7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Koplatan


Santa Ageda bezperako koplak aterik ate kantatu ziren atzo. Diotenez, ohitura zaharrak berritzeko asmotan eta etxe guztiak pozteko desiotan. Neguko jaiek badute urtaroak berak gordetzen dituen misterio asko eta, udan bezala, baita santu asko ere. Gehiegi, aukeran. Batere santu ez zen iaz Maialen Lujanbiok aukeratu zuen kopletarako antagonista. Protagonista biolentzia matxista jasotzen duen emakumea zen. Ezin hobeto erakutsi zuen bertsolariak makilen kolpeek izan dezaketen indarra, zentzua eta mina. Atzoko tradizioa ere urtero berriztu zitekeen, gaur egungoa zalantzan jartzeko. Baina, tamalez, etengabe ikusten dugu gure herrian tradizioari nola eusten zaion, makila zaharra den hori hausteko beldurrez bezala.

Inauteriak ere ohitura zaharra dira. Toki askotan ere aldaezinak karnabalak, jakina... Baina beste askotan, zorionez, garaiekin batera aldatzen doan ospakizun eta jaia dira. Ikusi ditugu dagoeneko lehenengo mozorroak Nafarroako herrietan (zer esanik ez, parodiarako nonahiko Trump gogaikarria izango da gure kaleetan nagusi). Entzun eta ikusi ziren ere Ituren, Aurtitz eta Zubietan joaldunak joan-etorrian, hartzak eta mozorroak bezalaxe. Eta ondorengo asteetan aterako dira gure kaleetara herritar asko koplatan ibiltzeko gogoz. Inauteriak hori baitira, txantxarako garaia, umorez eta alaitasunez itotzen gaituen ordena salatzeko egunak.

Makila erabiltzeko modua aldatzea gure esku dagoenez, beste norabide batean kolpe arritmikoak emateko erabil dezagun. Elizako gizonak kabareteko partaide bilakatu, bulego beroetan dauden agintariak kaleetan lo egiten duten etxebako bihurtu, hotzez hiltzen direnak jauregietan bizitzera gonbidatu eta inpunitate kolpeak ematen dituzten mailuen soinua pandereta batenarekin ordezkatu. Errealitatea urratzeko aukera dugu, egunerokoa hankaz gora jarri eta goitik dena ezberdin ikusi. Aukera honetaz baliatzeko unea da, bereziki egia eta gezurra hain nahasita dauden garaiotan.

Karnabalak kaleetako manifestaldiak dira. Antolatu gabeko bat-bateko adierazpenak. Norberak barrenean daraman deabru gorri edo more horrek momentuan sortutako koplak dira inauteriak. Aratusteek ustez garen hori ahazteko balio baitezakete, anonimotasunean galtzeko ala, hobeto, taldean batzeko. Egunotan komunitatea ez baita gehiegi usatzen. Ludikotasuna galdu barik erantsita dugun nortasuna galdu edota alda dezagun. Tarteka nor garen ahazteak derrigorrezkoa izan beharko luke. Ni hura naizela pentsatu, bizi eta jolastu. Hura ni dela sinetsi, maitatu eta kantatu. Nor den nor jakin gabe nahastu, trukatu eta galdu. Beharbada horrela hainbat gauza errazago ulertuko genituzke. Agian, modu horretan hain itxiak ditugun zenbait ate eta bide zabalduko genituzke. Eta gainera, koplatan, dantzan eta algaraka. Gu etengabe kolpatzen jarraitu aurretik, bada, hauts ditzagun makila zahar horiek, badugu-eta garaia. Eta ez dadila izan soilik mozorro garaia.