MAR. 20 2022 Telefono-kabinen heriotzan, agur lagun zahar bati Telefono-kabinak kaletik kendu eta desagertu egingo direla erabaki dute. Eta, horiekin batera, kristalezko sarkofagoan sartuta, aro bat ere badoa. Baita kabina batean sortu edo kabinatik deituz elikatu ziren hamaika istorio ere, oroitzapen kondentsatu bat, bizipen ederrak eta latzak, maitasunezkoak, pikarokeriazkoak, orotarikoak. telefono (Jaizki Fontaneda | Foku) Mikel Zubimendi Ofiziala da, eskelak egunkarian datoz. Extintziora kondenatuta, lagun zahar bat hil zaigu. Daukazun adinaren arabera, zure bizitza osoan ezagutu duzun eta, sarritan, atenditu zaituen laguna. Zirkunstantzia normaletan, lagun zahar baten heriotzagatik mina eta nostalgia adieraziko genuke. Oraingoan, baina, ezta hori ere; indiferentzia totala. Omen, zaharkituta geratu dira, ez dira errentagarriak. Eta arrazoi horregatik telefono linea moztu diete, hilzorian dagoenari tutuak deskonektatzen zaizkion bezala. Hala erabaki du Telefonica konpainiak. Omen, egunean dei bat egiteko ere ez ziren erabiltzen; datuen arabera, 0,37 aldiz. Edonon zeuden, edonorentzat ziren. Komunikazioa eta aterpea eskaintzen zuten gaueko farolak ziren, munduarekin kontaktua izateko puntu bat, hiri eta herrietako paisaian kale-argiak. Euri, haize eta eguraldiaren baldintza kaskarretatik babestu eta pribatutasun maila bat ematen zuten. Baliotsuak izan ziren; askorentzat, ezinbestekoak. Larrialdietarako, familia loturarako, harremanetan jartzeko, edozertarako. Pribatutasun sentsazio bat ematen zuten espazio itxi eta klaustrofobikoak ziren. Ilara luzeak sortzen ziren kabinen aurrean, Gabonetan, oporretan eta ordu seinalatuetan. Eta gertatzen zen ere urrutian ikasten edo lanean zegoen lagunarekin hitz egiteko lauzpabost pertsona sartzea kabina batean; hura festa eta algara! Hori bai, barruan zinenean, ilaran zeudenen begiradek izugarri presionatzen zuten, eta ilaran bazinen, maldizioka bukatu ahal zenuen, barruko hitzontzi astuna madarikatzeraino. Oroitzak, erantzi ezin diren jantziak. Ez oso aspaldi, Euskal Herrian, neska batekin edo mutil batekin amodio kontuetarako lehen hitzordua kabina batetik finkatzen zen. Hitz gozoak esaten ziren kabinetan, hitz zoroak, pasiozko hitzak. Zenbat aldiz ez ote ziren aditzen «maite zaitut», «baita nik ere» eta halakoak telefonotik bestaldekoari esaten; zenbatetan, «goizean ez dut gosaltzen zugan pentsatuz» eta «eguerdian ez dut bazkaltzen, iluntzean ez dut afaltzen, zugan pentsatuz», eta azkenean «eta gauean ez dut lorik egiten, zure gose naizelako». Zenbat telefono dei, zenbat maite kontu eta sekretu. Soldadu zegoenak kuarteletik atera eta kabina bilatzen zuen etxera deitzeko; itsasoan zegoenak lehorreratu eta portuko kabinatik bertatik deitzen zuen; bidaiariek, turistek, iritsi eta lehen-lehenik kabina bat bilatzen zuten. Etxean telefonoa izatea arraroa zen garaian jendarteratu ziren; jende pila batek deitzen zuen. Nahiz eta etxean telefono finkoa izan, kaleko kabinako intimitatea nahiago izaten zuten askok; beste askatasun bat ematen zuen, komunikaziorako fenomenologia guztiz ezberdina. Denonak ziren eraikin txikiak ziren, irekiak, bene-benetan publikoak. Baina, askotan, metamorfosi kuriosoa izan zuten: zerbitzu publiko izatetik bandalismoaren jomuga izatera pasatu zirelako. Usain nazkagarria zuten askotan, txiza usaina ere bai, eta zoruan zigarro-puntak barra-barra