AUG. 11 2024 KIROLA Laktatoaren neurketa eta entrenamendu zonak (Getty) Jurgi Fernandez - Salto Training Aurrekoan esfortzu frogaren zergatia eta honen garrantziaren inguruan jardun ondoren, honen interpretazioan eta datuen erabileran barneratuko gara orain. Jarduera fisiko baten intentsitate ezberdinek gure metabolismoan duen eragina eta aldaketak neurtzean datza esfortzu froga. Era honetan, intentsitate bakoitzak gure gorputzean aldaketa ezberdinak eragiten ditu, arnasaren aparatuan, bihotzaren maiztasunean, laktatoaren produkzio/garbiketa prozesuan, neke zentral/periferikoan… eta aldaketa hauek neurtzean kirolariaren ahalmena aztertu daiteke, eta aldi berean entrenamendu zonak atera. Hau aztertzeko laktatoaren neurketa egiten da. Laktato baloreak bereizgarriak dira entrenamendu zonak finkatzeko, eta laktato balore maximoa aztertu ondoren ateratzen dira zona ezberdinak. Entrenamendu zonak neurtzeko teknika ezberdinak daude, baina guztietan 3 zona bereizgarri dira. Alde batetik, lehenengo zona izango genuke, zona aerobikoa, lehenengo atalasearen azpitik kokatuko genukeena (atalase aerobikoa) eta esfortzu bajuei egiten diena erreferentzia. Laktato baloreak 1-2mmol/l artean egoten dira (kirolariaren, kirolaren eta norberaren ahalmenaren arabera), eta denbora luzez entrenatu daiteke zona honetan 2-3 ordutik gora, pultsazio baxuetan lan egiten delako. Gorputzak sortzen duen laktatoa berrerabiltzeko gaitasuna du. Bigarren zona, atalase aerobiko eta anaerobikoaren artean aurkituko litzateke, non laktatoa 2-4mmol/l artean dagoen. Balore hauekin esfortzuak altuagoak dira, eta soilik 30-2h bitartean mantendu daitezke, laktatoa garbitzeko ahalmena baxuagoa delako. Kirolaria neke zentral zein periferikoa nabaritzen hasten da (azidosi prozesua hasten da). Entrenamendu zona hau asko erabiltzen da bereziki atalase anaerobikoa igotzeko, hau da, esfortzu altuagoak jasateko gaitasuna hobetzeko. Eta amaitzeko, zona anaerobikoa edo hirugarren zona dugu, non laktato baloreak odolean 4mmol/l-tik gorakoak baitira, eta honen kontzentrazioa handitzen doa esfortzuarekin. Era honetan, gorputzaren azidosiak jarduerarekin amaitzeko beharra eragiten du, norberaren gaitasun maximora iristean. Zona honetan esfortzuak oso laburrak dira 20’-tik beherakoak.