MAY. 14 2023 ETXE ZURIAN JARRAITZEKO AUKERA BERRI BATEN BILA Joe Biden, Etxe Zurian jarraitzeko asmoz Urte eta erdi barru izango da AEBetako bozketa presidentziala. Edozein herrialdetan, 18 hilabeteko tarteak ez luke bere horretan hauteskunde giroa berotu beharko, legealdiaren zati handi bat oraindik falta dela kontuan izanik. Baina Estatu Batuetako sistemak ia etengabeko kanpaina baten itxura dauka, are gehiago presidentea hautatzerakoan: alderdien barruko mugimenduak hasten dira, presidentegai izan nahi dutenek boz primarioetarako bide luze eta garestia landu behar dute, eta horrek ezinbestean diru bilketan ibiltzera eta hedabideetan agertzera behartzen ditu. Urtzi Urrutikoetxea Alderdi errepublikanoa horrexetan dabil orain bertan, azken zortzi urteak markatu dituen pertsonaren gorabeheren itzalean, hori bai: Trump faborito, baina auziperatuta eta gero eta kasu gehiagotan murgilduta eta, era berean, jarraitzaile mordoa biltzen dituen bezalaxe aurkariak hauspotu eta botoa ematera bultzatzeko figura ere badela ohartuta. Horri guztiari neurria hartuta dator Joe Biden bigarren agintaldi baten bila. 80 urte ditu, baina azken batean Estatu Batuetako presidente guztiek egin dutena baino ez du egin Etxe Zuriko bizilagunak: lehen agintaldiaren ostean, bigarren eta azkenaren bila doala iragarri. Zortzi urteak presidente egotea lortuko balu, 86 urterekin utziko luke Bidenek Etxe Zuria. Eta, hain zuzen ere, Etxe Zuriko Berriemaileen afarian ibili zen AEBetako presidentea adinari buruz txantxetan: «Noski, sinesten dut lehen emendakinean (adierazpen askatasuna); Jimmy Madison nire lagun onak idatzi zuen azken batean». Duela 200 urte baino gehiago izan zen Madison presidente. Mundu osoan zabaldu dira Bidenen hanka sartze eta lapsusak, baina aspaldi utzi zuen argi berriz aurkezteko asmoa zuela. Aurkako datu asko ditu AEBetako presidenteak: estatubatuar gehienek ez ezik, demokrata gehienek ere nahiago lukete beste hautagairen bat izatea. NBC Newsek berriki egindako inkesta baten arabera, estatubatuarren %70ek eta demokraten % 51k uste dute ez lukeela berriz aurkeztu behar. Bazterrera egin behar lukeela diotenek adierazten duten kezka nagusia: adina. Baina, era berean, Biden bera da Etxe Zurian dagoena, eta han jarraitzeko aukera handienak dituena, ziur aski. Al Gore eta John Kerry hautagaien kanpainako aholkulari nagusi izandako Bob Shrumek dioenez, «Biden beti gutxietsia izan da. Jendeak kanporatutzat jo zuen primarioen lehen bi txandak egindakoan, eta azkenean alde handiz gailendu zen». Horixe dauka orain Bidenek alde: ez du primarioen prozesu luzetik igaro behar. Balizko primario demokrata batzuetan pentsatzen ari ziren hautagai demokrata gehienek argi ikusi dute bazterrera egitea dagokiela eta hobe dutela 2028ko barne-hautaketan pentsatzea. Kaliforniako gobernadorea, esaterako, bere estatutik kanpo ekitaldiak egiten hasia zen (giroari eta norberaren aukerei neurria hartzeko izaten da eta, batez ere, primarioen maratoi luzerako ezinbesteko den diru bilketari ekiteko). Baina agintaldi erdiko hauteskundeen emaitzek eta presidenteak bere asmoa behin eta berriz berretsi izanak balizko hautagaitza gehienak hasi ere hasi gabe bertan behera gerarazi ditu. Edonola ere, errepublikanoek bezala demokratek ere egingo dituzte primarioak, eta egon, badago beste hautagaitzarik. Robert F. Kennedy Jr.ek, esaterako, %14ko babesa dauka. Kennedy presidentearen iloba da eta ekologista bezala nabarmendu izan da, azken urteotan covidaren txertoaren aurkako protestengatik ezagunago egin den arren. Edozelan ere, inork ez du zalantzan jartzen Biden izango dela demokraten presidentegaia. AEBetako presidenteak hamarkadak daramatza Washingtonen, gaitasun