Kirol espezializazio goiztiarra
Adin txikikoen kirol espezializazio goiztiarrak gorakada nabarmena izan du azken urteotan. Baina zehazki, zer da kirol espezializazio goiztiarra? Hitzak esaten duen bezala, kirol espezializazioa kirol praktika modalitate bakarrera mugatzen den aldia da, non gainontzeko kirolak mugatu eta aukeratutako kirol horretan errendimendua areagotzea den helburu nagusia. Kontzeptu horri, “goiztiar” gehituz gero, espezializazio hori 13 urtetik beherako umeetan gertatzen dena da.
Artikulu honetan, era laburrean, espezializazio goiztiar honen ondorioez arituko gara, eraginak errendimendu arloan, osasunean (mentala zein fisikoa) eta garapen integralean azterturik.
Errendimenduari dagokionez, espezializazio goiztiarra egiten duten haurrek, lehen adinetan txapelketak edo partidak irabazteko aukera gehiago dituzte. Errendimendu maila gorena heldutasun biologikora iristen den kiroletan (gimnastika, patinaje artistikoa eta igeriketa salbuespen izanik), nerabezaroan (13 urtetik aurrera) espezializatzean lortzen dira emaitza nabarmenenak. Kirol bakarrean hainbeste orduz aritzeak garapen fisikoan arazoak ekar ditzake, baita praktikatutako kirol horretan ere. Hortaz, adin goiztiarrean espezializatzeak ez du bermatzen goi mailan jardutea.
Osasunaren ikuspegitik, espezializazio goiztiarrak onurak baino kalte fisiko zein psikologikoak dakartza. Nabarmentzeko ondorioen artean, estres maila igo eta “burnout” deritzon neke mental edo sindrome kognitibo-afektibora eraman gaitzake, eta horrek errendimenduan eragin zuzena izan eta azkenean kirol praktika baztertzera ere hel gaitezke.
Haurraren garapen integralean, testuinguruko presio mailak eragin zuzena izan dezake bere barne motibazioan. Arazo hau sortuz gero, garapen psikosozial eta emozionala kaltetua izateko aukera handiagoa izango dute, bide batez motibazio, asebetetze eta sormen falta izanda eta muturreko kasuren batean kirol praktikarekiko frustraziora iritsiz.
Hortaz, argi dago, adin goiztiarrean kirol bakarrean aritzeak alde positibo baino negatibo gehiago dituela. Tarteka goi-mailako kirolariren baten kasua entzuten den arren, halako kasuen %2 besterik ez da goi-errendimenduko kirolari izatera iristen. Utzi zuen haurrei eskola kirolean aukera ezberdinak praktikatzen eta kirolaz gozatzen.