APR. 30 2017 Interview Abel Barriola Jon Ormazabal, argazkiak: Conny Beyreuther Euskaldunon imajinario kolektiboan pilotak leku berezi bat merezi badu, nekez aurkituko du kirol honek Abel Barriola baino enbaxadore egokiagorik. Profesional aparta eta pertsona hobea, ia hogei urteko ibilbidean sekula ez dio ume bati autografo bat ukatu eta beti izan du, emaitza edozein zela ere, gerturatu zaion pilotazaleari irribarre bat eskaintzeko tarte bat. Egun hauetan zaleen esker hona jasotzen ari da pilotalekuetan, eta heldu den astean, maiatzak 7, azken partida jokatuko du Atanon. Agurrerako prestatzen ari den honetan, berarekin egon gara, bere sentipenak eta hausnarketak jasotzeko. Agurraren unea iristen ari da, nola zaude, urduri? Eguna iristeko gogoz? Denetik pixka bat. Alde batetik, pena handia; bukatzeko gogoa ere bai, bizitzaren etapa berri bat hasteko gogoa eta kezka ere bai. Azken partidak ondo jokatu nahi dituzu, maila ona eman kantxan… irudi on bat emanda amaitu nahiko nuke. Esango nuke denetariko sentsazioak ditudala, hunkitu ere egiten naiz momentu batzuetan; esango nuke sentimendu nahaste-borraste bat badudala. Inoiz damutu zara erabakiaz? Ez, nahiko argi nuen. Momentu egokia aukeratzea ez da erraza, ibilbide luze bati bukaera eman behar diozu. Iazko udan buruari buelta batzuk eman nizkion eta enpresak Binakakoa jokatuko nuela esan zidanean oso argi ikusi nuen momentu ona zela. Bakoitzak pilota nahi duen modura bizitzen du, denak onak dira, eta nire ilusioa goi mailan uztea zen, eta momentu honetan Binakako txapelketa zen momenturik gorena. Ez dut batere damurik, ze uste dut bukaera polita dela. Erabakia zeuk hartzea garrantzitsua zen? Hori ere bai. Gu denon txikitako ilusioa pilotari izatea zen, profesionaletara heltzea. Debuta egiteko momentua ez dago gure esku, beste batzuek hartu behar dute erabakia; baina bukaera emateko erabakia nire esku egon da eta hori, kakotx artean, pribilegio bat da. Egindakoarekin pozik ala zerbait geratu zaizu egiteke? Pozik. Pozik esaten dizut, izan ere, halako momentuetan atzera begiratzea gustatzen zait eta 15-16 urte nituenean galdetu bazenit, profesionaletan debuta egiteagatik dena emango nukeen, den-dena. Eta urte askotan egoteko aukera izan dut, pilotari bikainekin jokatzeko, beraien aurka, hiru txapel lortu ditut, beste zortzi finaletara iritsi naiz, zazpi jokatu ditut; eta, alde horretatik, ez nuen esperoko hori dena egingo nuenik. Eta horren gainetik, hori oso polita izanda, gustatzen zaidana pilotan jokatzea da, eta hortaz bizi ahal izatea horrenbeste urtetan… Gainera, zoriontsu izan naiz pilotari esker eta ez dago dirurik hori ordainduko duenik. Uste nuena baino askoz urrutirago iritsi naiz. Umetatik garbi zenuen pilotari izan behar zenuela? Bai. Txikitan kirol asko gustatzen zitzaizkidan, denetik egiten nuen; futbola, pilota, txirrindularitza… baina nahiko argi nuen gehien pilotan jokatzea gustatzen zitzaidala eta 13 urterekin oso argi nuen etorkizunean pilotari izan nahi nuela. Zorionez, esku-pilotan aukera badago profesional izateko eta buru-belarri saiatu nintzen horretan. Leitzak bidea markatzen du, kirolari handiak eta asko irten zarete herri txiki batetik. Nik uste dut euskalduna, oro har, oso kirolzalea dela eta Leitza ere historikoki hala izan da. Gure aurretik Leitza beti aizkorazalea izan da, orokorrean, herri-kirol zalea izan da. Herentzia oso on bat jaso dugu gure aurreko kirolariengandik. Oroitzen dut nola, 14-15 urte nituela, Patxi Astibia –aizkolari handia izandakoa– etortzen zitzaidala aholkuak