berezia dauka Kongresuko korridoreetan akordioak ixteko, eta beti izan da distantzia luzeko korrikalaria. Duela hamar urte, agintaldi hau bigarren eta azkena izango zuela pentsatuko zuen ziur aski. Barack Obamaren presidenteordea zen, eta bide zuzen eta naturalena zirudien nagusia ordezkatzea. Baina duela zortzi urte, 2016ko hauteskundeetarako primarioak prestatzeko ordua iritsi zen, tragediak bigarrenez jo zuen Bidenen atean: Beau Biden semea glioblastomaren ondorioz hil zen (40 urte lehenago, orduko emaztea eta urte bateko alaba bat hil ziren auto istripu batean). Kolpe hartatik nolabait altxatzea lortu zuenerako, beranduegi zuen primarioetara aurkezteko. Ez zuen etsi, ordea, eta lau urte geroago hautagaitza eta presidentzia lortu zituen, jardunean zegoen presidenteari gailenduta. Dirudienez, Jill Biden emazteak zalantzak izan zituen orduko hartan; orain, berriz aurkezteko erabakian, erabat babestu omen du senarra. Aurrekariak. Egia esan, Estatu Batuetako presidente gehienek egin dituzte zortzi urte agintean. Berrautaketan kale egin dutenek, oro har, “etxe barruko” arazoen ondorioz galdu dituzte bozak: Jimmy Carter demokratak, esaterako, alderdi barruko oposizio gogorrari aurre egin behar izan zion primarioetan, Robert Kennedyren aurka lehiatuta. Azkenean, demokraten hautagaia izan zen, baina alderdia bera zatituta eta Carterren mezua eta figura ezin higatuago zeuden. Ronald Reaganek egundoko garaipena lortu zuen, 50 estatuetatik 47tan gailenduz. Reaganen zortzi urteen ondoren, haren ondorengo errepublikanoak ere –George Bush aitak– bere eremu ideologikoan izan zuen norgehiagoka nagusia, ohiko bi hautagai nagusien ordez hirugarren bat ere izan zelako lehian indartsu: Ross Perot handikiak, independente legez aurkeztuta, eskuinaren botoa zatitu zuen eta Bill Clintonek lortu zuen garaipena. Agintaldia berritzea lortu ez duen azken presidentea Donald Trump izan da. Aurreko bi adibideetan ez bezala, 2020ko porrota ez zen presidentearen eta alderdiaren arteko lehiaren ondorioa izan: Trumpek alderdi errepublikanoa erabat poltsikoratuta zeukan, 72 milioi boto lortu zituen, baina presidente batek inoiz lortutako boto gehien eskuratuta ere, aurkariak aldeko mugimendu are handiagoa erakartzea lortu zuen eta une historikoa izan zen. Ezin uka, Trumpek dozenaka milioika jarraitzaile zituela –eta izaten segitzen du oraindik– eta era berean dozenaka milioi aurkari. Etxeko botoari zorrotz eutsita ere, aurkako botoa ere hauspotzen du Trumpek. Polarizazio horrek ekarri zuen 2020an inoizko parte hartze handiena izatea, 155 milioi boto baino gehiagorekin. Konparazio baterako, iazko azaroan egindako agintaldi erdiko bozetan 50 milioi gutxiago izan ziren bozkatzera joan zirenak. Bidenek kolpe latzak jaso ditu bizitzan: orain 40 urte, orduko emaztea eta urtebeteko alaba galdu zituen auto istripuan eta, 2016ko primarioak prestatzen ari zela, semea hil zitzaion. Argazkilaria: Jim Watson | AFP Testuinguru honetan, ez da harritzekoa oraingoz aurreikusi daitekeen hauteskunde kanpainak, Biden eta Trump berriz ere aurrez aurre jarriko dituela, eta horrek ez duela ilusio handirik piztuko. Are gehiago, azken 15 urteotako bozik gatzbakoenak izan litezke: 2008an lehen presidente beltza hautatzeko ilusioarekin jo zuten bozkalekura milioika estatubatuarrek, jakitun historia egiten ari zirela, eta halaxe errepikatu zen lau urte geroago. 