OCT. 20 2024 IRITZIA Lehengoak, oraingoak AMAGOIA MUJIKA Autobusean ondoan tokatu gara. Bidaia osoan, aurreraxeago dagoen senarrari adi-adi dago. Tarteka «ondo zaude?», galdetzen dio. Zaintza, autobusean lau aulki atzerago eserita, beti zaintza. Azkenaldian izugarri mareatzen omen da senarra. Lehen ez zela inoiz zorabiatzen, asko bidaiatutakoak direla autoz, trenez, hegazkinez eta beti ondo. Orain, 85 urterekin, hasi da mareatzen. Eta akabo bidaiak. Tira, baina nahikoa bidaiatu dutela. Berak 83 urte dauzkala eta bizitza osoa daramatela elkarrekin, ia 60 urte. Emakume bizia da, hizketarako jarioa eta grazia dauzka. Euskal Herri kanpotik ekarritako gazteleraren azentua dauka, bizitzaren bi heren jaioterritik aparte eraman arren, ez zaio desitsatsi. Euskararik ere ez zaio itsatsi Euskal Herrian daramatzan urtetan. Bera gaztetan mareatu egiten zela, baina Donostian etxe batean garbitzen hasi zenean ikasi zuela autobusean bidaiatzen. Egunero joan-etorrian, orduak eta orduak autobusean, beharko mareatu gabe ibili! Beharrak gorputza edozertara moldatzen duela. Eta berak eta senarrak lana erruz egin dutela, familiarekin aurrera egiteko. Erretiratu zirenetik ahal duten guztia bidaiatu dute, alabek lan egiten dute eta moldatuko dira. Berak bere eskuekin eta bere kabuz aurrera egin behar izan duela beti. Ni isilik, tarteka buruarekin baietz. Emakume langilea, gure etxeko belaunaldi horretako beste asko bezala. Kasta bereziko emakumeak. Ez dut ezertaz ezagutzen, baina ez dut zalantzarik egin kontatu didana egia dela eta arima urratu duela lanean. «18 urte nituela etorri nintzen Cacerestik. Senarra ere handik etorri zen. Baina gu lanera etorri ginen, lana eta lana baino ez dugu egin. Inork ez digu ezer oparitu. Ez orain etortzen diren horiek bezala, dirulaguntzetatik bizitzera, alferrak. Kalean lapurretan, bortxaketak egiten, dirulaguntzak kobratzen... Gauzak asko aldatu dira, eta txarrerako». Leihotik begira jarri naiz. Isilik. Aztoratuta. Lanean arima urratu duenak nola sentitzen du hain urrun bizimodua aurrera ateratzeko dena abandonatu behar izan duena? Zein ari da langileak xaxatzen langileen kontra jartzeko? Pobreak pobreen kontra. Zeini komeni zaio borroka hori? Zer esaten ote zen euskal etxeetan duela 60 urte Cacerestik lanera etorri ziren migranteei buruz? Nola josiko dugu herri bat gorrotoaren hariekin? Ez naiz ni autobusean mareatzekoa, baina mareatu egin naiz. «18 urte nituela etorri nintzen Cacerestik. Baina gu lanera etorri ginen, lana eta lana baino ez dugu egin. Inork ez digu ezer oparitu. Ez orain etortzen diren horiek bezala, dirulaguntzetatik bizitzera». Lanean arima urratu duenak nola sentitzen du hain urrun bizimodua aurrera ateratzeko dena abandonatu behar izan duena? Zein ari da langileak xaxatzen langileen kontra jartzeko?