SEP. 22 2024 IRITZIA Begiaz SUSTRAI COLINA S.apurgarria, Bestelako hasiera bat nahi nuen baina... Zutabe honi buruz ari nintzen ni. Ikasturte hasierari buruzko esalditzat hartu duzu zuk. Kode etikoaz mintzo dira agintariak, udan metatutako kiloak galtzeaz iragarkiak, epaileak dio udaltzainek ez dutela zertan euskaraz jakin, hauteskundeak galduta ere irabazten du eskuin-muturrak... Nola sinetsi duzu opor-sasoian ez dela ezer gertatzen? Zergatik iruditzen zaizu iraila ekaina baino erreakzionarioagoa? Rebecca Chepetegei bere haurren aurrean kiskali du senar-ohiak. Izango al zenuen kasuaren berri hildakoa kirolari olinpikoa ez balitz? Zenbateko oihana estaltzen du arbolak? Zergatik iruditzen zaizu ibiltzen dituzun kaleetan ezin dela halakorik gertatu? Ez dituzu egunkariak irakurtzen? Nork konposatuko dio atleta ugandarrari ahanzturaren zingiran ez hondoratzeko kantu bat? Gogoratzen zara Amaia Egañaz? Bestelako hasiera bat nahi zenuen zuk ere baina honezkero nekatu zara betiko aurpegiekin topo egiteaz. Ez duzu ulertzen zergatik tematzen den parkekidea bere alaba munduko argiena dela azaltzen eta, halaber, zergatik tratatzen duen unibertsoko tuntunena legez. Tira, zuk ere ontzat jo duzu zure hiriko alde zaharrean apartamentu turistikoen emaria eteteko erabakia, hurrengo oporraldian lotarako erreserba non itxiko duzun jakin arren. Ez dela gauza bera? Larhungo trenak ehun urte bete dituela ospatuko duzu gaur eta trenera sekula igo gabe botako diozu bertsoa. Eramangaitza da beti edukatua izan beharra. Norbere buruarekin, bereziki. Eskerrak udazkena proklamatuko duten gaur, uda betikotzeko grina sumatu zenuen atzo Nabarrerian edo Donostiako Zinemaldiari ekin zioten ostiralean. Ordena apur bat egutegian, pentsamenduan, bizitzan. Bestondorik ez baduzu, okre koloreko hostoak orbeltzen hasi bitartean pelikulak iruzkintzea dagokizu orain, onddo bila irtetea, lehen gaztainak erretzea. Errealitatean dena aldi berean gertatzen da, zure fikzioaren errepublika independentean ez. Hala zabiltza, bakan eta singular izan nahi eta etengabe ereduak kopiatzen. Agerikoena da ikusgaitzena. Horregatik dauka ikusteak baino garrantzi handiagoa ikusia izateak. Zenbat begirada osatu daitezke zure begiekin? Zer ikusten duzu begiak ixtean? Bestelako hasiera bat? Bestelako hasiera bat nahi zenuen baina zure izatezko galderari erantzuten jarraitzen duzu oraindik, berau zein den ez badakizu ere. Eskerrak udazkena proklamatuko duten gaur, uda betikotzeko grina sumatu zenuen atzo Nabarrerian edo Donostiako Zinemaldiari ekin zioten ostiralean. Ordena apur bat egutegian, pentsamenduan, bizitzan. Bestondorik ez baduzu, okre koloreko hostoak orbeltzen hasi bitartean pelikulak iruzkintzea dagokizu orain, onddo bila irtetea, lehen gaztainak erretzea.