JUL. 03 2022 Diktadoreen arteko kontrabandoa Wolframaren kontrabandoa Bere propietateak Euskal Herrian aurkitu, eta bertatik pasatu zen kontrabandoan nazientzat. Hona mineral honen euskal historia, herrikoa ez zen beste eskala bateko kontrabandoarena. Mikel Zubimendi Gurasoak etxalartarrak zituela Irunen 1961ean jaioa, urte askotan Berako institutuan irakasle aritutakoa, Rosa Arburua Goienetxe nonbaitekoa izatekotan Bidasokoa da, peto-petoa. Pedagogian doktore, EHUko irakasle, pertsona gutxi izango dira bera bezala mugaldeko lur eta ur horietan izan den kontrabandoa ikertu dutenak. Oraingoan, herrikoa, ia etxe guztietakoa, izan zen kontrabandoaz ez baizik eta beste eskala bateko eta ikaragarrizko dirutza mugitu zuen bestelako kontrabando batez aritzeko egin dugu hitzordua Hondarribian. Alemania naziaren alde egin zen kontrabandoaz, tren, kamioi eta txalupetan, eta baita mendi pasoetan ere, frankistak, aliatuak eta espiak kezkatzen zituena, egun ere lekukoak bilatu eta hitz egiteko oso delikatua den kontrabandoaz. “Wolframa, diktadoreen arteko kontrabandoa” argitaratu duen bere liburua lagun, wolframaz aritu gara Arburuarekin, Bigarren Mundu Gerra betean armagintzarako estrategikoa izan zen mineralaz. Euskal Herrian bertan, Bergarako Seminarioan, Elhuyar anaiek aurkitu zutena. Bere garaian munduari argia eman, milioika bonbillari harizpia, eta ondoren gerrarako ezinbesteko bilakatu zena. Euskal Herrian, bi Euskal Herrietan, errotuta dagoen historia bat biluztu dugu berarekin, Ilustrazio Arotik Bigarren Mundu Gerrarainokoa, gure herriaren zainetan dabiltzan hainbat kontakizun eta gertaera lehen lerrora ekarriz. Kontrabandoa herri lanbide. Nola iritsi zen Rosa Arburua wolframaren kontrabandora? “1940-1960 Bortzirietako gazteak” bere liburuaz hasi beharko genuke agian, gerra ondoren Bortzirietako gazteak baserrietako lana egiteaz gain ea zer beste lanetan ibiltzen ote ziren ikertzen hasi zenekotik. Batzuk Ternuara joan ziren, nahiz eta menditarrak izan han arrantzan aritzera; neskak sasoian bestaldera joaten ziren hoteletan-eta lana egiteko; Ameriketara artzain ere joan ziren, mendiko lanetan ere ibili ziren… baina nahiz eta lan hauetan ibili, kontrabandoan ere ibiltzen zirela beti-beti azaltzen zen. Kontrabandoa garai hartan, modu batean edo bestean, denek parte hartu zuten lanbidea izan zelako. Arburuak, gurasoak etxalartarrak izanik, etxetik ezagutzen zituen istorio hauek, oso erakargarriak egiten zitzaizkion. Eta bere buruari agindu zion kontrabandoari buruz gehiago aztertu behar zuela. Etxean esaten zioten kontrabandoa han betidanik egon dela, baina «betidanik» hori ez zekien zer izan zen. Eta hasi zen arakatzen, eta Alberdaniak argitaratutako “Gau lana, kontrabandoa Bidasoan” liburua atera zuen. Hor ikerketak egiten hasi zen eta ikusi zuen baietz, mugak izan direnetik, zergak ordaindu behar eta ez ordaintzeko zeharkako bideak erabili zirenetik izan zela kontrabandoa. Kontrabandoaren barruan oso interesantea iruditu zitzaion, ez baitzuen ezagutzen, jendea ere pasatu zela, hori ere kontrabandoa zela. Paperik gabeko milaka pertsona mugalariekin pasatu ziren, beste kontrabandoetan aritzen zirenekin, gehienbat portugaldarrak, milaka eta milaka. Interesantea iruditu zitzaion, eta beste ikerketa bat egin zuen. Beste liburu bat argitaratu