AUG. 11 2024 IRITZIA Gorputzaren memoria AMAGOIA MUJIKA Beroa egiten du eta itzaletan eseri naiz, autobusaren zain. Soineko luzea belaunetaraino igo dut, freskura bila. Izerditan, nekatuta, autobus geltoki zatar bateko banku kaskar batean eserita, hankak zabalik izterrak bata bestetik urruntzeko... Ez dakit nola izendatuko nukeen eszena, urrunxeagotik begira banengo. Erotikotik edo tentagarritik oso aparteko hitzen bat seguru. Nire burutazioetan nagoela, burua altxa eta pare-parean ikusi dut, eguzki galdatan, kieto, niri begira-begira. Izerdi-patsetan dagoen tipo nazkante bat. Begiratzeko moduak egiten du nazkante, ez izerdiak. Bihotza bizkortu zait eta taupada eztarrira igo. Soinekoarekin belaunak tapatu ditut eta hankak elkartu, izterrak estutu. Amorratu egin naiz, beldurtu. Aspaldi ez nintzen horrela beldurtzen. Horrela, gizonezko baten begiradak emakume bat beldurtzen duen modu horretan. Autobusa etorri da eta biok igo gara. Ahalik urrunen eseri naiz, bera baino atzerago, bizkarra zaindu behar duenaren larriarekin. Tipo nazkante horrek piztu didan sentsazioa, hotzikara, gorputzaren memorian jasoa daukat. Nik eta emakume gehienok. Lehen aldiz nerabe nintzela sentitu nuen, gu baino askoz helduagoa zen herriko gizon batek lagunari bularretara begiratu zionean. «Noiz hazi zaizkin hiri titiak?». Lagunaren gorputza begiratu zuen, baina denoi eman zigun mina. Denok sentitu genuen gure gorputzek bazutela zerbait publikoa; edonork begiratu, ukitu, epaitu zitzakeela. Geroztik askotan sentitu dut hotzikara hori. Gosea duenak patata-tortilla pintxo egin berriari begiratzen dion antsiaz begiratzen die gizonezko zenbaitek emakumeen gorputzei. Zorrotzago udan, gorputzak ageriago daudelako. Umetan gorputza harrotzen hasi zaizulako; gaztetan gaztea zarelako, helduxeagoa zarenean zure aldakek esperientzia dantzatzen dutelako... Zein adinetatik aurrera eta noiz arte? Ez ditut hamabost urte, lehen aldi hartan bezala. Hogeita hamar urte gehiago ditut, ahaldundu naiz, ikasi eta desikasi dut... eta, hala ere, uzkurtu tipo nazkante baten begiratu lizunarekin? Penagarria nire partetik. Autobus bidaiak balio izan dit indarra batzeko, burua gora altxatzeko eta tipoaren ondotik tente pasatzeko. «Nazkante», esan diot. Ez gaude Euskal Herrian eta ez du ulertu. Niretzat garrantzitsuagoa zen nik esan ahal izatea berak ulertzea baino. Orain hamabost urte dituzten emakumeekin akordatu naiz. Uste dut indartsuak direla. Beharko dute indarra, kaleak harrapakariz beteta ditugulako, oraindik. Gosea duenak patata-tortilla pintxo egin berriari begiratzen dion antsiaz begiratzen die gizonezko zenbaitek emakumeen gorputzei. Zorrotzago udan, gorputzak ageriago daudelako. Emakume gehienok gorputzaren memorian daukagu txertatuta sentsazio hori, hotzikara hori