OCT. 20 2024 UPV/EHU ITSAS BENTOS IKERKETA TALDEA, ALGA ETA ORNOGABEEN ZAINDARIA Komunitate bentoniko aberatsak, hain hurbil eta hain ezezagun Erreportaje hau ilustratzen duten irudietakoak bezalako alga eta makro-ornogabe ederrak toki exotikoekin lotu ohi ditugu, baina argazkiak gure kostaldean bertan atera ditu UPV/EHU Itsas Bentos Ikerketa Taldeak. Fikologoz eta zoologoz osatutako talde honek 40 urte darama substratu gogorreko itsas komunitate bentonikoei begira, giza jarduerek horietan duten inpaktuan arreta jarrita. Bere lana ezagutu nahi izan dugu. Maider Iantzi Goienetxe UPV/EHU Itsas Bentos ikerketa taldea eta UPV/EHUko prentsa bulegoa Algak, makro-ornogabeak eta komunitate bentoniko horiek osatzen dituzten organismoak aztertzea da UPV/EHU Itsas Bentos Ikerketa Taldearen lanaren oinarria. Ur azpian gertatzen dena ez da ikusten, eta jende gutxik ezagutzen du zer dagoen hor. Ez dago urrun, hortxe dago, gure kostaldean. Ur zolera joan gabe, metro batera edo bi metrora dauden komunitateak hagitz aberatsak dira eta zerbitzu garrantzitsuak ematen dizkigute -beti jartzen baikara gu zentroan-. UPV/EHU Itsas Bentos ikerketa taldeko kideak ezagutu ditu 7K-k. Isabel Diez, Nahiara Muguerza, Endika Quintano eta Olatz Arriaga fikologoak dira; Maria Bustamante, Jose Ignacio Saiz Salinas eta Javier Tajadura, aldiz, zoologoak. 1980ko hamarkadan taldea sortu zenetik partaide batzuk aldatzen joan dira, baina beti egon dira makroalgak aztertzen dituzten fikologoak eta itsas ornogabeetan espezializatutako zoologoak. Oroitu dutenez, UPV/EHUko ikerketa talde honen jatorria Jose Maria Gorostiaga eta Jose Ignacio Saiz Salinas irakasleek “Abra eta bere inguruko azterketa ozeanografikoa” proiektuan egin zuten elkarlanean dago. Ordutik, unibertsitate honetako ikerlari eta irakasleek osatu dute beti taldea. (UPV/EHU Itsas Bentos Ikerketa Taldea) GIZA EKINTZEN INPAKTUA Hainbat proiektutan parte hartu dute UPV/EHU Itsas Bentos Ikerketa Taldeko lagunek, bereziki giza jarduerek kostaldeko ekosistemaren osasunean duten inpaktua baloratzeko. Adibidez, Bilbo Handiko Eskualdeko Saneamendu Plan Integralak Bilboko Abrako eta ondoko kostaldeko komunitate biologikoetan 1984. eta 2012. urteen artean izan zuen eragina aztertu zuten. Gaur egun, aldiz, Busturialdeko Saneamendu Plan Integralaren aitzinean komunitate bentonikoak nola erantzuten ari diren behatzen ari dira. Bilboko Portuko Zaintza Biologikoaren Plana ere gauzatzen ari dira. «Bere garaian Bilboko Portuaren zabaltze lanek komunitate biologikoen gainean zuten inpaktua ebaluatzeko helburua izan zuen, eta gero portuko jardueraren eragina bera. Halaber, eskala handiagoko ingurumen inpaktuei ere heldu diegu. Esate baterako, ‘Prestige’ petrolio-ontzia hondoratu zenean gertatutako isuriak euskal kostaldeko substratu gogorreko itsas komunitate bentonikoetan izan zuen inpaktuaren balorazioa egin genuen 2003 eta 2007 artean. Eta 2007tik gaur egun arte klima aldaketatik eratorritako itsas ekosistemaren gorabeherak ikertzen ari gara», esplikatu dute. Ikerketa hauei esker, kutsadurak komunitateen egituran eta funtzionamenduan duen eragina ezagutzen da, baita komunitate horiek beren onera etortzeko duten gaitasuna eta erresilientzia ere. Kutsadura detektatzeko laginak hartzeko metodoak hobetzeko eta ebaluazio tresnak sortzeko aukera ere eman dute. Adibidez, ur masen egoera ekologikoa baloratzeko indizea (RICQI), Uraren Esparru Zuzentarauaren testuinguruan (DMA 2000/60/CE). (UPV/EHU prentsa bulegoa) (UPV/EHU prentsa bulegoa) ZER MANTENDU DEN, ETA ZER ALDATU Zerk iraun duen eta zer aldatu den galdetuta, taldearen esentzia berdina dela erantzun dute; hau da, giza jarduerek itsas ekosistemen egituran eta funtzionamenduan sortzen dituzten inpaktuak aztertzea da ikerketa-lerro nagusia, 80ko hamarkadan bezala orain ere. Aldaketa da inpaktu mota berri baten ikerketa txertatu dutela beren eguneroko lanean, «aurrekaririk ez duen eskala, inertzia eta konplexutasuneko ikerketa bat: klima