zuen, portugesez eta frantsesez ere bai. Kontu serio eta delikatua. Horrekin guztiarekin ari zela, Irunen entzun zuen nola oso inportantea izan zen Bigarren Mundu Gerran wolframaren kontrabandoa. Wolframaren kontrabandoa? Arburua harrituta utzi zuen, jakin-minak aztoratu zizkion berriak, eta aipatu besterik egin ez zioten arren, ikertzen hasi zen. Gure mugatik pasatua zela bazekien, baina agiririk ez zuen topatu. Gainera, jendea honen inguruan hitz egiteko gogoz ez zegoen, ez zuen bat bera ere topatu «nik wolframaren kontrabandoan jardun nuen» aipatu zionik. Izan ere, wolframaren kontrabandoa beste zer bat zen, erabat ezberdina. Erregimen frankistaren jendeak egin zuen bereziki. Funtzionarioak eta kargu politikoak oso sartuta zeuden. Irabazi izugarriak zituen kontrabando batez ari gara, gau lan tradizionalarekin zerikusi gutxi zeukana. Arburuak aipatu digunez, Bortzirietako kontrabandistek ez zekiten ezer, arraroa egiten zitzaien, eta askok lehen aldiz entzun zuten «wolfram» hitza berak galdetu zienean. Aliatuak, naziak, frankistak, armagintza… kontu serioa zen, ez edozer gauza. Delikatua zen eta da, zeren aleman nazientzat ari ziren kontrabandoan pasatzen. Orain aurkitu du aurrenekoz horren inguruan hitz egiteko prest dagoen pertsona bat. Wolframa, Euskal Herriko itzulian. Eta horrela hasi zen Arburua ere ikasten. Eta ohartu zen wolframak Euskal Herriko itzulia egiten duela, kristoren lotura daukala gure herriarekin, gainera bi Euskal Herriekin. Elhuyartarren ama eta aita Hazparne eta Donibane Lohizunekoak ziren, eta gero pasatuko ziren Bergaratik, euskal ilustrazioaren sehaskatik, Azkoitiko caballerito-ek –Xabier Maria de Munibe, Peñafloridako kondea, Joaquin de Eguia, Narroseko markesa eta Manuel Ignacio de Altuna– 1764an Azkoitian sortutako Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak bultzatutako kimika laborategitik. Eta gero buelta ematen du historiak, mende eta erdi geroago, gutxi gorabehera, berriz etortzeko Euskal Herrira kontrabandoaren forman. Kontatu eta gogoan hartu behar den euskal historia bat dauka wolframak, bai. Euskal Herrian zientziak Elhuyarrekin errimatzen du. Elhuyar leinua, esan bezala, Hazparneko Elizaldea etxekoa da, Juan Elhuyar zuen grazia aitak; eta, amak, Ursula Lubize, Donibane Lohizuneko Gratxenea etxean sortua. Haien semeak izan ziren Fausto eta Juan Jose, sona handia hartu zuten Elhuyar anaiak, Fermin eta Maria Lorenza anai-arrebak ere bazeuzkatenak. Juan Elhuyar sendagilea zen, eta ez nolanahikoa. Sendagilea baino hobe da zirujau latinoa zela aipatzea, espezialista bat, medikuntza ikasketa sakonagoak egin eta latina ere jakin behar zuten horietakoa. Ospe handiko zirujaua izan zen, XVIII. mendean kataratak operatzen zituena, eta, diotenez, zesarea bat egin eta emakumea bizirik ateratzen lehena izan zen. Ilustrazioaren semea izan zen elhuyartarren aita, antiklerikala, begirada irekia eta ideia aurrerazaleak zituena. Ideia berdintsuak zituzten beste euskal herritar batzuekin Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko (Real Sociedad Bascongada de los Amigos del País) partaidea izan zena. Goren mailako ikasketak. Baina dirua, ospea baino dirua, ez zuen zirujau jornalarekin egin. Pattarrarekin aberastu zen. Kimika eta bere prozesuak ezagutzen zituen eta pattarra egiteko modu