ematera eta nik aitari eta osabei entzuten nizkien Patxi Astibiak egindako balentriak edo markak, eta niri halako kirolari bat etortzea «hau egin ahal duzu edo beste hura, hau probatu ondo etorriko zaizu-eta…». Horrek asko emozionatzen zaitu eta laguntzen dizu. Zuretzat izar bat izan denak halako ekintza humanoa izatea eta animo hori ematea kirolari gazte bati egin dakiokeen opari handiena da; eta, alde horretatik, momentu honetan gauden kirolari belaunaldiek asko diegu eskertzeko gure aurrekoei. Iñaki Perurenak berak ere beti hitz onak izan ditu eta erakusteko eta laguntzeko beti prest egon da. Beti atzelari? Atzelari gorputza duen aurrelaria zarela esan da maiz. Lehen oso erraza zen, altuenak atzean jokatzen zuen eta txikienak aurrean. Gaur egun denak altuak eta atletikoak dira, baina orduan hala izaten zen. Txikitatik nahiko altua eta argala nintzen eta beti atzean jokatzen nuen. Egia da jubeniletan aurrelari ibili nintzela, baina hobea nintzen atzean. Txikitatik ikaragarri gustatzen zitzaidan pilotan aritzea eta pilota goxoarekin asko aritzen nintzen lau eta erdian, hiru eta erdiaren barruan… eta hori oso ondo etorri zait gero. Buruz buruko azken atzelari txapelduna izan zinen eta badirudi kostako dela beste bat ateratzea. Debutatu aurretik guk asko entrenatu genuen, baina garaiak asko aldatu dira. Orain ematen du atzelariak Binakako txapelketan aritzeko bakarrik balio duela, eta ez zait iruditzen horrela denik. Nire ustea da badaudela kasu batzuk, Zabaleta-eta, batez ere Beñat Rezusta, gai direnak buruz buru eta lau eta erdian goi goi mailan jokatzeko. Debutaren eguna nola oroitzen duzu? Beti gogoratzen den egun horietako bat da, batez ere txikitako amets bat zelako eta aurreko egunak horrela bizi dituzulako. Nire oroitzapenak oso politak dira, batez ere herrian ilusio handia piztu zuelako. Bengoetxeatarren garaitik afizionatu mailan izan ziren pilotariak, baina urte askotan ez zen profesionalik izan eta oroitzen naiz herrian ilusioa piztu zela. Lehen txapela Eugiren kontra heldu zen, 2001eko Lau eta Erdikoa, 22-10 Gasteizen. Bai, eta oroitzen naiz, niretzat aldaketa izugarria izan zela Josu Irigoienekin, Lesakako pilotari ohi batekin, hasi nintzenean, berehala hobekuntza nabarmena nabaritu nuen. Eugiren aurka irabazi nuen lehen txapela, baina urte eta erdi baneraman hobekuntza handia emanda. Aurretik izan ziren bigarren mailako finala –Rairen aurka galdu–, lehen mailan finalerdietara ere heldua nintzen buruz buru… Lau eta Erdikoa irabaztea beste amets bat izan zen. Gainera, orduan dominatzaileak Eugi eta Beloki ziren, batez ere. Gehiago baziren, Fernando Arretxe eta jende gehiago, eta telebistan horrenbeste ikusitako pilori baten aurka finala jokatzea eta irabaztea izugarria izan zen. Orduko oroitzapenik politena ere herrikoa da. Aurreko bi asteetan herrian izan zen giro hori oso polita izan zen eta burura datorkit herriko batek nola esan zidan; «finalean berdin du zer egiten duzun, ze aurreko bi asteetan disfrutatzen ari garen hau ez digu inork kenduko». Zurekin belaunaldi aldaketa bat izan zen eta orain beste bat izan da. Aldaketa handia nabaritu duzu? Niretzat, pilotaria, belaunaldiz belaunaldi, ez da aldatzen. Orain dela 50 urteko pilotariak ez ditut ezagutu, baina ziur nago pasioz bizi zutela. Debutatu nuenean, gure belaunaldikoak sekulako ilusioarekin geunden eta ziur burua irekiko baligute pilota bat aterako litzatekeela. Eta orduan zeudenak berdin: Eugi, Beloki, zeresanik ez Arretxe, pasioz beterik ziren. Eta, alde horretatik, gero etorri zirenak eta orain datozenak ere oso antzekoak ikusten ditut. Baina bai, egia da medioak asko aldatu direla, materiala bera aldatu da; lehen, nire ustez, pilotak goitik egiten zuen, buelo gehiago zuen, goitik ibiltzen zen harroago eta, orain, azpitik ibiltzen da eta horrek jokoa aldatzera eraman du. Eta hori bezala, adibidez, eskuetako takoak. 