7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Arrastoak hormetan


Etxea garbi edo txukun antzean mantentzeak lanak ematen ditu. Lanak ematen dizkie batzuei; beste batzuei asko ez. Garbia garbitzen aritzen dira batzuk, eta beste zenbait ohitu egiten da neurri batera arteko zikinean zer garbiturik ez ikusten. Okerrenera jota, hauts eta zikin artean eroso samar moldatzen direnak ere badira, gauzen egoera normala horixe izan litekeela onartuz, zikintasun orokorra hausten duen mokordorik edo garbigunerik ez dagoen bitartean behintzat.

Izango da etxeko hormak belaunaldian behin zuritzeari nahikoa irizten dionik, eta izango da zeregin hori bisurtetik bisurtera egin behar dela dionik. Eman zaion koloreak distira galdu edo beste baten tonua hartu ahala alda litezke iritziak. Dena den, lan handiak ematen dizkigute hormek, etxekoek bezala kaleetakoek, komisaria, kuartel edo espetxeetako ziegetakoek, nonahikoek. Margoren bat, letraren batzuk, kode itxurako marraren bat ikusi orduko hor doaz ezabatzaileak, ber-pintatzaileak, ber-ezartzaileak, ber-idazleak... Lehenaren gainean pintatzea, lehengoa ezabatuz idaztea ere bada, eta iragana mututuz kontatzea.

Arautu dugu dena eta hormetan pintatzea arauek agintzen dute; non eta nola eta nork. Ezin da edozelan margorik egin kalean, ezin da edozein moduzko zeinu-marra eta pintaketarik egin erakusleiho handi-eder horietan, alboan edo inguruan pasatzean susmagarri iruditzen zaizkigun eraikuntzetan, banketxeen ateetan… Ezin da. Eta etxeko horma orbangabeak ez zikintzen eta haietan ezer ez margotzen erakusten diegu pintatzearen eta arrastoak egitearen lilura deskubritu duten haurrei. Margotzekoak eman bai, baina «hormarik ez margotu, gero!», agintzen diegu zorrotz.

Eta Paleolitoan etxetzat zuten koba zuloko horma eta harrietan irudiak marrazten utzi izan ez baliete tribuko haurrei edo txoriburuei? Nola erreparatuko genioke gaur inoiz itzuliko ez den denbora haietako kulturari? Nola atzeman orduko adierazpen grafikoen arrastoak? Imajinatu Ekain, Santimamiñe, Altxerri, Izturitze... haitzuloak hormetan margorik gabe. Harri soilak ezer gabe, aurretik bizi izandakoen aztarnarik gabe.

Agian ez zuten margoak eta marrak eternitate guztirako erakusgai uzteko pretentsiorik. Baina bizi ziren lekuetako hormetan dotoreziaren aztarnak eta aztarnen dotorezia ez debekatzeko gustu ona izan zuten, Lexuri.