larrialdiak itsas flora eta faunan duen inpaktua». Egiten dituzten proiektu gehien-gehienek giza jarduerek itsas ekosisteman duten eragina neurtzea dute helburu, Zaintza Planen bidez. «Horrela, araudiak eta gidalerroak betetzeko beharrari erantzuten dio gure taldeak, bai maila autonomikoan bai Europa mailan. Araudi eta gidalerro horiek giza presioen inpaktua ebaluatzea exijitzen dute, baita itsas ekosistemen gaineko eragina gutxitzeko neurrien eraginkortasuna ere. Xedea ekosistemaren osasuna determinatzea eta itsas ingurugiroa babestea da», zehaztu dute Itsas Bentoseko zientzialariek. HONDAKIN-URAK TRATATZEA, GILTZARRIA Gaur egun egiten dituzten zaintza plan aunitzetan, hondakin-uren araztegien efluenteen isuriak dauden inguruen ingurugiro-egoera neurtzen ari dira. Etxeko, hiriko edo industriako ur zikinak, behin garbituta, itsasora isurtzen dira. Isuri horiek kostaldean kokatzen dira, marearteko zonan edo marea azpiko zonan. Araztegien efluenteek aldaketak eragiten dituzte itsas ingurunean, eta aldaketa horiek kaltegarriak izan daitezke ekosistemarako. «Detektatu ditugun estres sintomen artean honakoak nabarmentzen dira: desagertzen diren espezie sentikorren dibertsitatearen galera; alga iraunkorren lekualdatzea, ez-iraunkorrak, urtekoak edo oportunistak diren beste alga batzuen mesedetan; faunaren estrategia trofikoen desoreka, ornogabe filtratzaileen gorakadarekin; habitata ematen edota sortzen duten eta ekosistemarentzat gakoa diren espezie biogenikoen desagertzea; eta horren ondotik bata bestearen atzetik etortzen diren eraginak, azkenean sistema bentonikoaren egonkortasunean eta erresilientzian ondorio negatiboa sortzen dutenak». Hondakin-urak tratatzea «beharrezkoa» dela defendatu dute Itsas Bentoseko ikerlariek, giltzarria delako ingurumenaren kutsadura murrizteko. Zaintza planek ingurumenaren erantzuna dokumentatzen dute, eta gure jendartearen garapen jasangarria behatu ere bai. Javier Tajadura, Endika Quintano, Maria Bustamante eta Nahiara Muguerza, erdi jantzita ur azpira joateko. Azken urteetan laurak dabiltza urpean. (UPV/EHU Itsas Bentos Ikerketa Taldea) KLIMA LARRIALDIAREN EFEKTUAK «Egiatan, 1990eko hamarkadan euskal kostaldean aurkitzen genituen komunitateak eta azken hamarkada honetakoak konparatzen baditugu, nabariak dira klima aldaketaren ondorioak, mundu mailan gertatzen ari den bezala. Nagusiki itsasoko uraren gainazalaren tenperatura igotzearen eraginez, baina baita irradiazioa handitzearen, elikagaiak hain eskura ez izatearen, olatu handiagoen eta faktore gehiagoren efektuz ere, errezela osatzen duten alga espezieak desagertuz doaz eta, horrenbestez, horiekin erlazionatutako espezieak ere bai; ornogabe batzuk, besteak beste», azaldu dute zientzialariek. Alga egituratzaile horiek iraunkorrak dira, tamaina handikoak eta morfologia konplexukoak, eta funtzio garrantzitsu ugari betetzen dituzte ekosisteman. «Esan dezakegu ekosistemen ingeniariak direla: habitata eskaintzen dute, elikagaia eta babesa ere ematen diote beste espezie askori, lehengaien ekoizleak dira eta bioaniztasuna eta ekosistemaren egonkortasuna mantentzeaz arduratzen dira». Ematen dituzten zerbitzu horietaz guztietaz gain, karbono dioxido isurien parte bat xurgatzen dute eta ekaitzen eta higaduraren aitzinean babesa ematen dute. Elikagai eta farmazia industriarentzat ere garrantzi handia dute. Horregatik, beren galerak aunitz pobretzen ditu komunitate bentonikoak eta, oro har, itsas ekosistema osoa. HIRU DIMENTSIOTIK BI DIMENTSIORA IGAROTZEA «Hiru dimentsioko komunitate heldu eta ongi garatutako bat izatetik, bai algen eta bai ornogabeen espezie ugarik okupatutako hainbat geruzaz osatua, bi dimentsioko komunitate batera igaro gara, non soropilaren antzera hazten diren espezieak nagusitzen diren, morfologia sinplekoak kasu askotan». Hobeki ulertarazteko, basoekin alderatu dute: «Zuhaitz espezie nagusi bat duten basoak izatetik, horrek dakarren guztiarekin (belarjaleentzako elikagaia da, adaburuen azpian giro