98. urtean, debutatu nuenean, tako klase bakarra zegoen, ateetan jartzen zen esponja gisako bat, eta horrekin bakoitzak bere jartzeko modua zuen. Orain 100 tako klase desberdin dituzu. Eta hori bezala, fisioterapian, gezurra dirudi azken hamabost urteetan izan den hobekuntza. Orain, eskuetako min bat baduzu, agian, bi asteetan jokatzen zaude; eta, lehen, hilabete egon behar zenuen geldi. Prestakuntza fisikoa ere bai, ala? Ba, nire ustez, prestakuntza fisikoa ez da horrenbeste aldatu. Nik ezagutu nuen garaian, Ruben Beloki-eta Osasunako entrenatzaileekin aritzen ziren, oso ondo prestatuta zeuden; batez ere, atletismorako entrenamenduak egokitzen zituzten. Pilotaren inguruko kritikak badira, puristek oraingoa beste kirol bat dela diote. 1.000 pilotakadako partidek arrakasta izango lukete gaur egun? Gizartea aldatzen ari da, eta, gizartea aldatzen den bezala, kirola aldatuz doa. Gaur egun, kirolean gauza bat bilatzen da guztiaren gainetik: ikuskizuna. Eta kirol hori eramaten duten agintariek aldaketak egiten badituzte, puristak beti egongo dira aurka. Oraingo jokatzeko modua? Batzuei gehiago gustatzen zaie eta beste batzuei gutxiago. Gustu kontua da, baina beti garapen bat bilatzen da kirol bat gero eta ikusgarriagoa izateko. Eta egia da bide horrek askotan gauza batzuk atzean uzten dituela, baina horrela da, gizarteak hala nahi duelako. Ez dugu nahi ordu eta erdiko partida bat, ordu batekoa, azkarra, esplosiboa, abiadura bizian jokatzen dena nahi dugu; saskibaloian gertatzen den bezala, adibidez. Modu berri honek kalte egin dizu? Pilotan bi jokatzeko modu daude: botera eta airera. Lehen esan bezala, pilota bera aldatu da eta joko aldaketa bat ekarri du. Askoz praktikoagoa da airez jokatzea botera baino, ez du astirik ematen botera jartzeko eta hala jokatzen duten pilotariei kalte egiten die. Baina moldatzen saiatu behar izan dugu; Aimarrek bikain egin du hori. Aldagelan nola bizi duzue azken belaunaldi aldaketa? Gaur egun ia denak unibertsitate ikasleak dira. Aldea badago. Ni oroitzen naiz gure belaunaldian, unibertsitatera oso gutxi joaten zirela, eta, gainera, askotan pentsatzen genuen profesionaletara iritsita ez genuela ikasi beharrik: «Ondo banago, pilotan jarraituko dut. Dena arriskatuko dut eta pilotatik urte dezente bizitzen saiatuko naiz». Eta oker geunden. Argi dago oker geundela, ze ikasketek, adibidez, kiroleko momentu zailetan pilo bat laguntzen dute. Txikitan izan duzun hezkuntzak asko laguntzen du. Pilota mundu hori ere aldatu egin da. Lehen, debutatu eta maila polita bazenuen, normalena zen zortzi edo hamar urte pilotan egitea; gaur egun, ez baduzu beraiek nahi duten maila ematen, askotan bi edo hiru urtetan etxera zoaz. Alde horretatik asko aldatu da, zoritxarrez, eta gero eta gehiagora doa. Beste alde batetik, gero eta belaunaldi helduagoak datoz eta gaur egun ikusten ari gara ia gazte gehienek euren ikasketak dituztela; asko unibertsitarioak dira, eta horrek oso-oso ondo hitz egiten du pilotaren belaunaldi berri honetaz, oso ondo gainera. Seinale, hankak lurrean dauzkatela. Presioa zuena baino handiagoa da orain? Ez dakit, kirolean presioa beti dago. Kezka izango dutela, ziur. Jakitun dira, gauzak