7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Gerriaz


S.apurgarria,

Zer moduz gerria? Zaintiratua erraietan: gehiegi luzatutako min bat, oharkabean uzkurtutako poz bat. Izan liteke Olinpiar Jokoei begira denbora sobera igaro duzulako, erakargarri suertatu zaizkizun kirolak hurrengo lau urteetan non ezkutatuko diren ez dakizulako edo, beharbada, gerra bati buruz informatzea beste hainbat bataila ahanzteko manera dela pasa zaizulako burutik. Izan liteke minbizia diagnostikatu diotelako M.ri, ez zarelako behiala bezain hilezkor sentitzen, bizitza lau egun baizik ez direla sinetsita bizi nahi zenukeelako ala, ezinbestean, zure beroaldiak ez direlako klimaren araberakoak. Izan liteke udarako zeneuzkan espektatibak ez betetzeak eragindako frustrazioa edo, ziurrago, oharkabean begi-zeharka irailari so jarri izana. Zergatik ez duzu egotearekin etsitzen? Zergatik iruditzen zaizu izan zitekeena gertatu dena baino hobea? Konparaketek galtzaile egiten zaituzte beti. Beti daude lagun eredugarriagoak, opor zirraragarriagoak, oinetako modakoagoak, ohekide... Ez zinateke algoritmoak beretzako bikote konpatibleagoa bereiz dezakeela pentsatuz lo hartzen duen lehendabizikoa. Deitu kapitalismoa, bizitza, aro post-likidoa... Hitzak, berriz hitzak eta hitzak besterik ez. «Esperientzia» bezala. Bizitza bera ere esperientzia bat izango da laster. Esperientzia bat da guraso izatea, esperientzia bat hiria ezagutzea, esperientzia bat jatetxean afaltzea, esperientzia bat kontzertua, esperientzia bat goizean gaizki lo egin duzulakoan esnatu eta sakelakoak indaberrituta zaudela gaztigatzea. Eskarmentatu behar zenuke. Jada ez da nahikoa Remedios Zafraren azkenak lagatako gogoetak partekatzearekin, zure konexio neuronalak esperientziatzat aurkeztu behar zenituzke. Udaletxe plaza erdian bere zakurrak utzitako gorozkiak jasotzen ari den aberats berri engominatua ere esperientzia bat bizitzen ari da. Beharko balu, amari pixoihala aldatuko ote liokeen otu zaizu. Zaintzak diskurtsoa haragi bihurtzen duela aditu zenion Amaia Perez Orozcori. Akaso, zure gerriko mina da zaindu behar zenukeena. Berdin da nola eta zergatik etorri den. Zurekin dago, zugan, diskurtsoa haragi egiten, gorputza zarela gogorarazten. Nork daki, esperientzia bat bizitzen ari zara zu ere. Zaintiratu bat erraietan: gehiegi luzatutako min bat, oharkabean uzkurtutako poz bat edo abisu bat, aurrerantzean gerri gehiagorekin jokatzeko.