izaten ziren. Kabinara sartu eta ke-hodeiak topatu ahal zenituen; alkoholaren eta haxixaren lurrin susmagarriak arnasten ziren askotan. Errotuladoreekin egindako pintada erreibindikatiboak eta mezuak ugariak ziren. Eta prostituten iragarkiak beiran, eta lan eskaintzak, edo hauteskundetarako propaganda. Telefono-kabinak insurjentzia eta klandestinitate ezberdinen tresna izan dira, baita Euskal Herrian ere. Hitzorduak finkatzeko, aldarrikapenak egiteko, lehergailuen lekuaz eta orduaz ohartarazteko. Eta kontrainsurjentziarako ere erabili dira. ETAko “Gipuzkoa komandoa” harrapatzeko Guardia Zibilak herrialde osoko telefono-kabina guztiak kontrolatu zituen, ordu zehatz batean kabinatik deitzen zuen oro atxilotzeko. Are gehiago, Telefonica Estatuaren konpainia eta sinbolo izanda, kabinei ere erasotzen zitzaien, eta tragediak ere gertatu ziren, erredura eta zauri beldurgarriak. Pikarokerian trebatzeko eskola. Sartu, eta askotan telefonoa puskatuta, txikituta, aurkitzen zenuen. Zortedun bazinen, behin baino gehiagotan hasten zen klonk eta klonk duroak sartu eta irensten. Eta askotan komunikazioa eten egiten zen. Edo zarata karrankari bat errebotatzen zuen telefonoak, linearen bestaldean txistu arraroak entzuten ziren, klonk eta klonk dirua gastatu arte. Eta lapurtua sentitzen zinen, ziria sartu zizutela, askotan. Ogerlekoak irentsi eta ez zituen bueltak ematen, edo nahieran ematen zituen, batzuetan bai eta beste batzuetan ez. Ondorioz, jokabide bat zabaldu zen: aurreko erabiltzaileak kanbioak utzi ote zituen egiaztatzea. Eta sarritan aurkitzen zenituen txanponak. Gaztetxoek eta helduek hatz erakuslea sartzen zuten ea zorterik zuten ikusteko; batzuek, goxokietan edo tabernetako martetarren makinetan gastatzeko, besteek beren dei berria finantzatzeko. Areago, pikarokerietan trebatzen hasteko eskolatxoa ere izan ziren kabinak, alanbrezko gantxoarekin txanponak lortzeko teknikak perfekzionatu baitziren, edota haritxoa bost duroko txaponean jarrita deia dohainik egin eta dirua berreskuratzekoa. «Cellular killed the payphone star». Kabina XIX. mendeko telefono asmakizuna izan zen eta XX. mendean arrakasta totala eskuratu zuen. Heriotzarako kondena XX. mendeko telefono asmakizun berria izan zen: mugikorra. The Buggles taldearen “Video kill the radio star” abestia gogoan, erraz esan daiteke hemen «cellular killed the payphone star». Egun, telefono mugikorraren edo smartphonearen, «hain praktikoak» diren gailuen, menpeko gara. «Digitalizazio orokorra» dekretatu da eta onartu egin dugu. Telefono-mugikorrik ez izatearen askatasuna galdu egin da, miatua, ebaluatua, kalkulatua, QRan kodifikatua ez izateko eskubidea bezala. Eguneroko gauza oinarrizkoenetarako nahitaezko bihurtu dira. Horrelakoa da digitalizazia, horrelakoak bere ametsa eta promesa. Telefono-kabina horren guztiaren kontraeredua da. Eta pentsatzen jarrita, irudika dezakegu biharko Euskal Herrian guraso eta seme-alabak film zahar bat ikusten, gozo-gozo, familia giroan, “Superman” ikusten eta umeak galdetzen diela: «Ama? Zer da Superman arropaz aldatzen den kutxa arraro hori? Eta, seguru asko, barrez lehertuko dira gure umeak aspaldi telefonoak hor gordetzen zirela jakitean. Egoera eta dimentsio ezberdinen artean trantsizio leku. Telefono-kabinek hortxe jarraituko dute, kaleek gordetzen duten oroitzapen fisiko edo ukigarriaz harago, zinemako pelikula historiko