7K - zazpika astekaria
Beñat Gaztelurrutia (Durangoko Azokako koordinatzailea)
Interview
Beñat Gaztelurrutia
Durangoko Azokaren koordinatzailea

«Hizkuntza baten biziberritzean berebiziko garrantzia dauka kulturak»

Ate joka dator 59. Durangoko Azoka. Abenduaren 5etik 8ra 200 ekitaldi iragarri dira. Landako Gunean 153 partaidek 274 erakusmahai ipiniko dituzte eta 933 nobedade egongo dira. Hartu eta eman. Kulturaren erakustaldia hastera doa.

(Oskar Matxin Edesa | FOKU)

Azokako antolatzaile moduan galdera potoloak egiten zaizkigu. Zein egoera bizi du euskal kulturgintzak? Zeintzuk dira erronkak? Eta transmisioa nola dago? Guk iritzia badaukagu, baina inurriak gara, urtero etxe handi bat eraikitzen. Esperientzia bildu dugu, eragile eta sortzaile askorekin harremana dugu, argazki orokorra egiteko informazioa badugu, kasu batzuetan tenperatura hartzeko aukera ere bai, baina gurea inurri lan erraldoia da. Irabazi asmorik gabeko elkartea gara. Gure misioa da Azoka antolatzea. Onartzen dugu etorri zaigun moduan eta erantzukizun osoz egiten dugu», adierazi du Beñat Gaztelurrutiak, Durangoko Azokaren koordinatzaileak. Gerediaga Elkartearen egoitzan hartu gaitu. Sakelako telefonoa sutan dauka ondoko mahai gainean, elkarrizketa bukatu zain.

Zer itxura hartzen diozu aurtengo Azokari? Azokak itxura oso ona dakar. Aberats eta emankor dator, egitaraua ikusi besterik ez dago. Euskal kulturak badauka sorkuntza ugaria eta emankorra, kalitatezkoa. Eta Durangoko Azokan ikusi egiten da. Edukiak eginda datoz eta onak dira. Guri tokatzen zaiguna da ahalik erosoena izan dadila partaideentzat, egileentzat eta bisitarientzat.

Zuen lana da uztarentzat erakusleiho egokia atontzea. Bai, erakustoki erosoa eskaintzea, ekartzera zein hartzera datorrenari. Bila etortzeko esaten diogu jendeari. Altxor pila bat daude. Azoka, gainera, beste dimentsio bat hartzen ari da. Izan ere, argitalpenez harago, topaketak, mahai inguruak, gogoeta saioak… egiteko erabiltzen da Azoka. Horrek erakusten du topalekuaren garrantzia.

Zuzeneko emanaldiak kontsumitzeko gunea ere bada, horrek daukan garrantziarekin. Kultura bizi hori… Bai, zalantzarik ez. Liburu, disko eta dena delakoarekin etxera joatea inportantea da, baina Azoka ez da horretarako bakarrik. Ez alferrik, hamarkadatik gora da gune ezberdinetan, diziplina ezberdinetako lanak erakusten ari garena. Hori da hain zuzen ere sortzaileek eta hartzaileek bertatik bertara harremana izateko momentua. Landako Gunea da honen guztiaren hasiera edo bihotza, nahi bada, baina Azoka Durango osora zabaltzen da.

Ekosistema osoari eta katea osatzen duten katebegi bakoitzari fokua jarri diezue aurten. Hartzailearen garrantzia nabarmendu nahi izan dugu. Azoka iristean beti aipatzen dugu zenbat nobedade aurkeztuko diren urteko katalogoan, etorriko diren argitaletxeen kopurua, zenbat aurkezpen egingo diren… Uztaz asko hitz egiten dugu, baina kultur sistema hori baino gehiago da. Eta kultur sistemako atal inportante bat hartzaileek osatzen dute. Bistako arrazoiengatik. Ez sektoreari ‘egonkortasuna’ -eufemismoa den arren- ematen diotelako bakarrik. Egilea sortzen ari denean komunitate bati edo hartzaile multzo bati zuzentzen zaio. Uste dugu sortzailearentzat inportantea dela hartzaile multzo hori. Gainera, sortzaileen eta gizartearen arteko lotura kulturazaleek egiten dute. Kultura bada pentsamendua, kritika eta balio sistema bat, eta horiek hartu, burmuinean eta gorputzean iragazi eta praktika forman gizartera ematen dutenak zaleak dira. Uste baino katebegi garrantzitsuagoa da hartzaileena.