gaur egun antolatuta dauden bezala, urte gutxi batzuetan ez bazara lehertzen etxera zoazela. Hori baloratzen ez dakit, baina pilotari profesionala izatea erraza ez dela ziur nago. Zure ibilbidera itzuliz, 2002ko Buruz Buruko txapela (Belokiri 22-3) izan da zure momenturik gorena? Ziur aski, bai. Historikoki eskuz banakakoa izan da pedigri gehien duen txapelketa, erromantizismo gehien duena; eta hori lortzea izan da, kirol mailan, agian nire unerik onena. Julian Retegik orduan esan zuen urte askotarako txapelduna geneukala… Ba, ez zuen asmatu [barrez]. Zer pasatu zen? Aimar eta Irujo etorri ziren. Lehen aipatutako Eugi, Beloki eta horien belaunaldiaren ostean, berri baten lehen pilotaria ni izan nintzen, agian, aurrekoarekin hautsi zuena, baina nire ondoren pilotari oso onak etorri ziren: Aimar, Irujo, Patxi Ruiz ere puri-purian zen, Xala, Gonzalez… Borroka handia egon zen, besteak ni baino hobeak izan ziren eta hurrengo urteetan, nahiz eta final askotara heldu nintzen, dominatzaileak Aimar eta Irujo izan ziren. Horiek tartean tokatzea zer da, ohore bat edo zorte txarra? Nire ustez, zorte ona. Azkenean, historiara pasatuko diren bi pilotari direlako, maila ikaragarrizko bi pilotari, eta hemendik urte askotara eurekin jokatu nuela esan ahal izango dut, maila horretako bi pilotarirekin galdu nuela, baina tarteka irabazi ere egin niela. Final eta finalerdietan eurekin borrokan aritu naiz eta hori ohore bat da. Palmaresa kaltetu dizu, ordea; txapelekin itsutzen gara? Asko begiratzen zaio eta ez zait iruditzen beti begiratu behar zaionik, baina zerbait logikoa da. Beti begiratzen dugu honek zer egin zuen, zenbat txapel lortu zituen… humanoa eta normala da, baina kirolean palmaresa baino askoz gehiago badela oso argi daukat. Hainbeste final galdu izanak baldintzatu zaitu? Pena ematen du, noski. Galdutako final horietatik guztietatik hiru irabazi banitu, orain beste presentzia bat izango nuke. Baina ez, ez; egindakoarekin oso pozik nago. Batez ere geratzen naiz urte askotan hor borrokan egon naizela goi mailan. Finala galtzea pena handi bat da; baina, askotan, jakingo balitz final batera iristeko zenbat lan egin behar den, ziur aski beste modu batera baloratuko litzateke. Baina garrantzitsuena da nik nola baloratzen dudan, eta, pertsonalki, nire ibilbidea asko baloratzen dut. Final horietan zenbait gauza xelebre ere gertatu zitzaizkizun: Aimarri pilotakada bat eman zenion ukondoan, zapatilak aldatu beharra, Titinen aita ere hil zen beste baten atarian… Titinen aita hiltzearena momentu gogorra izan zen niretzat. Askotan bazirudien pelikulako gaiztoa ni nintzela. Oso egoera deserosoa zen, finalaren aurreko prentsaurrekoaz oroitzen naiz, zer esan ere ez nekien. Xelebrekeriak asko gertatu zaizkit eta momentu onak eta txarrak ere izan ditut ibilbide luze honetan, baina kirolean eta bizitzan gertatzen diren xelebrekeriak, besterik gabe. Txarren artean, eskuko operazioa. 2005ean kontratua berritzeko enpresak ziurtagiri bat aurkezteko eskatu zizun, ondo zinela bermatzeko. Pilota uztekotan ere egon omen zinen… Egia da, eskuko ebakuntza izan, eta oroitzen naiz enpresarekin nola izan genuen bilera bat. Ebakuntzaren ondoren ezin nuen partida bat jokatu, berriro eskuetako minarekin, eskua puztu egiten zitzaidan, beltz-beltza jartzen zitzaidan eta nahiko larri ibili ginen denak, bai enpresa eta bai ni. Hobekuntzarik ez genuen ikusten eta nolabait irtenbide bat eman nahi genion. Denbora bat jarri genuen, uda bukaera arte; eta, zorionez, abuztu bukaera aldera egoerari buelta eman