askotako protagonista ere izan delako. Ez da Supermanen aldagela soilik izan, Clark Kent super heroi bihurtzen zen lekua. Nork ez du Alfred Hitchcocken “Txoriak” filmeko eszena beldurgarri hura gogoratzen, Tippi Hedren hegaztien eraso basatitik ihesi kabinan aterpetu zenekoa, beleek kabinaren beiraren aurka jotzen zutela. Edota Collin Farrel irlandarra “Phone Booth” filmean, frankotiratzaile baten zepoan kabinan harrapatuta geratzen zenekoa. Matrixen ere ikusi ditugu. Gogoratzekoa ere, Antonio Merceroren “La Cabina” film surrealista. Jose Luis Lopez Vazquez dei bat egitera sartu eta telefonoa puskatuta aurkitu ostean, bertatik ezin irtenda gelditzen da, ateak ireki ezinda; kanpoan dagoen jendeak ere ezin du. Nola ahaztu eszena gogoangarria, kabina osoa kamioian sartu eta basapizti bat bezala kaiolatuta eramaten dutenekoa, eta kamioian, auto-ilaran geratuta, kabinan preso hartuta zeukatela, nola ikusten duen beste kabina bat, beste preso bat barruan duela. Eta, bizirik edo hilda, harrapatutako jendea duten kabinez betetako lur azpiko biltegi handi batean nola bukatzen duen. Bai, zineman eta errealitatean, kabinak trantsizio leku izan dira, egoera ezberdinen artean, dimentsioen artean jauzi egiteko. Psikologikoki halako egonezin bat sortzen zuten, isolatua sentitzearen zera bat. Sentsazio arraro bat, urrutian zegoenarekin berbetan (edo ez) zeundela, babestuta bazeunde bezala baina jende guztiaren begien aurrean egonik. Ezertarako eta edozein gauzatarako. Aro digital honetan inportantea da gure historia industrialean paper garrantzitsua jokatu duten egitura hauek gordetzea. Britainiarrak nabarmendu dira horretan. Agian miniaturazko eraikin bitxi honen adierazpen perfektuena britainiarren K2 kabina gorri bereziak dira. Beste toki eta tenperatura batzuetan, arkitektura ezberdinak hartzen zituzten, brisa pasatzen uzteko zirrikituak zeuzkaten edo irekiak ziren. Edo telefonoa zeukan zutoin bat besterik ez. Baina bertsio britainiarra sendoagoa zen, burdinazkoa, arkitektonikoagoa, ikusgarriagoa. Londresen, adibidez, erregina, Big Ben edo Shakespeare bezala, ikono bihurtu dira, kuriositatea pizten duten objektu, aro digital honetan turistentzako atrakzio. Telefono-kabinak paisaia urbanoaren erlikia bilakatu dituzte Britainia Handian. Herrialdearen sinbolo historikoa eta nazioartekoa, merchandisingerako amu bat. Publikoa, eta kuriosoa ere bai, baina ezertarako balio ez duena. Eta, era berean, edozer gauza bihur daitekeena; tabernetako altzari, edo dendetan bezeroaren arreta erakartzeko apaingarri, edo hotel xelebreetan dutxa, baita mikrobiblioteka ere, eta asko desfibriladore gune bihurtu dituzte. Ahaleginak egin dira kabinak negozio bilakatzeko, telefono mugikorrak kargatzeko edo konpontzeko puntu bihurtuta. Txinan eta Hegoafrikan wifi routerrak izateko metamorfizatu dituzte; beste herrialde batzuetan auto elektrikoen karga leku. Ia-ia edozein gauza. Akaso bakarren bat lagako dute eta bigarren bizitza bat emango diote. Oroigarri gisa akaso, aspaldi teknologiak egin zuen jauzi handi baten sinbolo, eta, orain, museoko pieza eginda. Akaso. Ondarearen parte direlako, babestea merezi duen ikono, beren balio sinboliko edo arkitektonikoa aitortuz. Baina telefono-kabinen patua idatzita dago. Eta kabina horretan sartuta, hilkutxa batean bezala, lurperatuko dira bizipen kontaezinak, eta garai oso baten memoria kolektiboa.