SUSTRAI COLINA
IRITZIA

Jakin beharrekoaz

S.apurgarria,

Ikasturte hastapeneko asmo onei eusten al diezu oraindik? Hizkuntza eskolan izena eman, zure inguruko museoak bisitatu, aspaldiko lagunekin harremana berrartu, pilatesera...Ez, zure zurruntasuna ez da pilatesera joanda konpontzen. Zurekin barkaberagoa eta besteekin ulerkorragoa izateaz gain, ezagutzen ez dituzun artisten kontzertuetara joan behar zenuke, bikote ohiekin zergatik ez duzun inolako harremanik hausnartu, zure aldartea sakelakotik etor dakizukeenaren menpe ez utzi. Errazegia da egunkariak ekartzen dizkizun albisteekin okitu eta egunak ez dizula nekea besterik uzten sinestea. Marokoko lurrikarak baino bortitzago astintzen zaituzte zure baitakoek; zure kautako baztertzaileei harrera egiten diezu zuk ere. Gainera, ez ahaztu, orain gutxi bisigua jan zenuela, ardo onetik eta solas hobetik edan eta, zerua gainera jausten zaizunerako, pozera lotuko zaituen hari xingle bat josi. Badakizu ez dela denen kasua. Ez badakizu, jakin behar zenuke.

Zure sorterrian langile bat hil zela entzun zenuen irratian. Isilik geratu zinen. Ez nizun ezer esan. Badakit langilearen heriotzak baino inpaktu handiagoa eragin zizula behiala ibili zenituen lurretan gertatu izanak. Eguraldi-iragarpenari langileriaren heriotza-tasari baino arreta handiagoa jartzen zaion munduan bizi zara zu ere. Hildakoa Boli Kostakoa zela jakin zenuen gutxira. Arnasa hartu zenuen lehenik, lasaitua hartzeagatik errudun sentitu gero. Bidasoan itota agertu balitz, egunkariek bezala, azalean eramango zenuen biharamunean behintzat. Lanean hil zen, ordea, hondeamakinak harrapatuta. Ez dakizu egunak nekea baizik ez zion uzten, bisigurik dastatu ote zuen sekula, norekin izaten zituen solas bihotz-altxagarriak...Ez dakizu ezer, haurrak eta bikotea Boli Kostan zituela eta kapitalismoak, hil aurretik, ehorzteko zuloa eginarazi ziola baino ez. Bai, dena mailakatzen da, pertsonak bezala injustiziak. Ez badakizu, jakin behar zenuke. Pentsatu al duzu, bestela, zergatik dakizun gasoila edo oliba-olioaren prezioa, zergatik egiten zizuten oihartzun Graxi Etxebehereren hitzek, noraino zoazen ihesi Margarita Garcia Robayoren azken nobelari esker edo, gaiztoa izanda, zergatik grabitatzen duzun zure zilborraren inguruan. Ikasturte hastapeneko asmo onei eusten al diezu oraindik? Zer da horiekin estali nahi duzuna? Ez badakizu, jakin beharko zenuke.