7K - zazpika astekaria
ARKITEKTURA

Altxor kutxaren irekiera

Museoetako askok eraikin interesgarriak hartzen dituzte eta hiriguneetan daude. Museo horietako batzuk, lehen esklusiboki bisitetara dedikatzen zirenak, eskaintza zabaltzen ari dira, antzezlanak, kontzertuak, kalejirak eta kulturaren beste arlo batzuekin lotutako jarduerak antolatuz. Espazio hauek birplanteatzen ari al gara?

Valladolideko jaietan, Patio Herreriano Museoan egindako kontzertua. (Naia Azkuenaga Duran)

Gertuko hiri zein herri askotan gai ezberdin eta era ugarietako kolekzioak biltzen dituzten museo bat baino gehiago aurki daitezke. Inguruko historiari, bertako pertsonaia ezagunari, beste garaiko lan ereduei, kanpoko zein bertako arte bilduma eta kulturari etb. dedikatutako espazio hauen albotik pasatzen dira egunero bertako herritarrak, eta gutxi batzuek hauei erreparatzen diete. Espazio hauek turismoarekin lotzen dira zuzenean; kanpora bidaiatzen denean bisitatzen dira, baina inguruan daudenak askorentzat ezezagunak dira.

Hiriguneetako espazio esanguratsuetan kokatuta egoten dira, eraikin historiko eta kale nagusietan. Herritarrentzat izan zitezkeen espazioak hartzen dituzte askotan, eta horregatik kritikatuak izaten dira. Badira, eraikin soilak ez ezik, kanpo espazioa bere gain hartzen dutenak ere, espazioa guztiz pribatizatuz.

Hala ere, aspalditik bisita soilentzat baino gehiago irekitzeko ekimen ugari egin dituzte museoek. Horrelakoak aurki ditzakegu gure inguruko museo garrantzitsuenetan; Artium, San Telmo, Guggenheim edo Bilboko Arte Ederretako Museo barnean antzezlanak, kontzertuak, desfileak eta kulturaren beste arlo batzuekin lotutako ekintzak egin dira.

Barne espazio hori beste era eta dinamika batean ikusteko eta bizitzeko aukerak dira horiek, askotan museoen ohiko ordutegiaz kanpo ospatzen direnak, gainera. Horrenbestez, erabiltzailearen ikuspuntutik begiratuz gero, horrelako aukerek bestelako pertsonengana heltzeko aukera ematen dute. Agian espazio hori berezkotzat hartzen ez duten pertsonak bertara hurbiltzera animatzen dituzte. Bestetik, museoaren ikuspuntua ere badugu, non, barne antolamenduari dagokionez, espazio hauen moldagarritasuna agerian uzten duten, bestelako ideia berrietara espazioa zabaltzeko aukera emanez.

Barnean egiten diren ekintzak antolatzea zaila izaten da, baina badira ere, lehen aipatutako moduan, kanpo espazioak beretzat dituzten museoak, askotan harrera gunearen aurrean beraien ordutegietara moldatutako “espazio publikoak” izaten dituzte. Hauek ere aukera sorta ederra ekar dezaketen tokiak dira.

Kasuak kasu, Valladolideko Museo Patio Herreriano dugu bat, antzinako monasterio batean dagoen museoa. Eraikinak bere programa hiru patioren inguruan gauzatzen du. Patio Herrerianoa, monasterio zaharreko patioa, museoaren erdialdean kokaturik dago eta honen inguruan erakusketa gelak aurkitzen ditugu. Lehen horretaz gain, bertan ikusiko dugu Patio Noviciado, monasterioa handitzean sortutako bigarren patioa; museoaren auditoriora sarrera izateaz gain, bestelako erabileretarako gelak biltzen ditu. Eta harrera gunera ematen duen patioa, museoari egindako azken handitzearen emaitza den espazioa.

Azken honek, museoaren barneko espazioa den arren, plaza tankera hartzen du. Eraikinaren konfigurazioa dela-eta, aukera ematen du museoaren programatik bereizteko eta bestelako ekintzei lekua eskaintzeko. Adibide modura, hiriko jaietan, espazio honen erabilera ikus dezakezue argazkietan. Kasu honetan, espazioa konfiguratzen duten eraikinak han gertatzen den ekintzarekin bateratzen dira; museoak, kontzertuak eta eraikinak bat egiten dute atmosfera berri eta ustekabekoa sortuz.

Eraikina bera instalazioa izateak erakartzeko elementu bihurtzen du espazioa. Horrelako aukeretara irekitzean, museoak beste era batera bizitzeko aukera eskaintzen die erabiltzaileei. Antzinako altxor kutxa ireki eta herritarrei aukera ematen die, hauek bizitzeko modu berriak topatzeko. Are gehiago, horrelako ekimenak museoen barnean hartzeak espazio hauek birpentsatzeko eztabaida zabaltzen dute.