OCT. 20 2024 Hamaika egiteko jaioak EDITORIALA Kazetaritza da gure habitat naturala. Horrela defini genezake edozein erredakziotan jarduten duen langile baten bizitzaren parte handi bat. Baina etxea, egin egiten da, eta ofizio honetan ere, pasioa da exijitzea zilegi den gutxieneko hori. “Egin”-ek abiatu zuen ekosistema periodistiko baten ondorengoak GARA eta lekuko horri jarraitutasuna ematearen erantzuleak ere bai, irakurleek eskatzen dutelako, gure komunitateari zor gatzaizkiolako eta, gauza ororen gainetik, gure betebehar nagusia ere badelako. Noski, gauzak aldatu egin dira, eta asko. Oinarrizko premisa horiek berberak izaten jarraitzen duten arren, aldaketa klimatikoa gertatzen ari den bezalatsu ikusten dugu gure begien aurrean aldaketa periodistikoa ere existitu existitzen dela. Gure habitat naturala kazetaritza bada, bertan bizi garen ekosistemek mutazioa jasan dugu, garai politiko eta sozialak bultzatuta, ohituren aldaketak eramanda, egoera sozioekonomikoak sortuta... Arrazoi ugari egon daitezke gaur egungo kazetaritzaren egite desberdin horren atzean, baina argi dagoena da ezinezkoa dela garai, egoera, berri horri bizkar emanda aurrera jarraitzea. “Egin” aipatu dugu, eta denbora hartako kazetari bat baino gehiago kazetaritza egiteko manera berriez jabetuko balitz, hamaika ikusteko jaioak garela esango luke, ziur. Baina, guri, kazetarioi, ikusitakoa gauzatzea dagokigu, gorpuztea, hitzak ekintza ere badirelako gaininformatutako -eta gaizki informatutako- garaiotan. Ordainketa-etendura egoera batean egonda, espoliazio bati aurre egitea lortu genuen; pandemia etorri zen ondoren, denontzat ezagunak diren kostu guztiekin; erredakzioko lan antolaketa eraldatu genuen denbora horretan guztian eta digital first delako lan moldea ezarri genuen kazetarion artean. Izan ere, guretzat etorkizunak izenik badu, berau NAIZena izango da, izan, bagarelako. Digitalizazioak eta kazetaritza egiteko zein kontsumitzeko modu berriek aurretik eraman dezakete garaiotara egokitzen ez den oro. Giltzarria, beraz, ate berriak zabaltzean datza, aukera berriak ekarriko dituzten sarrailen irekitzean. Izan ere, aukerekin batera etorri ohi direlako erronka berriak ere, eta haiei aurre egiteko nahikoa indar izatea ezinbestekoa izango delako, etorkizun ertain batean bederen bermeak edukitzen jarraitu nahi badugu. Indar berriak, bizigarriak, batuko zaizkie lehenagotik datozen konpromisoei eta oinarrian zimendu gisa jarri genituen lehentasunei. Kazetaritza independentea izaten jarraituko dugu, gertuko zein urruneko baina beti intereseko istorioak batuz, azkartasunez zein pausaz, gurean, hamaika ikusteko baino, hamaika egiteko jaioak garelako. Giltzarria, beraz, ate berriak zabaltzean datza, aukera berriak ekarriko dituzten sarrailen irekitzean. Izan ere, aukerekin batera etorri ohi direlako erronka berriak ere, eta haiei aurre egiteko nahikoa indar izatea ezinbestekoa izango delako, etorkizun ertain batean bederen bermeak edukitzen jarraitu nahi badugu.