2022an egin nizun elkarrizketan zenioen «euskal kulturgintzaren benetako arazoa da, kalitatezko sorkuntza kopuru onargarri bat izan arren, ez daukala behar beste zale. Horrek eragiten ditu egoera hauskorrak, eta horregatik dira azken urte bietako albo-kalteak hain bistakoak». Izurriaren testuinguruan ari zinen. Bi urte geroago badirudi gauzak ez direla askorik aldatu. Zer egin, horren aurrean? Aurten hartzaileei arreta jartzearen arrazoietako bat, ez bakarra, hori da. Hausnarketa hau susmoa baino gehiago da. Orduan, pandemiaren erdian, esaten genuen gertatu zena gertatu zelako. Orain bizitza normalago -nahiz ez dakidan guztiz normalizatua den- batean bizi gara eta egiturazko arazoak hor jarraitzen du. Gainera, are larriagoa da, zeren adierazle guztiek esaten dute euskarazko sorkuntzak hartzaile gero eta gutxiago dituela. Adierazle guztiek diote gauza bera.

Zenbat urtetako garapenaz ari zara? Azken hiruzpalau urteez ari naiz. Euskarazko liburuen salmentak behera egin du, gorabehera batzuekin. Orain argitaratuko diren inkesta batzuek ere diote euskarazko liburu gutxiago irakurtzen dela. Eta irakurtzen duen jendeak gero eta gutxiago irakurtzen duela euskaraz, eta gehiago beste hizkuntza batzuetan. Modu eta toki ezberdinetatik datozen adierazleek hala diote.

Kezka badago. Bai, kezka hor dago eta argi gorria piztuta dago. Lotuta dago hizkuntza gaitasunarekin eta euskararen normalkuntza prozesuak dituen ezintasunekin. Euskara ezagutzen duen jende gero eta gehiago dago, baina euskara bigarren edo hirugarren hizkuntzatzat daukatenak dira. Zergatik entzun disko bat, irakurri liburu bat edo ikusi antzezlan bat zure bigarren edo hirugarren hizkuntza den horretan, zure lehenengoa den hizkuntzan egin ahal baduzu?

Belaunaldi gazteak dira etorkizuna. Haiei jarri diezue arreta azken edizioetan. Euskaraz kontsumitzeak bilaketa egitea eskatzen du, merkatuak eskaintzen dizuna hizkuntza erdaretan baitago. Helduoi ahalegina eskatzen badigu, zer esanik ez gazteei. Horrela da. Hizkuntza hegemonikoek berez hartzen dute indarra. Hegemonikoa da nagusi dena eta oharkabean ontzat ematen dena. Hizkuntza hegemonikoek zirrikitu guztiak baliatzen dituzte, eta konturatzen zarenerako ura oinetan daukazu. Euskalgintzaren Kontseiluak ere orain gutxi esan du euskara larrialdi egoeran dagoela. Egia da erronka handia dela. Nola bizi hizkuntza gutxiagotu bateko komunitatean mundu globalizatu honetan? Ez da erraza adin batetik gorako pertsonentzat eta bereziki zaila da belaunaldi berrientzat. Nola azaldu belaunaldi berriei hizkuntza inportantea dela? Hizkuntza komunikatzeko bakarrik baldin bada, aukeratuko duzu hizkuntza hegemonikoa, ekonomikoena berori delako, balio dizulako mundu guztiarekin komunikatzeko. Hor jai dago. Hizkuntza batek balioa hartzen du, proiektu batekin edo lurralde eremu baterako gizarte egitasmo batekin lotzen baduzu. Eta gizarte egitasmo horrek balio batzuk baditu eta etorkizunerako proiektua eskaintzen badizu. Orduan indarra hartzen du, eta atxikimendua lortu dezake.