nion. Tako gehiago jarriz, Unanuek eta Arretxek asko lagundu zidaten takoak beste modu batera jartzen; eta, begira, handik atera nintzen eta orduz geroztik, arazo berezirik gabe. Beste kirolariek bezala, momentu txarrak eta oso txarrak ere bizi izan ditut, baina orokorrean pilotarentzat esker oneko hitzak besterik ez ditut. Pila bat ikasi dut, naizena pilotari esker naiz; txarra eta ona, dena pilotari esker da eta zoriontsu izan naiz pilotari esker. Esango dizut tonto hutsa izango nintzatekeela pilotari punta txikiena ere aterako banio, hori oso argi daukat. Ordutik beste hamabi urte pasatu dira. Niretzat, azkenean, ofizio bakoitza eskola bat da; nirea pilota izan da eta ikasten saiatzen zara. Momentu txar horietatik pilo bat ikasten da, eta kirolak berezitasun hori badu, egon zaitezke goi puntan eta zoriontsu, dena ongi doakizu; eta egun batetik bestera, dena okertzen zaizu. Lesioekin pasatzen da, eta baita ere, adibidez, espero ez duzun partida bat, final bat, galtzen duzunean. Lur jota geratzen zara, eta gero, perspektiba batekin ikusten duzunean, partida bat, final bat galdu duzu, baina momentu horretan gerta daitekeen gauzarik okerrena da partida hori galtzea. Esaiozu irabazteak edo galtzeak berdin duela esan zizun hari… Bai, baina hala da. Galtzean lur jota geratzen zara, baina berriro altxatu, birsortu eta pixkanaka buelta ematen jakin behar duzu. Eta horretan kirolak asko erakusten du. Berezkoa ere beharko du. Nik uste ikasi egiten duzula. Kanpotik hitz gozo batek ikaragarri laguntzen du eta horretan ere esker hitzak besterik ez dauzkat. Inguruan beti izan ditut laguntzeko prest lagunak, familia, pilotazaleak… beti ongi tratatua sentitu naiz; eta gero zuk zerorrek ikasten duzu. Lutoa pasatzen denean, pentsatzen duzu: «Hasi beharko dut berriro entrenatzen eta gauzak egiten, bukatu da triste egoteko denbora eta lan egitea tokatzen da». Kritikek asko hondoratu zaituzte? Hemen ere paso egiten ikasten da, baina mina ere egiten dute. Pertsonen arabera izaten da, baina kritikak desberdintzen ikasten duzu. Maitasunetik etorritakoa edo kritika profesional bat ona da, baina beste kritika batzuk badaude min egitera joaten direnak; eta kritika profesionalari bai egiten diozula kasu. Binakakoa kosta zitzaizun irabaztea. Bai, eta pilo bat, gainera. Oroitzen naiz, nire ibilbidearen hasieran, pertsonalki gehien gustatu zaidana beti izan da eskuz banaka jokatzea, lau eta erdian edo kantxa osoan. Eta nire ibilbidearen hasieratik 27 edo 28 urte nituenera arte, nire urteko helburuak bi horiek ziren. Gero, beteranoagoa egin nintzenean, Binakakoa nire benetako helburuen artean sartu nuen. Helburua beti izaten da, baina prestakuntza fisiko eta tekniko guztia bideratzen nuen Lau eta Erdiko txapelketarako, eta hura bukatzen zenean, buru-belarri hasten nintzen eskuz banakakoa prestatzen. Bide batez, Binakakoa jokatzen nuen, eta irabazi egin nahi nuen, baina helburu zuzena beti bakarkako bi horiek ziren. Bukaera aldera hasi nintzen Binakakoa prestatzen, batez ere hiru modalitate desberdinetako txapelak izateko, eta, joder, kosta zitzaidan. Azken urte horietan final batera heldu nintzen Xalarekin, astebete ez zidaten atzeratu, ezin izan nuen jokatu, eta gero, gauza bat edo bestea zela, ez nintzen gora iristen. Irujorekin heldu nintzen final hartan argi neukan ziur asko azken aukera izango zela txapela lortzeko eta buru-belarri saiatu nintzen. Aipatu duzu 2011ko final hura. Nik ez dut ulertu zergatik ez zizuten jokatzen utzi, zuri esplikatu dizute? Niri ofizialki esan zidatena