berri bat asmatu zuen. Prozesu kimikoan lortu zuen alkohola ardo modura saltzerik ez zegoenez, pattar modura salduz diru pila bat egin zuen. Pattar hark industria bat sortu zuen, Juan Elhuyarren hitzetan, «en la Rioxa y en parte del Reino de Navarra». Eta mahasgileak ere aberastu zituen, hala esaten zuen Juanek, «Viana, Los Arcos eta Lodosakoak, Villarroya, Murillo eta Navarretekoak, La Puebla eta Eltziegokoak». Eta pattar hark merkataritza sare bat hedatu zuen, El Ferroletik Donostiarainokoa. Erreal asko gastatu zituen Juanek bere semeen irakaskuntzan. Fausto eta Juan Josek Parisen ikasi zuten, eta baita Alemaniako Freibergen ere. Kimika, fisika eta mineralen arloan espezializatu ziren batez ere. Europako meategiak eta fundizioak ezagutu zituzten, ustiatzeko prozesuak zein ziren bazekiten. Goren mailakoak izan ziren. Vienan bi anaien arteko bideak banatu ziren: Juan Josek Suediara jo zuen, Uppsalan goi mailako Kimika ikasketak egitera, eta Faustok, Bergarara jo zuen, katedra eskuraturik, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak Seminarioan antolatu zuen Laboratorium Chemicum-en irakasle aritzeko. Espioi euskaldunak, euskaraz. Elhuyartarren aurkikuntza Espainia eta Ingalaterraren arteko gerraren testuinguruan kokatu behar da, eta wolframaren kontrabandoa aliatuen eta nazien arteko Bigarren Mundu Gerran. Bietan azalduko dira gerrak, espioiak…. Eskoziako Carron kanoi fabrikan espiatu zezaten, Espainiako Gobernuak Euskalerriko Adiskideen Elkartearekin tratua egin zuen: «Zuek ekartzen badidazue ingelesek Eskoziako Carrongo fabriketan kanoien produkzioan erabiltzen dituzten aleazio, material eta prozeduren berri, guk Bergarako Seminarioan Laboratorium Chemicus eta institutu metalurgikoa finantzatuko ditugu». Espainia eta Ingalaterra gerran zeuden garai hartan. Eta kanoietan aurreratuagoak zeuden ingelesak. Eskoziako Carron konpainiaren kanoiak eta fabrikazioaren teknikak ezagutu nahi zituen Espainiako Gobernuak eta espioiak Carrongo artilleria fabriketara bidaltzea erabaki zuen. Hartara, Euskalerriaren Adiskideen Elkartea aritu zen Espainiako Koroarentzako espioi bila. Tratuaren arabera, espioiak «vizcaino»-ak izan behar ziren, «porque son hombres capaces de todo… por su carácter silencioso, su habilidad, su genio laborioso…». Eta Elkartearen sortzaileak berak, Peñafloridako kondeak, prestatu zizkion zereginak misioaren buru egin zuen Juan Jose Elhuyarri, «vizcaino»-a izan ez arren beste euskaldun batekin abiatzekoa zena, Jose Martinez nafarrarekin. Plana honakoa zen: Suedian ikasten zegoela baliatuz, bertatik abiatuta Eskoziako Carrongo fabrikan sartzea lortu behar zuen, alemana zela esanez, susmorik altxatu gabe. Eta beste agindu bat ere eman zioten: lortzen zituzten informazioak pasatzeko euskara erabili behar zuela. Euskara, hemen ere, Bigarren Mundu Gerran bezala, espioi lanetarako hizkuntza aproposa. Euskal Herriak munduari argia. Baina Juan Josek ez zituen aginduak bete. Suedian ere bazeudela fabrika eta prozesu oso interesgarriak erabakita, hara jo zuen. Espainiako Gobernua ez zegoen pozik, baina Juan Josek ez zuen atzera egin. Suediatik itzuli zenean, bere anaia Fausto jada Bergaran zegoen, eta hortxe egin zuten aurkikuntza ikaragarri hura. Wolframaren propietateak 1783an aurkitu zituzten, ikaragarrizkoa izan zena