7K - zazpika astekaria
LUMA BERRIEN AZTARNAK

Eserlekua


Johnnie-k lasterka egin zuen bere etxetik Dexter Avenue-rainoko kilometro eskasa. Ilobari entzundakoa lehenbailehen Martin artzainari kontatu beharrean zen, berak jakingo zuen zer egin. Abenduko haize hotzak birikak zulatzen zizkion, eta arnasestuka igo zituen eskailerak. Elizako atea kolpe batez ireki eta otoitzean ari zen gizona berehala zutitu zen iritsi berriaren aztoramena ikusita.

–Jauna! Rosa! Rosa atxilotu dute!

Martinek emakumea eserarazi, eta eztula baretu zitzaion arte itxoin zuen.

–Ilobak kontatu dit omnibusean gertatutakoa. Zuri madarikatu horrek gidatzen duen omnibus hori beteta zihoan, eta zutitzeko eskatu die. Iloba eta beste bat zutitu egin direla, baina Rosa ez dela mugitu. Hantxe gelditu dela Blake horren aginduei jaramonik egin gabe. Poliziari deitu omen dio gero eta eraman egin dutela. Iloba beldurtuta zegoen. Zer egingo dugu, Martin?

Gizona pentsakor gelditu zen une batez. Claudette etorri zitzaion gogora, hilabete batzuk lehenago zuri bati lekua ez uzteagatik espetxeratutako neskatila.

–Entzudazu. Ralph eta Dexter aurkitu behar dituzu, eta niri esan didazuna kontatu. Esaiezu gureak biltzeko, bihar goizeko 9etan hemen elkartuko gara. Gure garaia iritsi da, esaiezu hori nire partez. Ulertu duzu, Johnnie?

–Gure garaia. Bihar goizeko 9etan.

–Garrantzitsua da oso.

–Eta Rosa, jauna?

–Lasai. Ni arduratuko naiz.

Emakumea presaka irten zen. Martinek aldaretik gurutze txiki bat hartu zuen emakumearen bide bera hartu aurretik.

***

Polizia-etxean sartu aitzin, berokiko sakelatik gurutzea atera zuen. Harrera egin zion poliziari begirada zertxobait leundu zitzaion hura ikustean.

–Martin Luther King artzaina. Rosa Parks nire eliztarrari aitortza hartzera nator.

Poliziak mesfidati begiratu zion.

–Jaunari egindako bekatuagatik barkamena eskatu beharko dio.

–Itxoin hor.

Polizia pasabide batean desagertu zen, eta itzuli zenean, bere zereginetan murgildu zen zain zeukan gizonari aurpegira begiratu ere egin gabe. Artzain gazteak harrera-gelako bazter hartan zutik eman zituen itxaronaldiak iraun zituen bi orduak, eta, halako batean, itxaropena agortzen hasita zuela, pasabidetik beste polizia bat agertu eta korridorearen bukaerako gela bateraino jarraitzeko esan zion. Hormek margo zati eroriak ageri zituzten, hezetasunak eragindako orbanak sabaiak; eta bertan itxi usain sarkorra, eta bi aulki altzari bakar.

Berehala eraman zioten Rosa. Jostunak lasai zirudien. Polizia zutik gelditu zen haien ondoan, zurrun, Martinek aitortzak pribatua izan behar zuela esan zion arte.

–5 minutu. Besterik ez.

Elkarren parean eseri zirenean, Rosak irribarre egin zion gazteari. Esku-ahur kolorgeek jostorratzaren marka gorriak ageri zituzten.

–Behin eta berriz bultzatzen gaituzte. Ezin dut ametitu. Desobedientzia bide ona izan liteke.

Baiezkoa egin zion Martinek buruaz, eta labur kontatu zion deliberatutakoa.

***

Rosak ondotxo ezagutzen zuen James F. Blake gidaria, urte bat ere ez zen txartela ordainduta kalean utzi zuenetik. Aurreko atetik sartu, ordaindu, eta atzeko atetik sar zedila agindu zion gizonak egun hartan. Ezpainak amorruz hozkatuta jaitsi zen jostuna autobusetik, eta atzeko aldetik sartzera zihoan une berean, atea muturrean itxi eta autobusa abian jarri zuen. Hantxe gelditu zen Rosa, madarikazioak madarikazioen atzetik, ahotsa urratu arte. Abenduaren lehenengo hartan, High Land etorbideko geltoki batean, gidariak gizon beltz bat kalean utzi zuela ohartu zen Rosa. Gutxirako balio izan zuten autobus barruko beltzek itxoiteko botatako oihuek. Rosaren amorrua ernai zegoen, hortaz, hiru txuri horiek sartu eta Blakek haiei lekua uzteko agindu zienean. Emakumeak gidaria ezagutu zuen, eta amorruak gainezka egin zion.

–Ni ez naiz zutituko. Hau gure eserlekua da.

Beste bi gazte beltzek harriduraz begiratu zioten. Johnnieren iloba gaztea atezuan sumatu zuen jostunak, baina berak ezin zuen amorrazioa ez zen beste ezer nabaritu bere baitan.

–Poliziari deituko diot –mehatxu egin zion gidariak.

–Zergatik bultzatzen gaituzue beti? –izan zen Rosaren erantzun bakarra.

Poliziak eskuburdinak jarrita zeramalarik, neska gazteari keinu egin zion begiradaz, eta hura autobusetik salto eginda arineketan atera zen izebaren etxe aldera.

 

***

Martin etxera iritsi zenerako, izotza bazterrak hartzen hasia zen. Urrundik, norbait sumatu zuen bere atarian kuxkurtuta.

–Jo Ann! Jainkoarren! Hotzak akabatuko zaitu!

Emakumeak paper bat erakutsi zion.

–Zer iruditzen?

Martinek idazkia irakurtzeko tartea hartu zuen.

–Primeran, Jo Ann, lan ona, bihar gainerakoei erakutsiko diegu. Eta orain goazen ohera. Egun gogorrak ditugu zain.

&hTab;&hTab;&hTab;***

Dexter Avenueko bilkuraren ondoren, National City Lines konpainiako autobusik ez hartzeko deia egiten zuen panfletoa jaso zuen Claudette Calvinek postontzitik. Sabela laztandu zuen libre zeukan eskuaz. Montgomeryko omnibusak hutsik geldituko ziren urtebetez. Claudetten alabak ez zien bere eserlekua zuriei utzi behar izango.

Nerea Balda

Irurtzundar hau Euskal Filologian lizentziatua da eta euskara eta literatura irakaslea Altsasuko institutuan. Idaztea hizkuntzarekiko jakin-minak urratutako beste bide bat da berarentzat.