JUL. 24 2022 IRITZIA Axolarik gabe JOKIN URAIN Hartu autoa eta atera zaitez bidera eta zoaz, berdin dio nora, berdin dio errepide txikietan edo autobia handietan baina zoaz. Bilbotik Donostiara, Donostiatik Iruñera, edo zoaz Gasteiza, Baionara edo Biarritz. Nahi duzun lekura. Ez da erraza trabarik aurkitu gabe joatea; hemen errepidea berritzen edo berria egiten ari dira, hor tunela konpontzen, bestean zorua aldatzen, eta sei hilabetera leku berean berriro konponketak, eta auto ilarak, eta kaleak itxita, eta norabide aldaketa... Baina ez da errepidea soilik. Zoazen lekura zoazela, zauden lekuan zaudela, errepara iezaiozu apur bat inguruari. Eraikuntza berriren bat egiten ari dira hemen, lehen zegoena handitzen hor, eta noizbait egindako eraikin zapuztuen mamuak nonahi, eraitsi eta berria egitera norbait heldu zain, edo denborak birrintzera kondenatuak bere horretan, alboan eraikin berria egiten. Eta ez dira eraikinak eta errepideak soilik; begira salgaiak itsasontzian zamatzen edo haietatik husten dituzten lekuei, errepideetan dabiltzan kamioi-biltegiei, eramaten eta ekartzen ari diren merkantzia kopuru demasari. Eta itxura denez ezin da geratu gurpila eta jarraitu beharrean gaude nahitaez. Inertziak garamatza eta inertziari eragiten diogu guztiok. Eraiki eta birrindu eta eraiki ari gara. Egin eta baztertu, bota, eta berria egin. Eta hala ere ez dugu nahikoa, gehiagoren beharrez gaude, edo beharrak asmatzen ditugu, beharrik izan gabe «Denbora batez utzi beharko genuke dena, ez egin ezer, ez eraiki, utzi», esaten zidan batek aspaldi samar. Etengabe eraikitzen aritzeko antsiarekin bizi garela zioen, eraiki eta eraiki, zernahi, zubia edo tunela, etxeak, autoak, itsasontziak, abioiak, estadioak, estudioak, pabiloiak, aireportuak, metroak, enpresa parkeak, eta gaztetan zelai eta baratze ziren muinoak txalet eta etxebizitza garestiz estaliak daudela gaur. Eraiki eta birrindu eta eraiki ari gara. Egin eta baztertu, bota, eta berria egin. Eta hala ere ez dugu nahikoa, gehiagoren beharrez gaude, edo beharrak asmatzen ditugu, beharrik izan gabe. Greziar mitologian bada bere burua ez beste guztia jaten duen pertsonaia, dena jaten duen denboraren jainkoa. Gure inguruan eta harago begiratuta, nago modu horretan ez ote garen ari, denborari berari aurrea hartu nahian, denborari astirik eman gabe ingurua jaten, dena irensten, biharko eta biharkoentzat ezer uzteko ardurarik gabe. Ezeren axolarik gabe. Ez da denborari kontra egitearren, baina ez naiz pesimista, Balbino; ez naiz pesimista.