bere garairako. «Wolfram», alemanetik etorritako hitza da: wolf-rahm, hots, otsoaren aparra. Anglo-saxoiek tungsteno hitza hobetsi zuten, suediar hizkuntzako tung (astuna) eta sten (harria) hitzen kidetasunetik. Otsoaren aparra edo harri astuna, berdin da. Elhuyartarrek aurkitutako wolframa, esan bezala, bonbillen harizpiak egiteko erabili zen, haiei esker milioka bonbillak mundua argitu zuten. Baina aurkikuntzak bere alde iluna ere izan zuen, imajinatu ezin zuten erabilera ere izan zuelako: armagintzarako, gudarako teknologia gogortzeko ezinbestekoa izan zen. Izan ere, mineral horrek fusio eta irakin puntu oso altua zuen, gogortasun handikoa zen, eta gurdi blindatuak, motorren balbulak ixteko, suziriak egiteko, hegazkinen motorretan… gerrarako tresneriaren gogortasuna ziurtatzen zuen. Alemanak izan ziren lehenak wolframa armadarako erabiltzen, balak, dena, gogorrago ekoiztea abantaila handia baitzen. Mineral estrategikoa. Bigarren Mundu Gerraren aurretik wolframa Txinatik ekartzen zuten alemanek, baita Indiatik ere. Baina naziek Errusiaren aurka lehen erasoak egitearekin batera, errusiarrek minerala Txinatik trenez ekartzeko aukerak eta bideak moztu zituzten, eta beste irtenbide bat behar zuten. Europako wolframaren %95 Iberiar penintsulan zegoen, ekialdean, Galizian, Bierzon, Salamancan eta Portugalen. Eta bat-batean hango wolfram meategiak oso desiragarriak bilakatu ziren. Bai alemanentzat eta bai aliatuentzat. Eta nola ez, bi uren artean nabigatu nahi zuten frankistentzat ere bai, bai. Aipatu bezala, segur aski Elhuyar anaiek ez lukete halakorik inoiz imajinatuko. Baina beren aurkikuntzak fusio kimikoa oso handia zuenez, eta gogortasuna ematen zienez armamentu guztiei, tankeei, obusei, balei, denei, alemanek nahi zuten eta aliatuek, tugstenoa zuten arren, ez zuten nahi alemanek wolframa edukitzea. Eta hori zen jokoa, hor hasten da dena. Wolframa legalki erosterik zegoenean prezioak izugarri igotzen ziren, izugarri. Baina momentu batean, aliatuek Espainiako Gobernuari esan zioten: jarraitzen baduzue wolframa alemanei saltzen guk ez dizuegu petroliorik salduko. Ataka larria zen frankistentzat. Alemanekin zor handiak zituzten kitatzeko 1936ko gerran eman zieten laguntzagatik. Baina petroliorik gabe, pikutara joan ahal ziren. Mineralak garrantzi oso handia hartu zuen, estrategikoa izan zen edonondik begiratuta ere. Aliatuek alemanek baino wolfram gehiago erosi nahi zuten eta horrela alemanen inportazioa geratzea, edo gutxitzea. Prezioak gora egiten zuen etengabe. Espainian 1942an wolfram tona 125.000 pezetatan saltzen zen, eta urte bat geroago, 1943an, 170.000-285.000 artera igo zen. Zeinek gehiago ordaindu, wolfram gehiago eramaten zuen, eta lehia horrek prezioak igo besterik ez zuen egiten. Naziak kontentatu, aliatuak ez amorratu. Espainian Alemaniako enbaxadore zen Hans Heinrich Dieckhoffek Industria ministro frankista zen Carcelleri aitortu zionez: «Guretzat wolframa gizonarentzat odola bezain garrantzitsua da». Eta Espainiak naziekin egindako zorrak kitatzeko zeuzkan, eta wolfram esportazioei esker dirutza lortzeko aukera, horretarako oreka inposible bat egin behar bazuten ere: lagun naziak kontentatu eta aliatuak ez amorratu. Hor lehia oso gogorra izan zen agintaritza frankistan. Gomez-Jordana Atzerriko ministroa aliatuekin