MAY. 14 2023 IRITZIA Amatasuna AMAIA URIBE Ama izan nahi dugun erabaki aurretik hasten da jendea gu epaitzen. «Nola ez dakizula seme-alabarik izan nahi duzun?». Ama izateko presioa sartzen ere hasten dira: «Arroza pasako zaizu! Seme-alabak, zenbat eta gazteago izan orduan eta hobeto!». Eta erditu ostean, zoramena. Galduen gauden unean, iritzi kontrajarrien erdian aurkitzen gara. Batek diosku umeak negar egiten duen bakoitzean bularra emateko. Besteak leporatzen digu umea ezin dugula une oro bularrean izan. Umearekin paseoan ateratzen garenean eta negarrez hasten denean, bizilagun batek esaten digu umeak hotza daukala, eta manta jartzeko. Bi pauso eman eta beste bizilagun batek esaten digu umeak beroa daukala, eta manta kentzeko. Egunero, une oro eta edozein tokitan eskatu ez ditugun aholkuak ematen dizkigute: «txupetea txarra da» edota «purea baino hobe janaria osorik ematea». Hasieran, aholku, gomendio eta kritiken marea horretan ito beharrean sentitzen gara. Denborarekin, baina, geure bidea egiten ikasten dugu. Izan ere, amatasuna biziraupena bihurtzen da askotan. Haurdun nengoenean, neure buruari agindu nion umeari jateko ez niola inoiz mugikorra utziko, ez niola gozokirik erosiko eta beti bere ohean lo egingo zuela. Baina aitortu behar dut jatetxe askotan mugikorra utzi diodala, gozokiak xantaia egiteko erabiltzen ditudala eta goizaldeko ordu txikietan esnatzen denean gure ohera sartzen dela. Ahal duguna egiten dugu, ahal dugun moduan. Azkenaldian, zaildu egin zait amatasuna. Arratsaldeko hiruretatik gaueko hamarretara lan egiten dut, eta argi dago ez dela ordutegirik onena ama batentzat. Baina ama izateaz gain, kazetaria ere banaiz. Maite dute nire lana eta ez dut albo batera utzi nahi. Duela gutxi, EHUko mahai inguru batean egon nintzen amatasunari eta kontziliazioari buruz berbetan. Hitza hartu genuen hiru emakumeok aipatu genuen “ERRUDUN” sentitu garela askotan, gure lanbidea eta amatasuna uztartzeko orduan. Eta ez da bidezkoa. Aita askok guk beste edo guk baino ordu gehiago sartzen dituzte lanean eta ez dira errudun sentitzen. Eta batez ere, aitak ez dituzte hainbeste epaitzen. Bizitzan gertatu zaidan gauzarik politena da ama izatea. Epaiak epai, kritikak kritika eta gomendioak gomendio Markelek «asko gutsut ama» esaten didan aldiro bihotza zoriontasunez betetzen zait. Une horretan, epaitua barik, maitatua sentitzen bainaiz. Egunero, une oro eta edozein tokitan eskatu ez ditugun aholkuak ematen dizkigute: «txupetea txarra da» edota «purea baino hobe janaria osorik ematea». Hasieran, aholku, gomendio eta kritiken marea horretan ito beharrean sentitzen gara. Denborarekin, baina, geure bidea egiten ikasten dugu.