7K - zazpika astekaria
LITERATURA

Carvalho eta Lanbas, aurrez aurre


Jon Alonso (Iruñea, 1958) egile oparo, original, umoretsu eta jantzia da, baina bere estilo heterodoxoak, bere eszeptizismoak eta hartu duen jarrera politiko guziz erradikalak mereziko lukeen aintzatespenik gabe utzi dute. Mundua ikusteko eta azaltzeko era berezi bat duten idazle apur horietakoa da. Harekin ados edo kontra gehiago egonda ere, beti dauka zerbaiten inguruan harritzeko eta irakasteko ahalmena. Izan ere, “gauza jakina da, literatura, informazioa eman beharretik aske egonik ere, noizean behin informatu ere egin behar duen lengoaia dela, ezer kontatuko badu”.

“Amaiur bat urtero” (Amaiur 1522-2022 eta (H)ilbeltza, 2022) eleberri historikoa albo batean utzirik, azken urteotan argitaratutako “Naparra, kasu irekia” (Elkar, 2020) eta “Beltzaren koloreak” (Susa, 2016) bi saiakerek lotura argia dute, jorratzen dituen gaietan bederen, “Carvalho Euskadin” (Susa, 2023) bere azken fikzio lanarekin. Genero kutuna duen literatura beltza eta saiakera politikoa uztartu ditu egile iruindarrak bertze behin, horretarako euskal literaturan 27 urte bete dituen Enekoitz Ramirez ‘Lanbas’ antiheroiari enkargua eginez eta berpiztuz, harekin batera, bere ironia fina eta esperpentotik hurbil den umore garratza.

Lanbas eta Vazquez Montalban idazle katalanaren detektibe ezaguna, Carvalho, jarri ditu aurrez aurre. Eleberri bi batean dotore harilkatuz, Lanbasi bere estilo lotsagabea eta lehen pertsona eman dizkio eta, Carvalhori, berriz, zeinaren hizkera ere antzeratu duen, hirugarren pertsona eta jarrera soil eta eleganteago bat. Lehena Montalbanen dizipulu den Sanchez Godin-i lapurtutako “Carvalho en Euskadi” liburuaren bila abiatuko bada, bigarrena 1982. urtean, hogei bat urte lehenago, desagertutako Kokotxa euskal militanteaz eta bere neska-lagunaz arduratuko da.

Gizartearen eta, batik bat, instituzioen kritika zorrotz eta satiriko bat egiten du Alonsok: politika eta gobernu kontuak eta berauen sabelazpia, euskarara itzultzea eta espainolarekiko menpekotasuna, euskal lurraldetasunaren auzia edota bertze herrialdeen Bizkai eta Gipuzkoarekiko subordinazio politiko eta kulturala, kultura bera eta literaturaren funtzio eta negozioa... Lerroen artean, gertakari historiko eta egoera politiko berriagoak atzematen ahal ditugu, erraten ez denak, ezkutatzen dituen paralelismo isil horiek, irakurketa eta geure irudimena aberasten dituztela. Egonen da odol eta heriotza falta egotziko diotenak eleberriari, baina, muinari erreparatuz eta hondo-hondoan begiratuz gero, aurkituko du batek heriotza ugari: gerra zikinak eraildakoena, Euskal Herria berarena, demokraziarena eta baita kultura zein literaturarena ere.