akordio bat sinatzearen aldekoa zen, eta hala egin zen 1944ko maiatzaren 2an: Espainiak ez zion hiru hilabetez wolframik salduko alemanei eta gero kuota batzuk jarriko zituen salmentarako. Baina bi egun geroago aliatuek salatu zutenez, wolframa kontrabandoan pasatzen segitzen zuten frankistek, tonaka eta tonaka. Tirabirak sortu ziren, aliatuen eta Espainiaren artean; tirabirak, Espainiako gobernukideen artean ere, bereziki Atzerri ministroaren eta Industria eta Merkataritza ministroen artean. Informazioa filtratzea ohikoa zen, gezurrak, salaketak, azpijokoak… Francok honen guztiaren berri bazuen, baina ezjakinarena egiten zuen. Eta bitartean, aliatuen kalkulua argia zen: sei urtez alemanak wolframik gabe utziz gero, gudan abantaila handia hartuko lukete, garaipenaren atarian kokatuko lituzke horrek. Kontrabandorako logistika. Wolframa legez saltzerik ez zegoenean, kontrabandorako logistika itzela antolatu zen. Aduanak, RENFE, SNCF eta Espainiako kontsulatua Hendaian, denak egon ziren modu batean ala bestean sartuta. Dirutza izugarria mugitzen zuen, milaka tona pasatu ziren, baina esku gutxi batzuetan geratzen zen dirua. Euskal Herrian ezagutu dugun beste kontrabando horrekin, kafea, almendrak, emakumeentzako gonetan erabiltzen ziren puntillekin, Herbehereetatik ekarri eta Kataluniako ehungintza industriara bideratzen zena, oso herrikoa zen kontrabando horrekin ez zuen ikustekorik. Galizia eta Portugaldik ekarri behar zen minerala, eta Euskal Herrian biltegiak behar ziren. Bazen bat Errenterian, eta beste batzuk Irunen. Aliatuen espioiek salatzen zutenez, Irungo Marion biltegia, alemanen HISMA (Hispano-Marokkanische Transport-Aktiengesellschaft) eta Hermann Göringen aginduz sorturiko ROWA (Rohstoff-Waren-Kompensation Handelsgesellschaft) konpainiak bat egitean sortu zen Sofindus taldearena zena, oso inportantea izan zen. Handik wolframa beste biltegi batzuetara pasatzen zen, eta gero gabarraz Hendaiara garraiatzen zuten, edo kamioietan sartu eta behar zen tokietara eraman, eta kamioietan zuzenean trenetaraino. Testigantza gutxi egon arren, aliatuek espioitza lan ona egin zuten eta txosten pila bat helarazi zituzten Madrilera kontrabando haren berri emanez: «Maiatzaren 5ean Izpegi menditik bost tona»; «Gauez, Erratzutik, 98. mugarria dagoen Bekaitz oihanetik, hamabost bat kontrabandistak zain zituzten bi kamioi alemanetaraino beste 5 tona»; «Maiatzaren 24an, SA-3962 matrikuladun kamioia Irun-Hendaia errepidean harrapatu zuten 20-30 tona zeramatzala»; «Maiatzaren 28an, 40-42 tona Irungo Marion biltegian bildu ondoren 5 kamioi pasatu ziren Hendaiara». Txalupetan, edo Portugaldik ateratzen ziren trenetan… espioitza zerbitzuen txostenen faltan ez zeuden, ez. Dirurik ez. Tarteka sarekadak ere egiten zituzten, irundar mordoa atxilotu zituzten baina zigorrak oso txikiak ziren, barregarriak, edo zigorrik ez zegoen. Beste kontrabandista xumeekin konparatuz gero, ez zuten zigorrik. Hura oso kontrabando «serioa» zen, oso babestua zegoen dena. Galizia, Salamanca, Portugal aldera diru asko joan zen, ez ziren aberastu baina dirua hara joan zen. Hemen, Euskal Herrian, ez zen dirurik geratu. Horra «gure» wolframaren azken paradoxa: gure herrian aurkitua izanagatik ere, herrikoa izan zen beste kontrabandoarekin ez bezala, ez zuen dirurik utzi gurean.