Heziketak kateatua
Duela hirurogei urte, zirkuko elefantekume bat ikusi nuen plazako banku bati belarritik katez lotua. Hurbildu eta tronpatxoarekin estutu ninduen bere kontra; besarkatuz eskertu nion keinua. Olgetan eman genuen arratsaldea: elkarren ibilerak eta barreak imitatzen, pilota elkarri botatzen… Ihes egitea proposatu nion, ahalegindu zen, baina ezin… kateak egiten zion min. Saiorako eraman zuten; ez nuen gehiago ikusi.
Gaur, jubilatu berri, plazatik igarotzean elefante erraldoi bat ikusi dut belarritik plazako bankuari kate motzez lotua. Bera zen, baina indartsua izan arren, ezin umetako katea hautsi.
Nik ere hirurogei urte hauetan ez dut sasieskola gehiagorik egin, ordukoagatik jasotako jipoiak eskarmentatu baininduen. Nire kate ikusezinari heziketa deritzote.
Nire katea bezain ikusezina da elefanteen memoria, baina galanta, adituek diotenez; egiaztatzeko, hurbildu egin natzaio plazako erraldoiari, baina ez nau ezagutu. Hankak tatarrez daramatzan agure zaharrean ez du antzeman berarekin behin jolastu zen umea, nahiz eta, izan, orduko umea naizen, zahartuta baina.
Ume zaharrez ari garela, Jorge Bukay-ren liburu bateko bidaiariak kontatu zidana etorri zait burura. Nekatuta iritsi omen zen, behin, herri batera, eta hango hilerrian hartu atseden. Kanposantuko hilarri zuriek atentzioa deituta, zekartena irakurtzeari ekin omen zion, eta lurperatu guztiak umetan hilak zirela konturatu. Harrituta, lur-emailearengana jo omen zuen arrazoi eske. Ohitura zela, herrian, koaderno bat oparitzea haurrei, bizi izandako une zoriontsuen iraupena idazteko bertan. Gero, hil ondoren, koadernoko zenbakien batura jartzen zutela hilarrian, pozik bizi izandako uneek baino ez zutelako merezi aintzat hartzea.
Kalkuluak egin ditut; herri hartako hilerrian ehortziko banindute, ordu gutxiko bizitza izango nukeen hilarrian idatzia, elefantearekin pasatu nuen arratsaldeak iraun zuena eta gutxi gehiago, sasieskolaren biharamun goizean, erantzukizuna hezurretaraino sartu baitzidan maisuak ostika eskolan, olgetako gogoa errotik moztuz.
Erretiratu nintzenean, erantzukizunaren tumorea zelan mehetu galdetzera joan nintzaion herriko medikuari. Espezialistarengana bidali ninduen. Espezialistak emandako azalpenak ulertzeko gutxienez Anatomian katedraduna izan beharra zenez, sasimediku batengana joatea erabaki nuen. Haren aholkua: jartzeko ispilu aurrean eta esateko neure buruari, begietara begira, maite nuela. Hori baino ez? Hasteko horrekin.
Ispilu aurrean biluzi eta gantzak nonahitik dindilizka nituela begiratu nion, begietara, ispilukoari. Ahalegindu nintzaion «maite zaitut» esaten, baina ezin, ez baitzen egia.
Sasimedikuarengana itzuli eta azaldu nion arazoa. Zein ispilu mota erabili nuen? Komunekoa. Ispilu magikoak saltzen zituzten denda baten helbidea eman zidan. Erosteko “Piztieder” izenekoa, piztiak eder bihurtzen zituena, alegia.
Ileordea eta betaurreko beltzak jantzita sartu nintzen jendez gainezka zegoen dendara. Bezeroak ispiluei imintzioka: handiak txiki izan nahian, txikiak handi, lodiak mehe, argalak lodi… Zirudienez, inork ere ez zuen maite bere burua. Piztieder markakoa eskatu eta marko hutsa ekarri zidan saltzaileak. Ikusezinezko ispilua zela. Emateko begirada bat. Ezer ez ikusteko? Laster izango nintzen moduko ikusiko nuela neure burua, han: ezereza.
Bihotz ikara bat sentitu nuen «ezereza» aditzean. Erosi egin nuen.
Ez naiz damutu, kimioterapia baino eraginkorragoa izan baita ispilu magikoa; erantzukizun-zelula bakar bat ere ez zait geratzen, jada, gorputzean. Atzo kanporatu nuen azkena. Barruak plazako iturrian maskuria urez betetzeko eskatu zidan. Ondoren, hilerrira joateko eta aurkitzeko maisuaren hilobia. Hutsik zegoenez kanposantua, laster aurkitu nuen, argazki eta guzti. Zakila atera, prepuzioa atzamar puntekin estutu eta txiza egin nion aurpegira, azken tantaraino itzuliz txertatu zidan erantzukizuna. Txoria kaiolan sartzera nindoala barre zantzu ezagun bat entzun nuen. Ahulok jipoitzen gintuen gelakide ohiarena zen. Emaztearen hilobitik ikusi ninduen txiza egiten. Makulu gainean zegoen. Protesi barik ez zen inor. Astiro-astiro hurbildu nintzaion. Bultzada batekin hilobi gainera bota, makuluak kendu eta hilerritik kanpoko sasitzara jaurti nizkion. Negarrez erregutu zidan barkatzeko elefantearekin igarotako arratsaldekoa salatu izana, baina itzultzeko makuluak, bestela arrastaka etxeratu beharko zuela. Ez nion errukirik hartu. Sendatuta nengoen seinale. Une horretan, hodei beltzak elkarri talkaka hasi ziren, trumoia orroka, eta tximisten argitan hildakoen arimak prozesio mutuan…
Oinak dandarrez iritsi nintzen plazara. Elefantea neu imitatzen hasi zen. Hurbiltzean, tronparekin estutu ninduen bere kontra. Teinkada batekin hautsi zuen katea. Ihesari ekin genion. Irrist egiteko negar malkoen hezetasunaz baliatzen zen narrasti bat aurkitu genuen kanposantura bidean. Elefantea hura imitatzen hasi zen, eta, nahi barik, burua zapaldu zion. Handik, laster, hil kanpaiak entzun genituen…
Fernando Garatea
Erretiratua.