«Euskaraz jasotzen den kulturak, euskaraz eta euskara indartsuago batean bizitzen» lagunduko digun ideia nabarmendu duzue. Horren kontziente da Azokako bisitaria, euskal kulturaren kontsumitzailea? Hizkuntza erabiltzean faktore askok eragiten dute. Nik esango nizuke gehienak egiturazkoak direla. Gutxitan hautatzen dugu, ez hizkuntza bat erabiltzerakoan ez beste gauza askotan, seguruenik. Egia da faktore horien guztien artean inportantea dela erraztasuna. Gaitasunik ez badauka ez du erabiliko, eta aldiz, erraztasuna izateko erabili egin behar duzu. Gurpil zoroan zein dator lehenengo? Auzi hori hor dago. Aipatu duzun esaldia ez dugu esan Azokaren bisitariei begira, gizarte osoari begira baizik. Kulturaren funtzioa aldarrikatu nahi dugu. Hizkuntza baten biziberritzean berebiziko garrantzia dauka kulturak, eta bada tresna hizkuntza gaitasuna eskuratzeko. Zerbait entzutean edo irakurtzean, edo pentsarazten dizun zerbait euskaraz ematen dizutenean, baita sortzeko unean ere. Azokara datozen asko honetaz jabetuko dira, beste batzuk ez dira jabetuko…

Antolatzaileak, kulturgintzaren sektoreak, erakunde publikoak, guztiak bat zatozte: Azoka estrategikoa da. Zein da Gerediagak egiten duen hausnarketa? ‘Estrategikoa’ hitzak errespetu handia ematen dit, hitz potoloa da. Esan nahi du estrategia edo plangintza orokorra dagoela eta horren barruan funtzio konkretu bat daukazula, hemendik ez dakit zenbat urtera ez dakit zer lortzeko. Ez dakit horretan gauden edo hau den momentua horretaz gogoeta egiteko.

‘Estrategikoa’ hitza erabiltzen bada esateko Durangoko Azoka garrantzitsua dela, horretan bat gatoz, jakina. Gauza bigatik. Batetik, euskal arte diziplinen egoera zein den ikusita -Azokak ez ditu diziplina guztiak hartzen, nahiz eremua zabaldu den-, literatura eta musika bezalako diziplinetarako Azoka funtsezkoa da. Durangoko Azokarik gabe ikusi beharko litzateke zein bilakaera izango luketen. Horren kontziente gara. Hori helarazten, jakinarazten eta gogorarazten digu kulturgintzako zenbait sektorek. Itzelezko ardura da guretzat, eta ardura horretatik antolatzen dugu Azoka. Badu halako trakzio gaitasuna, eta erabilgarria izan daiteke beste egitasmoetarako. Gerediaga Elkarteak beti jokatu du eskuzabaltasunez, eta beharko balitz Azokak daukan batzeko gaitasuna dena delako proiektuak martxan jartzeko eskuak zabalik izango ditugu, baldin eta sektorean adostutako proiektuak badira.

 

Oskar Matxin Edesa | FOKU

Kulturgintzaren aldetik «Azoka behar dugu» adierazten dizute. Koordinazio lanetan daramatzazun lau urteotan ikusi duzu garapenik aitortza horretan? Euskal kulturgintzako eragileek Durangoko Azoka ikusten dute kontsentsuzko eta konfiantzazko toki baten moduan. Parte hartzen duten eragile guztiek bat egiten dute Azoka inportantea dela eta bultzatu egin behar dela esaterakoan. Durangoko Azokan parte hartzen dute erakunde publikoek ere bat egiten dute duen garrantzian, eta bultzatu egiten dute. Zaleek ere Azokaren deiari erantzun egiten diote. Aitortza dago sortzaileen eta eragileen partetik Azokarekiko, bakoitzaren zirkunstantziak albo batera utzita. Azoka izaten da euskal kulturgintzaren lur hartze behartua, bortitza. Guri tokatzen zaigu ikustea egile, argitaletxe eta eragile batzuen pozak, beste zenbaiten ezintasunak, urgentziak, larritasunak… Hori guztia kudeatzea ez da erraza. Eragin egiten digu guri ere. Aldi berean sentitzen dugu gertuko sentitzen gaituztela. Euren beharrak asetzen ahalegintzen gara, eta kasu askotan asmatu ere egiten dugu.

