7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Hitz bihurriak


Gaztainak jateko geratu gara, eta Olentzerori eskutitza idazteko. Idazten ikasten ari den neskatoarentzat magia hutsa da buruan pizten zaiona paperean jartzeko gai izatea. «Izeba, nola idazten da trikitixa?». Aurten lehen aldiz berak idatziko dio Olentzerori zuzenean, bitartekaririk gabe. Solemnitatez ari da, mingainarekin arkatzari indarra emanez.

Telefonora iritsi zait albistea: gizonezko batek emakume bat akabatu du tiroz. Amorrua, haserrea, tristura. Beste bat. Eta badakigu ez dela azkena izango. «Badakizu zertara etorri naizen, hil egingo zaitut, bizitza izorratu didazu», esan zion, aurpegian tiro egin aurretik. Lagunen eta alabaren aurrean hil zuen.

Ez nuen ezagutzen emakumea eta, hala ere, beti dira istorio ezagunak. Aurretik salatua zuen bere tratu txar emailea, behin baino gehiagotan. Aukerak eman zizkion, bat baino gehiago. Baina harremana etetea erabaki zuen, laguntza eskatu, aurrera begira jarri, bere burua maitatzea erabaki. Segur aski horregatik ‘izorratu’ zion bizitza bere hiltzaileari, lepoan lotu zion soka askatzeko indar nahikoa pilatu zuelako.

Horrelakoetan airean pizten diren galderek sekulako zama hartzen dute. Airean uzten dira, baina ez dira puxika arinak, harrizkoak eta ziztakariak baizik. Zergatik ez zuen lehenago utzi? Zergatik ez zuen berriz salatu? Zergatik elkartu zen berriro erasotzailearekin? Zergatik jasan zuen hainbeste? Berdin da hildakoa zein den, bere egoera zein den, galdera horiek denak emakumearen hilotzean iltzatzen dira, aurreko minen gainean min gehiago.

Eta begi guztiak emakumearen gainean dauden bitartean, matxismoak lasai jarraitzen du hegan, puxika arina eta kaltegabekoa balitz bezala, arazoa partikularra eta puntuala izan dela sinistu dezagun beste pixka batean, hamarnaka edo ehunka urte batzuk gehiago.

Beldurra, maitasuna, errua eta lotsa. Lau horiek izan ohi dira tratu txarrak jasotzen ari den emakumea estuago lotzen duten emozioak, paralizatzen dutenak, zuloan barruraxeago sartu. Emozio horietako askok kanpotik barrurako bidea egiten dute, jendartearen begiratuan daude. Akaso hori aldatuz gero, gauzak aldatu daitezke, minak baretu, beldurrak kikildu, bizitzak harrotu.

«Izeba, zure eskutitza nik idaztea nahi duzu?». Sei urte samur dituzu eta oraintxe barruan ditudan hitzak nola idazten diren jakiteko beharrik ez izatea nahi nuke. «Zuk trikitixa, nik panderoa; p-a-n-d-e-r-o-a», ezkutatu dizkizut hitz itsusiagoak. «Trikitixa hitza bihurriagoa da izeba».