JAN. 03 2016 LIBURUEN TXOKOA Kearen fiordoa Iñaki Petxarroman • Elkar, 2015 MIREN ARTETXE Islandiako uhartera eta 1615eko udaberrira garamatza Iñaki Petxarromanek “Kearen fiordoa” bere lehenengo fikzio liburuan. Beste uharte bat hartu zuen gai bezala 2007an argitaratutako “Begirada bat Kubari” lanean. Oraingoan, Euskal Herria eta Islandia lotu ditu historian oinarria duen eleberriaren bidez. Hiru itsasontzi abiatu dira Donostiatik Islandiara, baleak arrantzatzeko asmoarekin. Ipar-mendebaldeko fiordoetako magistratu Ari Magnussonekin sinatutako hitzarmenari esker, aurreko urteetan egindako bidaia errepikatzeko aukera dute euskaldunek. Alabaina, Danimarkako erregeak moztu egin nahi du kanpoko baleazaleen jarduna, bere erresumaren monopolioa zaintze aldera, eta guztiz debekatu du edozein arrantza mota uhartean. Horrek bi paretaren artean jarri du Magnusson, sinatutako kontratuaren eta aginduaren artean. Bost truke •Jon Sarasua • Pamiela, 2015 • 224 orrialde • 17,00 euro • Kolonbia, Bolivia, Kurdistan, Ekuador eta Serbiara egindako lan-bidaietako testu laburrek osatzen dute “Bost truke” liburua. Bazter horietako gertakari txikien marrazki-sorta moduko bat aurkezten digu Jon Sarasuak (Aretxabaleta, 1966): hizkuntza-komunitate gutxituekiko harremanak, kooperazio linguistikoaren pausoak, Boliviako Gobernuaren inguruko konturen bat, Serbiako ezker sindikatuen jardunaldikoak… Jasokinak ibilbidean jasota geratutako puskak dira, egoerak, ekintzen apunteak eta lehen pertsonan idatzitako gogoetak. Tarteka, kitxuak, aimarak, nasak, kurduak edo eslaviarrak munduaren ertzetako ondoezei buruz ari dira testuotan. Eta, oharkabean, euskararen herriaz ere bai. Isilpean gordea •Toti Martinez de Lezea • Erein, 2015 • 264 orrialde • 18,50 euro • Toti Martinez de Lezeak (Gasteiz, 1949) bere hiriaren barrenak arakatzen ditu istorio honetan, ezagunak zaizkion pertsonaiak sortu eta isiltasun deseroso baten mende bizi den gizarte bat iruditzeko. Gasteizen, 2008ko otsailean hasten da Larrabetzuko idazlearen azken kontakizuna. Amelia Zabaletaren testamentuak agerpen harrigarri eta ezusteko bat atera du azalera: ardura handiz gordetako sekretu bat, hildakoaren iraganari eta haren hurbileneko senideei lotua. Jon Martinez de Albeniz ikertzaile xumea arduratuko da XXI. mendera arte gordeta eta ezkutuan mantendu den misterioa argitzeaz. Gidariaren okerra •Gotzon Barandiaran • Susa, 2015 • 16,15 euros • Gogoetaz betetako istorio iluna sortu du Gotzon Barandiaran idazleak (Larrabetzu, 1974) azken eleberri honetan. Bahiketa baten istorioa dakar, burua galtzeko zorian dagoen taxista batek antolatua, konplize dituela bere iloba lehenik eta diru premiaz dabilen argazkilari bat gero. Bilbora datorren ikerlaria atzeman, balio bereziko informazio medikoa erauzi eta akabo. Baina zer gertatu zen benetan? Argazkilaria ez dago seguru. Saiatzen da memorian dauzkanak kontakizun koherente batera ekartzen, nahiz eta bahiketako kideen amarruek nahasgarri bihurtzen dituzten egiak eta gezurrak, errealitatea eta irudipenak. Gartziaren istorioa • Tapio Koivukari • Euskal Erria (Montevideo), 2015 • 140 orrialde• Lehen Hezkuntzako 6. mailako eta DBHko 1. mailako ikasleei zuzendua, Nafarroako Ikastolen Elkarteak euskarara eta ingelesera ekarri du «1615 Islandia: Gartziaren istorioa», Tapio Koivukarik finlandieraz idatzitako ipuina. Ondoko liburuan bezala, hemen ere kontakizunaren oinarrian 1965ean Islandian erail zituzten euskal arrantzaleen gertakaria dago. Xabier Irujo Historia Garaikidean doktore eta Nevadako Unibertsitateko Euskal Ikasketen Zentroko zuzendarikideak koordinatu du lana Renotik, Uruguaiko Montevideon editatu dute eta Donostian inprimatu da. Marrazkiak Fidel Azkoaga elorriarrak egin ditu.