handiagoa dute, osasun zentroekin batera, eta handitzen ari da beren arteko lankidetza. Arloei erreparatzen badiegu, azken hamarkadan gehien ikertzen direnak mantendu egin dira: Medikuntza, Ingeniaritza, Materialen Zientzia, Konputazio Zientziak, Fisika, Astronomia eta Kimika. Giza eta Gizarte Zientzietan gutxiago ekoitzi da baina, era berean, arlo hauxe da hazkunderik handiena izan duena. UPV/EHUk %75 ekoizten du bertan, eta Deustuko Unibertsitateak, %20. Sara Urionabarrenetxea Unibertsitate Politika eta Koordinazio zuzendariak unibertsitateen ekoizpen zientifikoaren kalitatea txalotu du eta UPV/EHU Shangaiko rankinean munduko lehen lau unibertsitate onenen artean kokatzen dela oroitu du. Deustuko Unibertsitateak eta Mondragon Unibertsitateak ere «ezinbesteko ekarpena» egiten dutela agertu du eta hirurek ederki osatzen dutela elkar erantsi du. Munduko bertze unibertsitate eta ikerketa zentroekin elkarlanean ari dira, kalitatea sendotzeko eta garapena era bateratuan egiteko asmoarekin. AEB dute zientzia egiteko kide nagusia. Genero arrakala Datu on horiek guztiak emanda, unibertsitatean, zientzia sistema osoan bezala, genero arrakalak hor dirauela azpimarratu du zuzendariak. Artazi efektua gertatzen da: ikasleen artean emakumeak gehiago izan arren, karreran zenbat eta gorago jo gutxitzen joaten dira. Premiazko jo du Urionabarrenetxeak arrakala hau ixtea, «zientzia inklusibo eta anitzago bat egin ahal izateko». Fernando Cossio Ikerbasqueko zuzendari zientifikoak zehaztu du duela hamar urte aizturraren inflexio puntua aunitzez ere gibelerago zegoela eta orain irakasle titularren parean dagoela ia. Deustun jada iritsi dira parekotasunera eta UPV/EHUn bidean dira, erran du. Hala ere, Perez Iglesiasek defendatu duenez, ez da aski denbora pasatzen uztea, arrakala ixten baitoa, baina sobera motel. Oroitu duenez, joan den irailean Gobernu programa aurkeztu zuenean arrakala murrizteko neurri batzuk proposatu zituen, bertzeak bertze zuzenketa batzuk egitea curriculumaren balorazioan, emakumeek zaintzei eskainitako denborak ez kontatuz, baita estereotipo eta bertzelako genero-alborapenen eraginak gutxitzeko ere. Cossiok kontatu du Ikerbasquen hartzen dituzten zientzia ikerlarien %40k gutxienez emakumezkoak izan behar dutela eta lortzen ari direla. Ez hori bakarrik: azken ERC laguntzetan emakume ikerlarien kopuruak gizonena gainditu du. Muga soziokulturala Generoarena ez da arrakala bakarra; badira gehiago. Hasteko, unibertsitatera iristen diren pertsonak zein diren begiratu du sailburuak eta azaldu du muga ez dela hainbertze ekonomikoa, «matrikulak nahiko merkeak direlako eta diru-laguntza programa anbiziotsuak daudelako». Erran duenez, muga gehiago da «soziokulturala» eta horretarako unibertsitatetik harago doazen politikak behar dira. Bertzetik, goi mailako ezagutza noraino iristen den galdetu du. Iristen al da talde sozial guztietara? Horrek kezkatzen dituenez, konpontzeko zerbait egiteko asmoa dute. Unibertsitateko lan baldintzez Lan baldintzak direla-eta unibertsitateko ikerlariek egin dituzten protestez galdetuta, Iglesiasek erantzun du bi motatako arazoak ikusten dituela. Alde batetik, kontratuei dagokiena, lanaldi partzialak eta hagitz soldata baxuak. Horren konponbide bat unibertsitatean irakasle nahiko izatea da bere ustez, hala ordezkapen beharrik ez izateko. Unibertsitatea prest badago jorratu daitekeen bide bat da hori bere arabera. Bertzetik, karrera zientifikoa «luzeegia» iruditzen zaio. «40 urte ingururekin egonkortzen dira irakasleak eta bitartean ez daude lasai eta gustura. Neurriak hartzen ari gara hori aldatzeko», jakinarazi du. Ekoizpenaren %7,5 patenteetan baliatu da Zientzian erreferente gisa Europa iparraldeko herrialdeak dituztela adierazi du Perez Iglesiasek. «Gero eta hurbilago gaude, baina ez gaude hor, eta horretara jo behar dugu», egin du dei. Hobetzekoen artean aipatu du doktorego-tesi gehiago defendatzea ere. 2022an 576 pertsonak defendatu zituzten tesiak hiru unibertsitateetan eta sailburuak uste du badela kopuru hori handitzeko tartea. «Horretarako erakargarri izan behar dugu pertsona horientzat». Ekoizpen zientifikoaren %7,5 inguru patenteetan aipatzen da, ezagutzaren sorkuntza eta industria lotuz. Sailburuaren ustez datu ona da, baina hor ere bada aurrerapausoak emateko bidea.