Zuentzat ez dela erraza diozunean, emozionalki esan nahi duzu. Bai, guri eragiten digute errealitate ezberdin horiek, batzuen pozak eta besteen ezintasunak kudeatu beharrak. Horretara dator aurten eragile eta egileentzat zabaldu dugun elkartasun kutxa. Badakigu eragile batzuentzat Azokan egotea ahalegin ekonomiko handia dela, eta Azoka ondo ez doanean are gehiago. Guk irudikatzen dugu Azoka guztion artean egin behar dugun zerbait bezala. Ez dugu atzean inor utzi nahi. Benetan premia duenari, Azoka amaitu ondoren, laguntzeko elkartasun kutxa ireki dugu. Gerediagaren aurrekontutik bideratuko dugu laguntza ekonomikoa.

Azokak lauzpabost egun ditu edizioaren arabera, baina urtea luzea da. Egoera ekonomiko zailari aurre egin behar dio askok. Seguruenik bai. Eragileen finantzak ez ditugu ezagutzen, baina pentsatzekoa da baietz. Hau esanda, Azoka benetan existitzen den errealitate baten afirmazio baten moduan ikusten dugu guk. Euskal kulturgintza existitu egiten da, baina ez da nahikoa esatea, hori erakutsi egin behar da. Durangoko Azoka izango da euskal kulturgintza ia bere osotasunean eta aldi berean erakusten duen agerraldi indartsuenetakoa. Horrek berretsi egiten du bagarela. Inportantea da, modu sinbolikoan adierazteaz harago, modu ukigarrian erakustea.

Bizi dituen garai zailak direla-eta, baldintza bereziak eskaini dizkiozue musikagintzari azken urteotan. Zein da argitaratzaile eta taldeen aldetik jaso duzuen feedback-a? Musikaren plazari ikusgarritasuna eman genion, batetik. Bestetik, malgutasuna eman genion, Azokan daukan ‘zurruntasunaren’ barruan musikak dituen berezitasunei erantzun ahal izateko. Alde horretatik harrera ona izan da. Egia da, eta hau ere esan egin behar da, guk normalean Azokako parte hartzaileekin izaten dugun harremana Azokaren testuinguruan dela, urgentzia momentuetan eta Azokari lotutako gaien inguruan: izen emateak, katalogoa… Ez dugu tarte askorik izaten patxadaz, Azokatik kanpo, gaiaz hitz egiteko. Hala ere, Azokako egun gutxiek askorako ematen dute, eta harremanak izaten ditugu batekin eta bestearekin. Egiaztatu dugu digitalizazioak paradigma aldaketa ekarri duela musikagintzara. Orain arteko patroiek gaur egun ez dute funtzionatzen. Ez dago erantzunik, eta bakoitza bila ari da. Asmatzen duenak erakutsiko die bidea besteei, eta jarraituko diete edo jarraituko diegu.

Gainera, sumatu duguna da musikari eta talde gero eta gehiagok dihardutela autoekoizle moduan. Euren proiektuetan buru-belarri sartuta daude. Euren beharrei erantzuten ahalegintzen dira, eta bidea egiten. Momentu honetan ez dugu ikusten paradigma aldaketari aurre egiteko gogoeta partekaturik. Igual bai praktika konpartituak, elkar mimetizatu egiten direlako, baina ez gogoeta konpartiturik. Gehiago lagundu nahi genieke, baina ez dakigu nola.

Paradigma aldaketa diozunean, euskarriez eta kontsumo modu berriez ari zara. Bai. Disko batek zentzua hartzen zuen bere osotasunean. Egilearen intentzioa zegoen atzean: ‘Hau da nire obra’. Orain gehiago dira pieza txikiak, tarteka ematen direnak… Orain ez gara bildumagileak, ez dugu etxean bilduma osoa… Horrez gain, doakotasunaren kontua. Doan badago musika, nola ordaintzen da sortzailearen lana? Nola duintzen da sortzailearen lana? Hauek dira dauden arazoak.

Musikaren inguruko gogoeta osatzeko, esango nuke Durangoko Azoka badela arnasgune inportantea musikaren plazarentzat. Arrakasta duen plaza da. Ilarak egoten dira, jendea etorri egiten da sortzaileen sinadurak eskuratzera eta beraiekin egotera. Hau ere baloratu egin behar dugu. Durangoko Azokak alde horretatik egiten duen ekarpena uste dugu sekulakoa dela. Baina sektoreak baditu beste arazo batzuk, seguruenik Azokak konpondu ezin dituenak.