2016an, berriz ere historia idazteko unea zirudien, azkenean emakume bat Etxe Zurian nagusi izango zelakoan. Obamaren agintaldian gorpuztuz joan zen mugimendu erreakzionarioa gailendu zen, ordea. Horrek, trukean, ilusioa ez, baina arrazismoa eta eskuin muturra gerarazteko behar agonikoa piztu zuen 2020rako. Trumpen “beharra”. Datorren urtean, aurrekari horiek ez dira izango, baina Bidenek «lana burutu» behar duela aldarrikatu du, eta beste lau urte behar dituela horretarako. Egiaz, badu zer “saldu” estatubatuarrei. Ez dira gutxi izan bi urte eta erdian izandako lorpenak: inbertsio handiak aurrera ateratzea, energia berriztagarri eta klima aldaketaren aurka bideratutako azpiegiturak, covidaren ostean oso goitik zebilen inflazioa apaltzea, inoizko langile kopuru handiena izatea AEBetan, eta ia teknikoa den langabezia. Hala eta guztiz, estatubatuar askoren ikuspegia da Bidenen administrazioak ez duela askorik lortu. Horren aurrean, bigarren argudio indartsua estatubatuarren bateratzailea eta defendatzailea izatea da, «herrialdea zatitu» nahi dutenen aurrean. Izan ere, Bidenen apustuaren oinarrietako bat bere proiektuak sor lezakeen ilusioa baino gehiago aurkariak pizten duen izua da. Datozen hilabeteetan Trumpen aurkako auzibideak areagotu eta presidente ohiaren jokabide ilunetako batzuk azpimarratzean –emakume bat bortxatzeagatik epaiketa izan da azken asteetan New Yorken– errepublikanoen boto emaile kristau tradizionala uxatzeaz gain, alternatiba bakar gisa bere aldeko botoaren aktibazioa dago. Zalantzarik gabe, Alderdi Errepublikanoak ageri duen ezintasuna aldeko zaio Bideni. Ondo daki Trump pertsona oso toxikoa zaiela, baina hura garaitzeko edo hari aurre egiteko ia inor ez da ageri. «Demokratok gauza bat egiten dugu gauero», dio ironiaz Barack Obmaren 2012ko kanpaina zuzendu zuen Jim Messinak, «belauniko jarri, eta Jainkoari otoitz egiten diogu Donald Trump izan dadin presidentegai errepublikanoa». Bidenek 80 urte ditu, baina Trump ere ez doakio oso atzetik: 76 ditu, arazo judizial mordoa, eta iragan gertuko mamuak dakartza. Lau urteko Trumpen agintaldia AEBetako demokraziaren aurkako indarkeriazko matxinada batekin amaitu zela gogoraraziko dute datozen hilabeteetan behin eta berriz. Eta ez hori bakarrik, haren agintearen ondorio dira berrikiago gertaturikoak ere, duela ia urtebete Auzitegi Gorenak abortu eskubide konstituzionala ezabatu izana, kasu. Errepublikanoek ikasi dute lezioa, eta gai horri buruzko azken erabaki polemikoetan (Texasko epaile federal batek abortuetarako botika debekatu izana, esaterako, oraingoz Gorenak bertan behera utzi duen arren erabakia), isil-isilik egon dira agintari gehienak. Abortu eskubideak soka luzea ekarriko du oraindik, irekita baitaude dozenaka auzibide. Horietako batek baino gehiagok Auzitegi Gorenean amaituko du, Trumpek aukeratutako epaile federalen eskuetatik igaro ostean. Trumpismoa eta gaur egunera arte iristen den Trumpen ondarea da Bidenen arma garrantzitsuenetakoa, hain zuzen ere. Ezin ahaztu, iazko hauteskundeetan zenbait estatutako hautesle demokratek hartutako jarrera zikin samarra: Senaturako edo Estatuko gobernadorerako primario errepublikanoetan parte hartu zuten, Trumpengandik hurbilen zegoen muturreko hautagaiaren alde egiteko. Langile zuriek zeresan handia duten Pennsylvania, Michigan edo Wisconsin moduko estatuetan-eta oso garrantzitsua da hautagai egokia izatea, eta errepublikano moderatuagoek aukera gehiago izan ohi dituzte trumpistek baino. Azkenean, AEBetako Senaturako egon zen aldaketa bakarra John Fetterman demokrata ezkertiarrak errepublikanoei “kendutako” aulkia izan zen, parean Trumpek babestutako Dr Oz mediku ezaguna zeukala. Zure estrategia aurkariak pizten duen polarizazioaren menpe uztea oso arriskutsua ere bada, ordea. Abortuaren kasuan gertatu den legez, Alderdi Errepublikanoak badaki orain arteko bideak sektore bat estu lotzea dakarrela, baina beste balizko boto emaile asko ere uxatzen dituela. Bestetik, pentsatzeko modukoa da ea Trump gailentzeko inor