amagoia mujika
IRITZIA

Kabestrua jantzita

Kabestrua janzten zion astoari larrera eramaten zuenean. «Zergatik, aitona?». «Aurrera bakarrik begira dezan, ez bazterretara». «Zergatik ez duzu bazterretara begiratzea nahi?». «Bazterretara begiratzen badu, despistatu egiten da». «Zergatik despistatzen da?». «Bazterretakoak ez ditu garbi ikusten eta aztoratu egiten da». «Eta aztoratzen bada, zer?». «Urduri jartzen da eta ostikoak ematen ditu». Eta kito. Galdera guztiak bueltan bidaltzen nituen zintzurrean behera. Geldi-geldi zegoenean sekulako ikara ematen zidan astoak. Pentsa ostikoka hasten bazen.

Chrysallis Euskal Herria elkartearen kezkak ezagutzeko aukera izan nuen duela hilabete batzuk. Haiekin izandako hizketaldi luzeak mugitu egin ninduen. Dena ez da aspalditik eta askotan kontatu diguten bezala. Zakila duten guztiak ez dira mutilak eta alua duten guztiak ez dira neskak. Gehienak bai, baina ez denak. Badira zakila duten neskak eta badira alua duten mutilak. Eta asko sufritzen dute, ez direlako kabitzen jendea sailkatzeko egindako kutxatilategi estu horietan: hemen neskak, hemen mutilak, hemen neskak maite dituzten neskak, hemen mutilak maite dituzten mutilak. Eta harroxko, gainera, garai batean baino kutxa gehiago ditugulako. Aitonaren astoaren antzera, norbaitek agindutakoa baino ikusten ez dugula gabiltza askotan. Bitartean, albo banatan, bazterretan, gehiengoaren tiraniatik kanpo, gauza zoragarriak gertatzen dira eta jende zoragarria bizi da.

Ez dakit seguru noiz eta nork erabaki zuen pertsona bati buruzko informaziorik garrantzitsuena bere hankartera begiratuta lortuko genuela. Ondorioa latza da. Zakilarekin jaio zen neskato hark egunero borroka estua izaten zuen ispiluarekin. Diadema nabarmenak janzten zituen bere ile luze ederra luzitzeko. Tul gona modakoenak. Baina inoiz ez zen nahikoa besteen begietara. Besteek, bistan eramaten ez zuen zakila baino ez zuten ikusten. Besteek, soinekoak janztea gustatzen zitzaion mutiko xelebrea baino ez zuten ikusten. Egun batean guraizeak hartu eta zakila moztu zuen. Bere zakila beharrean, bera ikusten hasiko zirelakoan. Ez da ipuin itsusi bat. Askotan gertatu da.

Ausartak izan dira Chrysallisekoak eta zakila duten neskak eta bulba duten mutilak agertu dituzte pankartetan. Facebook hasi da kabestrua estutzen eta zenbait herritarrek segitu dute erasoa, kaleko pankartak amorruz kenduz. Iruditu zait, astoa bezala, bazterretakoak ez dituztela garbi ikusten eta aztoratu egin direla. Aztoratu eta haserretu galdera deserosoak sortu dizkien pankarta horren aurrean. Tira, txarretik ona ateraz, galdera deserosoek abiatzen dituzte eguneroko iraultza txikiak. Hobe lukete kabestrua erantzi eta gure jendarte hau luze-zabalean gozatzea. Hobe lukete zoriontsu izan eta ondokoei zoriontsu izaten uztea.