FEB. 09 2020 IRITZIA Pinomanoak Alaia Martin Politikagintzaren lehen lerroan eskuin muturraren auziak jarri direnetik, hitz egin behar ez liratekeen gai askori buruz hitz egiten sumatzen ditut politikariak. Baimen-eskatuz bezala batzuk, baimen-emanez bezala besteak eta zorionak, beste batzuk, zur eta lur jota. Eskolan zer irakatsi erabaki nahi du alderdi politiko batek. Batek baino gehiagok, baina esateko besteko lotsagabekeriaz, batek. Zer irakatsi erabakitzeaz gain, batez ere eta bereziki, zer ez irakatsi erabaki nahi du. Erabaki bakarrik ez, gurasoek hori erabakitzea erabat zentzuduna dela argudiatzeko gai da. Pin deitu diote, gabonetako parkearen izenarekin inuzenteagoa balitz bezala, mugikorreko gako sinple bat balitz bezala, ezinbestekoa, paparrean harro eramateko moduko zerbait balitz bezala. Pin parentala, gurasoen pina. Pin horrekin agian bat zenbakia bakarrik ikasiko dute haurrek, bat zatiezina dela esango die Matematikako irakasleak. Gorputz Hezkuntzan kirol ezberdinak egingo dituzte *neska-mutilek eta lehiara bideratuta egongo dira guztiak, motelenak eta baldarrenak moteltzat eta baldartzat izendatuko dira eta zigortu. Seguruenik, hizkuntza bakarrarekin aski izango dute eta gaztelera batua ikasiko dute, ez gehiago. Sinesmenak sinesmen otoitz egin beharko dute lehen orduan eta erregela kolperen bat jasoz gero, onbeharrez dela sinetsi eta ikasi. Pina jarriko diote bide heziketari ere eta umeek bideak nahi duten lekutik gurutzatuko dituzte eta handixeagotan, STOPak eta triangelu irauliak interpretatzen ez dute jakingo, pasa egingo dira, behin eta berriz. Astean bitan aldatuko dituzte irakasleak inork lan finkorik eta konfiantzarik ez izateko. Zaborrontzi handi eta bakar bana izango dute gela sarreran zaborra sailkatzen denbora ez galtzeko eta hala emaitza akademikoak hobetzeko argudiopean. Natura edo biologia lantzen dutenean zuhaitzen, mendien eta ibaien izenak ikasi ordez enpresa eraginkorren izenak eta kokalekuak ikasiko dituzte mapamundi karratu batean. Jolasgaraiak bost minutuko iraupena izango du, janari azkar multinazional bateko hanburgesa bat jateko eta freskagarri bat edateko, nahikoa. Inork tarte libre horretan bihurrikeriak egingo balitu salatzeko gune bat egongo da eskolako idazkaritzan eta saritu egingo da salatzailea, gometxa batekin, edo zergatik ez… Pin batekin. Ez dira konpetentziak landuko, konpetentzia landuko da. Sexu heziketarik ez da izango ez aipatuko, jakina, baina zikoina frantsesei buruzko dokumentalak eta Disneyko pelikula klasikoak ikusiko dituzte astean behin. Balio transbertsala hezkidetza izan ordez, ez-kidetza izatea hobetsiko dute. Plastikako klasean…plastikarik ez dute izango, irudimena elikatzeko arriskua saihesteko. Ez pentsa guztia ezezagutza eta inboluzioa izango denik, kultur gaiak ere landuko dituzte. Aste Santuko prozesioetara joango dira Aste Santuan eta zezenketetara joango dira ikasturte amaierako bidaiaren ordez. Ni ez naiz hezkuntzan aditua baina badut proposamen bat: pina Pinaren bultzatzaileei kopetan jartzea, arrisku ikur batekin, bereizgarriak izan daitezen eta beraien aurrean neurriak (h)aurrez hartzeko gai izan gaitezen. Pina jarriko diote bide heziketari ere eta umeek bideak nahi duten lekutik gurutzatuko dituzte eta handixeagotan, STOPak eta triangelu irauliak interpretatzen ez dute jakingo, pasa egingo dira, behin eta berriz.