 

Oskar Matxin Edesa | FOKU

Durangoko alkate Mireia Elkoroiribek (EAJ) 2025eko bigarren seihilekorako iragarri du Plateruenaren irekiera. Nola eragin du Durangoko eta Euskal Herriko kulturaren dinamikan iaztik itxita egoteak? Asko eragin du, eta kalterako; horren zalantzarik ez dago. Durangoko Azokak zortea du irauten duen egunetan Plateruena erabil dezakegula. Bizitza apur bat emateaz gainera, ekarpen handia egin dio Azokari. Baina egia da urtean zehar dinamika propio batekin martxan ez egotea galera handia dela. Zabalduko den albistea pozgarria da. Ikusi egin beharko da zein eratan martxan jartzen den, zein hutsune betetzera datorren, herriko eragileek zein leku izango duten…

2004tik 2021era martxan egon zen Plateruena. Kultur Mahaiak gidatuta, 2023an ireki zituen ateak berriz, EH Bildu eta Herriaren Eskubidea-ren eskutik. Gerediaga Elkarteak parte hartu izan du Kultur Mahaian. Zertan da? Orain dela urte bi inguru eratu zen, proiektuari bizitza emateko. Gero gobernu talde berriak proiektua birformulatzeko beharra sentitu zuen eta denbora eskatu zuen. Epe horretan Kultur Mahaiak ez du dinamikarik izan. Orain argituko da Kultur Mahaiaren funtzioa zein den.

Jon Irazabal joan da. Itzal luzea da berea, omenaldia egingo diozue. Jonek hutsune handia utzi du Gerediaga Elkartean. Euskal Herrian askok ezagutuko zuen Azokagatik, baina hori baino gehiago zen Jon. Gerediaga Elkartearen bokazioa Durangaldea ikertzea da, ondarea zaintzea, eta Jon izango zen Durangaldeaz gehien zekien pertsona. Eta hutsune handia utzi du elkartean. Ezagutu dutenek badakite langile nekaezina zela. Ideia erauntsia zen. Eta egin ahal zaion omenaldirik onena da norberak lan egitea eta Azoka eder bat antolatzea. Edozelan ere, Azokan inaugurazio ekitaldian merezi duen omenaldia egingo diogu.

«Zu non, han DA!» egitasmoak aurrera segitzen du. Zein da orain arteko balantzea? Balantzea ona da. Azokari eman dio liburu saltokiekin esparru komun bat sortzeko aukera. Elkar ezagutu eta elkarlana abiatzeko. Hori faltan genuen. Liburuen kasuan, irakurzaleekin harremanetan daudenak liburu dendak dira. Bada haienganako aitorpena. Azokaren hurrengo astean egiten dugu. 80tik gora saltokik izena eman dute eta horietatik 30 batean aurkezpenak egingo dituzte egileek. Oso pozik gaude, arrakasta du. Orain lortu behar duguna da literaturazaleak aurkezpenetara joatea. Azoka arduratzen da kostuez, eta liburu dendek espazioa atondu eta haien maitasunez antolatzen dute saioa. Urte osora zabal daitekeen egitasmoa da, baldin eta plangintza oso baten barruan kokatzen bada, zentzua ematen bazaio eta izaera estrategikoaren barruan sartzen bada. Erabakia ez da Azokarena, eta berak bere kabuz ez du hartuko.

Zeintzuk dira Azokaren erronkak? Arlo teknikoan erronka bat da jasotzen ditugun eskari guztiei tokia egiten asmatzea. Baditugu etxeko lanak. Ez dakigu espazio berrantolatuz edo nola, baina ahalegina egin behar dugu, Azokari eskatzen zaion guztia emateko beste espazioa eskaintzeko. Edukiei dagokienez, modu naturalean Azokan bere tokia izan behar luketen eragileei ere lekua egiten asmatu behar dugu. Adibidez, ilustratzaileei. Guk espazioa antolatzen dugu eta edukiak besteek betetzen dituzte Azokan. Erronkak kanpotik datozkigunak dira. Gure lana da datorrenari adi egotea, modu eraikitzailean jasotzea proposamenak eta beraien bidea egiten laguntzea Azokan.