AMAGOIA MUJIKA
IRITZIA

Lagunak

Zenbat handitu zaren! Honezkero nobia pila bat izango dituzu!». «Zure semea ‘ligoi’ bat da, beti neskaz inguratuta ikusten dut». Hamar urte betetzerako, zenbatek entzun ote dituzten horrelakoak. Ez dakit zein unetan eta zergatik erabaki genuen neskato bat eta mutiko bat lagunak izatea normaltasunetik kanpo kokatu beharra zegoela.

Eskolako jolastokietan, batzuk futbolean jo eta su. Besteak, futbolak baimendutako bazterretan, hitz eta pitz. Normalean, mutilak alde batetik eta neskak bestetik. Mutilen artean gustura aritzen diren neskak, ‘marimutilak’. Nesken artean ondo moldatzen diren mutilak, ‘arrarotxoak’ edo ‘ligoiak’. Mundua ikusteko modu estua.

Oso umetatik eta nahiko nabarmen, mundua bitan banatzen da, mutikoen eta neskatoen artean marra potolo bat marraztuz. Zuek, han; gu, hemen. Bi planeta desberdinekoak balira bezala, bakoitzak bere koloreko pozak eta minak balitu bezala. Ematen diren hurbilpenak ez dira oso osasuntsuak. «Nahi duzu nire nobioa izan?». Eta hortxe, umetatik bikotetan antolatuak, elkarri begiratzeko adorerik gabe askotan, baina jendarte txiki horren begietara, bikote. Dena bere tokian.

Nerabezaroan normalean kontua ez da hobetzen. Hormonen matxinada betean, lanbrotsuagoa da tentsio sexualik gabeko neska-mutikoen arteko harremanak imajinatzea. Eta, gero, noski, besteek nola ikusten zaituzten ere garrantzitsua da. «Lagunak gara». «Bai, bai, lagunak...». Ikaragarria da besteen begiradak noraino eraikitzen eta deseraikitzen gaituen.

Helduagoak ere, segur aski, ez dira libratzen. Zenbat laguntasun hautsi ote diren gizonezko eta emakumezko batek ‘lagunak baino zerbait gehiago’ ote ziren probatu nahi izan dutelako. Lagunak izate hutsa hain arraroa al da bada? Ez ote dugu borratu umetan gure artean marraztutako marra potolo hori?

Neskak eta mutilak nahasten dituzten kuadrillak behar ditugu. Neskatoei futbolean jo eta su aritzeko orduak falta zaizkie; mutikoei hitz eta pitz aritzekoak. Baina, lagunarte bat osatzen dutenean, gauza zoragarriak gertatzen dira: sekretuak partekatzen dituzte, barre egiten dute, negarra eusten diote elkarri, hilekoaz hitz egiten dute, zein eder dauden esaten diote elkarri, haserretu egiten dira, eztabaidatu egiten dute, elkar interpelatzen dute... parez pare eseri eta elkarren ondoan hazten dira, planeta bereko lagunak direlako. Ez dirudi hain zaila denik, ez dezagun trabatu.