JUL. 14 2024 LITERATURA Irango iraultza neskatila baten begiradaz Jon Jimenez Iran, 1979. Ordura arte agintean zen xah-a, erregea, kanporatu eta iraultza kulturala abian zen. Hasierako iraultza zehaztugabea iraultza islamiko bihurtu zen azkar asko. Marjane Satrapik 10 urte baino ez zeuzkan eta zapia derrigortu berri zioten buruko ileak estaltzeko, ordura arteko erlijioa ulertzeko zuen manera erabat aldrebestuz. Aldaketa eta nahasketa giro hartan hasi zen Marjane politikoki kontziente izaten, eta haurtzaro hartan eta ondoren bizi izan zuen guzia kontatu zigun 2000. urtean: lautan zatituriko ‘Persepolis’ komikia, generoaren zale zirenak ere harrapatu zituena. Orain, Irene Arraratsek ekarri du euskarara, zati guziak bateginik, Elkar eta Reservoir Books argitaletxeen eskutik. Azala adierazgarria du oso, bertan antzematen ahal baitugu ‘bildungsroman’ bat dugula eskuartean, hots, haurtzarotik helduarora doan istorio bat. Atzean, Marjane, haur delarik, begiak zabal-zabalik eta kezka punttu batekin, inguruan duen Iran gatazkatsua ulertu nahian. Literaturan, haur baten begiradara jotzea hainbertzetan erabilitako baliabidea den arren, sarri gertatzen da guziz sinesgaitza egiten dela kontakizuna, abilidade berezia behar baita horretarako. Satrapik, hala ere, lortzen du helburu hori, eta komikiaren zuri-beltzezko irudietan kolore anitz ugari sartzen ditu, manikeismotik aldenduz, gai korapilatsu eta lazgarrienak azaltzerako orduan ere. Irango prozesu iraultzailearen kontraesanetara -askatasuna edo sozialismoaren alde borroka egin zutenenganako saldukeria-, geroko Iran-Irak gerra eta bonbardaketetara, torturara eta preso politikoen egoerara, geopolitikara, marxismora eta anarkismora, erlijiora, emakumearen zapalketara, deserrira edota heriotzara zertzelada birekin, erraten ez dena ere lagun, hurbiltzen gaitu, samurtasunez, gainera. Azal urdinaren aurrean, berriz, helduarora hurreratzen ari den Marjane, begiak hertsirik, pentsakor, barnekoa den bidaia betean. Gerra garaian gurasoek Europara bidali zuten lau urteko ikasialdira, nerabearen artegatasuna agerian utziz. Mendebaldar hipokrisia, identitatearen galera eta arrazakeria, bakardadea, sexualki erreprimitutako herrialde batetik sexu-askapenaren garaia bizi zuen gizarte batera iritsi berria den emakume batek bizi duen aztoramena... Gerraren lazeria eta krudeltasuna bizi izan duenak ustez askeago izan behar zuen tokian oinaze handiagoa sentitzen duela erakusten digu. Eta, azkenik, jada ezagutzen ez duen martiriz beteriko herri batera bueltan emanen dio amaia arestian Persepolis izan zen leku horren egungo egoera ulertzeko funtsezkoa bihurtu den eta komikigintzari astindua eman zion obra klasikoari. Azala adierazgarria du oso, bertan antzematen ahal baitugu “bildungsroman” bat dugula eskuartean, hots, haurtzarotik helduarora doan istorio bat.