zen ez zegoela datarik astebete atzeratzeko. Buruz Burukoa zetorrela, atzerapenen kontuarekin gogor jarri nahi zutela eta lehena ni izan nintzela eta hortik aurrera ez zela atzerapenik emango. Gezurra izan zen, zeren hortik gutxira Lau eta Erdikoan eman zituzten. Momentu zaila izan zen niretzat; lehen esandakora bueltatzen naiz, kanpotik jakingo balitz zenbat lan dagoen atzetik, eta aukera ez ematea aste bategatik… Atzera jotzerik balego, beranduago esango zenukeen mina zenuela? Ez dakit, baina momentuan hura sentitzen nuen. Bi aukera neuzkan, azken egunera arte itxarotea bazegoen, baina niri pertsonalki hori ez zait serioa iruditzen, pilotari errespetu falta bat iruditzen zait azken unera arte itxarotea final bat jokatzeko. Ez naiz beste edozein partidaz ari, jendeak 100 euro ordaintzen ditu sarreragatik; eta nahiago nuen aurretik entrenamendu bat egin eta horren arabera esan jokatu behar nuen edo ez. Eta argi ikusi nuen min nuela, eta gehiagora joan zitekeela nabaria zen, denbora pixka bat gehiago behar nuen. Ez zidaten atzerapena eman. Nire ustez, orain ere gauza bera egingo nukeen, baina egia da, orain borroka gehiago egingo nukeela. Erabaki hura buru guztiarekin hartu nuen eta sentitzen nuena egin nuen, baina astebete ez zidatela emango esan zidatenean, pixka bat deskolokatua geratu nintzen, argumenturik gabe, baliabiderik gabe, zer egin ere ez nekiela. Bueltarik balego, borroka egingo nuke final hori jokatu ahal izateko; horretaz esan daiteke damutzen naizela. Txintxoegia da Abel pilota mundu honetarako? Kain izatea ez da hobea? Ez, ez, ez. Txintxoegia ez naiz, ezta gutxiago ere. Azkenean, nik uste denak bezalaxe gauzak ahalik eta hobekien egiten saiatzen naizela. Batzuetan hanka sartzen dut eta besteetan asmatu. Ez dut inorekin polemikarik izan, baina, esaterako, oso-oso galtze txarra daukat, ez pentsa. Galtzea oso gaizki daramat, partida bat galtzen dudanean, askotan gainera berdin du ze partida den, hurrengo bi egunetan nahiko petralduta egoten naiz. Oraindik ere bai, txapelketa bateko partida galdu eta min handia egiten dit, eta oso gaizki jokatzen badut, batzuetan lotsa ere sentitzen da; partida txar bat egin eta tanto gutxirekin joaten zarenean lotsa ere sentitzen duzu. Eta maiatzaren 7aren ondoren zer? Egia esan, gauzaren bat edo beste baditut esku artean, proposamenen bat edo beste egin didate. Pilota hor geratzen da eta profesional mailan beste zerbaiti eutsi beharko zaio. Pilotarekin erlazionatuta egongo naizela ziur, baina ia ziur, profesionalki ezetz. Gustatuko litzaidake, adibidez, pilota eskolaren batean egotea. Kirol hau gustatzen zait eta txirrita hori non edo non kendu beharko dut. Baina profesionalki pilotarekin zerikusirik ez duten proposamen batzuk baditut, eta horietakoren bat begiratu beharko dut. «Gaur egun ikusten ari gara ia gazte gehienek euren ikasketak dituztela; asko unibertsitarioak dira, eta horrek oso-oso ondo hitz egiten du pilotaren belaunaldi berri honetaz». «Tonto hutsa nintzateke pilotari puntarik txikiena aterako banio» «Debuta egiteko momentua ez dago gure esku, beste batzuek hartu behar dute erabakia; baina bukaera emateko erabakia nire esku egon da eta hori, kakotx artean, pribilegio bat da» «Finala galtzea pena handi bat da; baina, askotan, jakingo balitz final batera iristeko zenbat lan egin behar den, ziur aski beste modu batera baloratuko litzateke» «Gizartea aldatzen ari da, eta, gizartea aldatzen den bezala, kirola aldatuz doa. Gaur egun, kirolean gauza bat bilatzen da guztiaren gainetik: ikuskizuna»