7K - zazpika astekaria
KIROLA

Propiozepzioa: indar, abiadura eta erresistentziaz harago


Hainbat hamarkadatan, entrenatzaile askok oinarrizko gaitasunetan bakarrik arreta jarri izan dute, hau da, indarrean, erresistentzian eta abiaduran. Hala ere, ikertzaileek, denbora aurrera joan ahala, nerbio sistemarekin lotutako beste gaitasun batzuetara zabaldu zuten euren ikuspegia. Ezaugarri hauek koordinazio gaitasunak dira, eta kirolariei mugimendu oro zehaztasunez eta eraginkortasunez burutzea eragiten die. Horregatik, psikomotrizitatea, koordinazioa eta propiozepzioa garatzea funtsezkoak dira kirol teknika ezberdinak ahalik hobekien finkatzeko.

Propiozepzioa propiozeptoreetatik (sistema osteoartikularrean eta muskularrean kokatutako errezeptoreak edo hartzaileak) eratorritako informazioari lotuta dagoen terminoa da. Hartzaile horiek eremu interopzetibotik aparte gertatzen diren aldaketak hautematen dituzte, elikadura kanalari eta erraietako organoei kasu eginez.

Sherrington-ek (1906), propiozepzioaren barnean, 4 azpi-modalitate deskribatzen ditu: postura, mugimendu pasibo eta aktiboa, eta mugimenduarekiko erresistentzia. Hala, termino honek erreferentzia egiten die gorputz jarrera, artikulazioen egonkortasuna eta sentsazioak kontrolatzen dituzten gorputzeko barne eta kanpo eremuei.

Lephart-ek (1997), aldiz, bi propiozepzio mota bereizten ditu; kontzientea eta inkontzientea. Lehena giltzadurek eta muskuluek batera funtziona dezaten arduratzen da, eta bigarrenak muskuluen funtzioak eta artikulazioen egonkortze erreflexuak arautzen ditu.

Sistema propiozeptiboa gure organismoan dauden hainbat hartzailek osatzen dute; zehazki, muskulu, artikulazio, lotailu eta tendoietan daudenek. Sherrington-en (1947) arabera, propiozeptoreak gorputzaren beraren ekintzek estimulatutako organo terminalak dira. Era berean, zientzialarien ustez, organo sentsorial somatikoak dira, barne informazioa lortzeko moduan kokatuak, eta muskuluen arteko koordinazio eraginkorragoa lortzen laguntzen dute.

Honenbestez, propiozepzioa lantzea ezinbestekoa da, sistema honek muinera informazio aferentea bidaltzen duelako. Ondorioz, entrenamendu hauek sistema neuromuskularraren erantzunak behar dituzten egoerei erantzun ahal izateko diseinatuta egon behar dute.