MAY. 21 2017 aro berria habanan Kuban tatuajearen arte zaharra biziberritzen ari da Zurrumurruek diote joan den mendeko 50eko hamarkadan Habanako portutik gertu bazegoela etxe zaharkitu bat, kolore gorriko ate zabalekin, alboan zituen kolonialismo garaiko etxeetatik erraz nabarmentzen zena. Bertara gerturatzen ziren egunero herrialde desberdinetako hainbat marinel, tatuajeen bitartez beren bizipenak azalean betirako inprimatzeko asmoz. Orain dela bi urte, ia leku berean, sortu zen La Marca, Kubako lehenengo tatuaje estudio-galeria profesionala. Ura Iturralde Duela bi urte luze, 2015eko urtarrilaren 30ean, Leo Canosa artista kubatar gazteak denbora luzez bere ametsa izan zena egia bilakatzeko aukera izan zuen. Egun hartan bertan zabaldu zituen lehen aldiz bere ateak tatuajearen munduan berritzailea izango zen estudio-galeriak. Bere zuzendaritzapean beste lau artista kubatar izanik, gaur egun, eta asko borrokatu ondoren, taldeak izugarrizko arrakasta lortu du, ez baitago Kuban arte korporala profesionalki lantzen duen beste inor. Ez omen da lan erraza izan, iraultzak garaipena lortu zueneko garaian tatuatzaileak ez zeuden ongi ikusiak ez Gobernuaren aldetik ez herritarren artean, zuzenean kapitalismoarekin eta atzerriarekin erlazionatzen zituztelako nonbait. Gaur egun, ordea, ikuspegia guztiz aldatu da eta La Marca-ko lantaldeak denbora laburrean lortu du aurretik inork pentsatuko ez lukeena: kubatar tatuajea ospetsu bihurtzea. «Nik uste dut egindako lanarekin Kuban tatuajearen inguruan zegoen iritzia erabat aldatzea lortu dugula. Urteetan zehar marjinaltasunarekin eta, era berean, kriminaltasunarekin izan da lotua, eta horrez gain, kapitalismoarekin ere bai iraultzaren hasieran. Guk egiten duguna artea da, ez ditugu diseinuak kopiatzen ezta bitan errepikatzen ere, pertsona bakoitzarentzat sortzen ditugu, berarekin hitz eginda. Zer nahi duen eta zer duen gustuko ondo ulertu arte ez gara hasten paperean marrazten ere. Buruturiko lan guztiek dute nolabaiteko zerikusia Kubarekin». Tatuajeez gain, beste hainbat ekimen. Leo hitz egiten ari den bitartean bere lankideetako batek lanean dihardu bigarren solairuan; beso batean erlijio afro-kubatarrarekin zerikusia duen tatuaje bat egiten ari da. Bi solairu ditu galeriak, tatuajeak egiteaz gain beste aktibitate asko burutzen dituztelako bertan. Lehenengoan, erakusketak, kontzertuak, ikastaroak, antzerkiak eta abar izaten dira, astean behin gutxienez. Bigarren solairua, ordea, lanerako erabiltzen dute soilik. Beharrezkoa duten tresneria guztia ere bertan dute, txukun, garbi, berrerabili gabe. «Kalitatezko materiala lortzea da gure arazo handienetariko bat. Zeresanik ez dago Kuban horrelakorik ezin dugula lortu, pentsaezina da. Noizean behin aurki ditzakegu Txinatik datozen tresnak, baina oso garestiak izateaz gain kalitate oso baxukoak dira. Ameriketako Estatu Batuek Kubari ezarritako blokeo egoerak ere ez digu batere laguntzen. Hasiera batean Interneten erosten genuen behar genuen guztia eta Paypal bitartez ordaindu, baina itxi egin ziguten kontua. Gaur egun Kanadara bidaiatzen dugu eta bertan erosi, oraingoz ez daukagu beste aukera hoberik». Sarrerako atea ireki da motel, guztiz zabaldu aurretik erdi lotsatuta ageri dira zirrikitutik bi mutil atzerritar gazte. Tatuaje bana egin nahi dute, baina nabaria da beldur direla. Leo hurbiltzen zaie segituan eta lasaitu, lantaldearen eta estudioaren nondik norakoak azalduz. «Hogei urtetik gorako esperientzia dut tatuatzaile lanean, 1995etik 22.000 pertsona baino gehiago tatuatu ditut. Badakit kontzeptu hau berritzailea dela Kuban, baina hemen guztiak gara profesionalak. Herrialde honetan tatuatzaile ofizioa ez dago onartua ofizio bezala, ez da legala, ezta ilegala ere; hau da, hitz gutxitan esanda: ez da existitzen. Gu ez gara lekutik mugituko, galeriaren alokairuko paperak legalki beteak ditugunez orain arte ez dugu inolako arazorik izan». Bigarren urtemuga ospatzen. Lau gizon heldu sartu dira ate nagusitik oraingoan pintura txuriz betetako poto handi batzuk eskuan daramatzatela. Paretak zertxobait zuritzera datoz, arratsalde bukaeran erakusketa garrantzitsu baten aurkezpena dutelako. «Aurten gure bigarren urtemuga izanik, ostiralero erakusketa edo ekintza berezi bat antolatzen dugu ospatzeko. Gaurko erakusketan, adibidez, La Marca-ko bi lankideek eta zenbait artista gonbidatuk parte hartzen dute. Beraien marrazki ugari izango dira ikusgai lehenengo solairuan, guztiak tatuajearen inguruan». Batzuek paretak txukundu dituzten bitartean, taldekide guztiek dagoeneko zintzilikatu dituzte euren eta artista gonbidatuen lanak. DJaren musika hastearekin batera, zortzietan puntuan ireki dira galeriaren ateak parez pare. Izugarrizko jendetza hurbildu da, ia ez dago lanak lasai, ongi ikusteko aukerarik. Musika, artea, atzerritarrak, bertakoak, artistak guztiak bat eginda… badirudi mugimendu berri bat sortzen ari dela Habana Zaharreko kaleetan eta La Marca-ko kideek luzatu dituzte lehenengo pausoak artearen arloan zeresan handia emango duen aro berri honetan.