ote dagoen alderdian. “The Wall Street Journal” egunkariaren inkesta batek agerian utzi du AEBetako eskuinaren dikotomia: uneotan, primarioetan Trumpen alde egingo luketen errepublikanoak Ron DeSantis Floridako gobernadorearen aldekoak halako bi edo gehiago dira. Baina hauteskundeetan Biden ala Trump aukeratu beharko balira, %48k egungo presidentea bozkatuko luke eta %45ek haren aurrekoa. Hautua Biden ala DeSantis balitz, ostera, emaitza alderantzizkoa litzateke, errepublikanoaren alde. Joe Bidenek 80 urterekin iragarri du bere bigarren hautagaitza. Kontrako iritziak sortu ditu bere adinak, baina Trump ere ez dabilkio urrun; 76 urte ditu eta auzitegietan hamaika kontu argitzeke. Argazkilaria: Brendan Smialowki | AF Joe Bidenek 2024ko hautagaitza aurkezteko egindako bideoan nabarmentzen den elementu bat Kamala Harris presidenteordearen presentzia da. Hain zuzen ere, orain artean gutxien nabarmendu den figura bat delako. Hauteskundeen ostean emozioz aurkeztu zuten emakumezko lehen presidenteordearen presentzia oso apala izan da orain arte, eta haren lanaren aitortza ez da presidentearena baino hobea herritarren artean. Zernahi dela, 58 urteko presidentegai beltzak kanpainari energia eta bizitasuna ematea espero dute demokratek. Eta izan da gaia bestela aipatu duen mihi gaiztorik ere. Nikki Haley primarioetako hautagai errepublikanoak gogorarazi du presidentea agintean dela hil daitekeela: «Argi esan behar dugu Joe Bidenen alde bozkatzen baduzu Harris presidentea hautatzen ari zarela, oso litekeena baita Biden ez iristea 86 urte betetzera». Atzerri politika. Kontu jakina da Estatu Batuetako hauteskundeetan –herrialde gehienetan da hala, bestalde– etxeko gaiak izan ohi direla gidari nagusi, atzerri politika baino gehiago. Baina Estatu Batuek mundu osoan daukaten eragina eta, ondorioz, mundu osoan pizten duten interesaren ondorioz, hautagai bakoitzak munduko auzi eta gatazketan duten jarrerak ere arreta handia pizten du AEBetatik kanpo. Boto emaile arruntari, gehienetan, ekonomiaz mintzatzen zaio hautagaia. Afganistango erorketan AEBek emandako irudiak zeresana ematen du, bistan da, baina gutxitan dira gai horiek erabakigarriak. Bidenen exekutiboan, esaterako, Ukrainan zuzen dihardutelakoan daude: Putinen asmoak agerian jarri zituzten inbasioa gertatu aurretik, eta oro har estatubatuarrak ados dauden politika egiten ari dira, errepublikanoen artean zatiketa handiagoa dagoen bitartean. Baina Afganistan zein Ukraina, gaiak AEBetako interesen galbahetik igarota iristen dira, eta etxe barruko auziek pizten duten arreta mailaren atzetik. Fokua Asian du berriz ere Washingtonek, Txina gero eta estuago hartuz, txipen ekoizpenetik hasita Taiwan, Hego Korea zein Filipinetako Gobernuekin lantzen ari den akordioetara. Aurki Australia eta Pazifikoko beste lurralde batzuetara bisitan joango da Biden. Testuinguru horretan, ezin uka gairik arantzatsuenetakoak egokitu zaizkiola Kamala Harrisi. Besteak beste, Amerika Erdialdera bidaiak immigrazioaren gaiari aurre egiteko. Texasko gobernadore errepublikanoak muga igaro berri zuten ehunka migratzaileri Washington eta New Yorkerainoko autobusak ordaindu dizkie, eta horietako zenbait presidenteordearen egoitzan jaitsarazi dituzte, nagusiki Venezuelatik zetozen familiak. Orain, pandemiagatik ezarri zen larrialdi egoera amaitzear dela, ezinegona da nagusi, AEBetara sartzeko eta asiloa eskatzeko neurriei buruz. Datorren astean Mexikoko mugatik iristea iragarri den migratzaile kopuru handiak buruko min handia dakarkio Etxe Zuriari. Alderdi Errepublikanoaren gai kutunetakoa da kriminalitatea, segurtasuna eta immigrazioa lotzea, eta beldurraren mezua hedatzeko modurik errazenetakoa izan ohi da.