12etan bermuta
Jasone Osoro • Elkar, 2015 • 128 orrialde • 14,50 euro. 8,99 epub-a.
Azken hamabi urteotan ondu duen lehen nobela «botakada emozional» eta «katarsi» baten moduan definitu du Jasone Osorok (Elgoibar, 1971). “Tentazioak” (1998) eta “Korapiloak” (2001) narrazio liburuekin egin zen ezagun euskarazko literatur munduan Osoro eta aurreko fikzioa (“Greta”, Elkar) 2003an argitaratu ondoren, azken urteotan gazteentzako lanak idatzi ditu. Orain, helduentzako literaturara itzuli da Berta izeneko adin ertaineko emakume baten bizitza kontatzeko. Berta hitz egiten ari da gelditu gabe, eta burura etortzen zaizkion ideiak botatzen ditu arrapaladan. Bakarrizketa horien bidez osatzen da istorioa, modu kaotikoan, narrazioaren ordena logiko desafiatuz.
Ondarroako Udalak eta Elkarrek antolatutako Augustin Zubikarai beka irabazi ondoren ondu du liburua eta euskal literaturako salduenen zerrendan mantentzen ari da azken asteotan.
Sumisioa •
Michel Houellebecq • Meettok, 2015 • 288 orrialde. 19,90 euro • Estatu frantsesean gaude, etorkizun hurbilean; 2022ko hauteskundeen bezperan, zehazki. Alderdi tradizionalek porrot egin dute eta Mohammed Ben Abbes-ek, alderdi islamista bateko buru karismatikoak, Fronte Nazionaleko hautagaia garaituko du sozialisten eta eskuinaren babesari esker. Hau da Michel Houellebecq-en azken liburuaren abiapuntua, «politika fikzioa» bezala definitu izan dena. Meettok argitaletxeak eta Gerardo Markuletak euskarara ekarri dute, Pariseko atentatuen ostean, gaurkotasun ukaezina duen eleberri polemikoa. “Charlie Hebdo” aldizkariaren aurkako atentatuaren egun berean iritsi zen liburu dendetara “Sumisioa” eta hautsak harrotu zituen.
Karanbola toxikoak •
Andoni Urzelai • Susa, 2015 • 17,50 euro • Andoni Urzelaik (Aretxabaleta, 1967) kaleratu duen hirugarren liburua bere lehen ipuin liburua da... baina hamazazpi kontakizun hauek, bakoitza independentea den arren, istorio bakarra osatzen dute. Hortik datorkie izenburuko «karanbola» hitza. Urzelaik osatutako mikrokosmos honetan murgiltzean irribarre gaizto bat piztuko zaigula iragarri digute. Pentsatu bai, baina normalean egiten ez diren gauzak egiteko gai dira-eta istorio hauetako protagonistak: idazlea, itzultzailea, psikoanalista, tabernaria, itsua, ertzaina edo hoteleko langilea izan, berdin da, denek badute motiborik konforme ez egoteko.
Mundua betetzen zenuten •
Tere Irastortza • Pamiela, 2015 • 112 orrialde. 13,50 euro • Goierritarrak lau urtez ez du libururik plazaratu, baina hainbat lan egin du tarte horretan. Tere Irastortza (Zaldibia, 1961) Beasaingo Ikastolako zuzendaria da eta Bergarako Idazle Eskolako irakaslea. Gainera, saiakeran eta zutabegintzan aritu da. Oraingoan poesia liburua idatzi du, ingurukoen heriotzak utzitako arrastoak modu poetikoan azaleratu dituelarik. Osatu dituen 80 poemetan ez du samina bere buruan pertsonalizatu nahi izan eta horregatik zenbaitetan pluraleko lehen pertsonan idatzi du. Ikuspegi hori azaltzen dute hitzok: «Norbait hiltzen denean –dio– ez da egoten norberaren mina bakarrik, baita beste batzuena ere».
Irlak •
Agustin Arrieta • Erein, 2015 • 328 orrialde. 22 euro • Filosofia irakaslea da Agustin Arrieta (Errenteria, 1962) Euskal Herriko Unibertsitatean. Filosofiako liburuak publikatu izan ditu, baina fikzioaren zale ere bada. Duela zazpi urte “Istripuak” izeneko ipuin bilduma plazaratu zuen eta haren ildotik dator oraingo ipuin liburu berri hau. 34 kontakizun josi ditu, bi ildo nagusi dituztenak: errealismo kutsuko ipuinak daude batetik, absurdoaren bidetik jotzen duten ipuinak bestetik. «Narrazio baten bidez, irakurlea xaxatu nahi dut, kezka bat piztu, adimena, oroimena eta sentipena akuilarazi; eta, oso inportantea dena, sormena bultzatu», idazlearen hitzetan.