ezberdinak sortzen ditu, ingurugiroko baldintzak aldatzen ditu, itzala ematen du...), arbola horiek galdu eta belardi bat osa dezaketen espezie basalekin soilik gelditzea bezala litzateke». URETAKO LANA ETA ORDENAGAILU AITZINEKOA UZTARTUZ Beren lan aste bat nolakoa den jakin nahi izan dugu. «Erantzun azkarrena beste galdera bat da: zein aste? Izan ere, gure zeregina oso desberdina da laginen garaian bagaude, martxo-apirilean hasi eta urri-azarora bitartean, edo jada negu garaian, lehorrean, hau da, ordenagailuaren aurrean denborarik gehienean: landan jasotako datuen tratamendu estatistikoa egiten, argazkiak biltzen eta txostenak idazten. Ikertzaile gisa egiten dugun lan inportanteenaz aparte: gure proiektu eta ikerketekin artikuluak prestatzea eta aldizkari zientifikoetan argitaratzen saiatzea». Laborategian ere ematen dute denboratxo bat, luparekin edo mikroskopioarekin jasotako laginak identifikatzen, kanpoko laginketetan euren begiz determinatu ezin izan dituzten kasuetan. Gehiago ere bai: tartean-tartean beti sortzen dira elkarlan zientifikoren baterako edo zabaltze eta dibulgazio zientifikorako aukerak, gure erreportaje hau bezalakoak. «Laginketa garaian lan handia izaten dugu kostaldean: batez beste 52 egunetan egiten dugu laginketa urtean, arroketakoak, urpean igeri jasotzen ditugunak eta lau urtaroetan itsasontzitik neurtzen ditugun parametroak (argia, gazitasuna, tenperatura, disolbatutako oxigenoa... ur zutabean) batuta», zehaztu dute zientzialariek. Marearteko zonan egiten dute lan, martxotik urrira bitartean hilabeteko marea bizien ia egun guztietan, itsasbeheran, agerian gelditzen direlako marearteko komunitateak, informazio hagitz baliotsua ematen dietenak. Bestalde, itsas azpiko sakonera txikiko komunitateak aztertzen dituzte, beti urpean daudenak, eta horretarako ur azpian igeri egin behar dute. Ez dute alde batera uzten UPV/EHUko beren irakaskuntza lana, bai Biologia eta Ingurugiro Zientzien graduetan eta bai zenbait masterretan. (UPV/EHU Itsas Bentos Ikerketa Taldea) (UPV/EHU Itsas Bentos Ikerketa Taldea) (UPV/EHU Itsas Bentos Ikerketa Taldea) MEZU BAT «Klima aldaketa, hondakin antropogenikoak, espezie exotikoak sartzea... Giza jarduera horietatik guztietatik eratorritako arazo handietako bat ozeanoen biodibertsitatearen galera eta ekosistema ugariren desegituratzea da, substratu gogorreko bentosak osatzen dituzten ornogabeen eta algen komunitateak barne», nabarmendu dute ikerlariek. Habitat zehatz honekin lotutako beste arazo bat da gehiena urpean dagoela eta horregatik hagitz ezezaguna dela jendartearentzat. Hala eta guztiz ere, bere zaindari moduan, frogatu ahal izan dute aipatutako arazoak gutxitzeko hartzen diren hainbat neurri eraginkorrak izaten ari direla. «Adibidez, hondakinen uren tratamenduan hobekuntza handiak egin dira, eraginkorrak izaten ari dira eta komunitate biologikoak ongi erantzuten ari dira ekintza horiei. Bilboko Abran orain dela 30 urte zegoen egoeraren eta orain dagoenaren artean alde handia dago. Badago zer hobetu, baina kutsadura gutxitu da». Beraz, eman nahi duten mezu garrantzitsu bat da berehalako estrategia zuzentzaile ugari garatzen segitu behar dela arlo honetan eta besteetan, euren begiz ikusi ahal izan dutelako zein onura ekartzen dizkieten askotariko habitatei. «Gainera, horrela ekidingo dugu atzera-bueltarik gabeko aldaketak gertatzea eta komunitateak erreakzionatzeko, leheneratzeko edo egokitzeko gaitasunik gabe uztea». Lehen aipatu dugun dibulgazioarekin lotuta, Zientzia Astea prestatzen ari dira. Aurten, lehendabiziko aldiz, tailer bat emanen dute gure itsas hondoa ezagutzeko. Partaideek alga eta ornogabeak ikustea, horietaz galdetzea, azalpenak entzutea, eta komunitate horiek hagitz hurbil ditugula konturatzea da asmoa. Biodibertsitateaz eta honen zaintzaz solastatzea ere bai. Kanpoan egiten ditugun ekintzek ondorioak dituztela jabetzea. Bilbon izanen da, azaroaren 10eko igande goizean, eta beharrezkoa izanen da aldez aurretik izena ematea.