FEB. 09 2020 Smartphoneak eta silikona aurpegi-kirurgian Bisaia berri baten peskizan Denise Vicentin ispiluaren aurrean jarri eta negarrez hasi da. 53 urteko brasildar honek begia eta matrailezurraren zati bat galdu zituen minbiziaren eraginez. Aurpegi berria du orain, 3D inprimagailu baten bitartez egindako protesi bati esker. Smartphone bat eta silikona dira bisaia berriaren giltzarri. Gurutze Anduaga Orain badakit kalean nola sentituko naizen. Ez daukat hitzik», esan du Vicentinek artatua izan den Sao Pauloko erietxean. Paulista Unibertsitateko ikertzaileek smartphoneak eta 3D inprimagailuak erabili dituzte silikonazko inplantea sortzeko eredu izan diren aurpegiko espresioak lortzeko. Sistema berritzaile horrek prozesuaren kostuak nabarmen jaisten ditu eta ekoizpenaren denbora erdira mugatzen da. «Lehen lanordu asko behar ziren protesiak eskuz egiteko eta prozesua oso inbasiboa zen», adierazi du ikerketaren buru Rodrigo Salazarrek. «Gaur egun modelo tridimentsionalak sortzen ari gara smartphoneekin ateratako argazkietatik abiatuta». Sistema horrek eredu fidagarri bat lortzea ahalbidetzen du, aurpegiko neurri zehatzak lortuz eta ohi baino askoz prezio baxuagoan. Denise Vicentin Salazar doktoreak artatu dituen berrogeita hamar pazienteetako bat da. 2015ean hasi ziren Salazar eta bere taldea helburu estetikoak dituzten protesi hauek ezartzen. Taldea aurpegi-masailetako protesietan aditua da, eta arrazoi desberdinengatik bisaia desitxuratua duten gaixoekin lan egiten dute. Denise Vicentinen bizitza duela hogeita hamar urte aldatu zen aurpegian sortu zitzaion tumore baten ondorioz. Bi aldiz kendu zioten tumorea, baina handik bi hamarkadara berriro agertu zen. Pixkanaka bere aurpegiko eskuinaldeko hainbat zati galtzen joan da. Smartphone bat erabiliz, Salazar doktoreak haren aurpegiaren hamabost argazki atera zituen, eta hortik abiatuta, eredu digital tridimentsional bat sortu zuen. Helburua: galerarik gabeko aurpegiko ezkerreko zatia eskuinaldean islatzea. Ondoren, 3D inprimaketa erabili zen silikonaz, erretxinaz eta zuntz sintetikoz osatutako protesia sortzeko. Protesiaren eratze prozesua hamabi orduz besterik ez zen luzatu eta kostua nabarmen jaitsi zen. Ohiko prozeduretan 450.000 euroraino igo daiteke gastu ekonomikoa. Teknika berri honekin, smartphone bat eta ordenagailu bat nahikoa dira bizitzari aurpegi berri bat jartzeko.