Alaia Martin
IRITZIA

Zabal babestu

Euren aurrean ez zaudenean zuri buruz ongi hitz egiten duten kardamiruak. Parez pare zauzkatenean zuri buruz, on beharrez, gaizki hitz egiten dizuten okilak. Denboraren etorkizuna ikusteko gai diren hontzak. Kafe tanta bat soinekora erori eta madarikazioka hastear zaudenean umorez isilarazten zaituzten txantxangorriak. Zure buruko harresiak arrakalatzen laguntzen dizuten pareta txoriak. Oinak lurrean izateko habia non duzun gogorarazten dizuten enarak.

Zure tristurak zuk baino lehen igartzeko gauza diren txakurrak. Behin erori eta zazpi aldiz altxatu behar dela eredu bidez erakusten dizuten katuak. Zepoan ziplo jausi gabe gazta lortzen laguntzen dizuten saguak. Lokatzik ilunenetan eta hala ere beti argiaren bila bizi diren euli urdinak. Eguneroko ogia besteen bizkar uzten ez duten inurriak. Eztena noiz sartu eta noiz gozatu bereizten ikasi duten erleak. Iraganekora itsatsi gabe, azalez biluztu eta azalberritzen diren suge nudistak.

Euren gertutasunarekin ziur sentiarazten zaituzten elefanteak eta ostrukarena egiten uzten ez dizuten lepaluzeak. Adar jotze duinak bakarrik onartzen dituzten errinozeroak. Min egingo dizutela gardenki esaten dizuten marmokak. Beren bizitza zoro milimetratuetako milimetroak oparitzen dizkizuten sardinak. Sofaren beso gihartsuetatik askatzen zaituzten olagarro tentagarriak.

Inork begiratzeko premiarik gabe, distira egiteko gauzak diren izar abisalak. Olatuek indartsuen kolpatzen zaituztenean ere arroketatik ihes egiten ez duten lapak. Bizitza orain dela esaten dizuten tximeletak. Zuk besarkada bat protokoloz bukatutzat ematen duzunean, behar duzun arteko iraupena ematen dakiten koalak. Beren eskubideak errespetatuarazteko hortzak paseatzeko gauza diren tiranosaurus rex-ak. Konplexurik gabe ematen eta hartzen abilak diren hartzak. Ikusgarria ez den lana ere artelan ederra izan daitekeela marrazten dizuten armiarmak. Biderik errazena norberak hautatzen duena dela defendatzen duten ahuntzak.

Espezie askok bizi du mundua. Ez ditut astoak eta katamotzak aipatu. Horiek ere galtzeko arriskuan daude. Galtzeko arriskuan dauden espeziez inguratuta bizi gara. Eta desagertzeko arriskuan dauden espezieok iraunarazteko errezeta magikoa ez da luxuzko kaiolak diseinatzea eta euren biziraupena zeure –zeure bakarrik– esku dagoela sinestea. Iraunarazteko irauten utzi behar zaie. Espezie hauek babestu egin behar dira. Ez ahulak direlako, indartu egiten gaituztelako baizik. Euren ekosistema zaindu behar dugu, geure burua zaindu, eta espezie berezi hauek babestu. Babesturen zentzurik zabalenean.