7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Denbora


Tartea hartu dut zure ondoan etzateko. Nekatuta nago eta hankak pisutsu sentitzen ditut, behatz bakoitzaren gainean kezka bat iltzatuta banerama bezala. Begiak itxi nahiko nituzke hain aldrebes joan den egun honetan eta begiak ireki egun berrian, txukunago joango zaidalakoan. Baina tartea hartu dut zure ondoan etzateko. Ez baitago zoriontsuago egiten zaituen ezer: elkarren ondoan etzan eta ipuin bat irakurtzea.

“Zure denboraren truke”, irakurri dut izenburua. Bizkorra zara eta punteria zorrotzez aukeratu duzu liburua. Uxue Alberdirena da testua eta Maite Mutuberriarenak, ilustrazioak. Maddi da protagonista. Erlojuz inguratuta dago Maddi, baina ez die kasurik egiten, atzamarrekin kontatzen baitu denbora. Eskukoak eta hankakoak batuta, 20 atzamar. Juxtu Maddik horraino daki kontatzen. Buelta bat amaitutakoan, bigarren bueltarekin hasten da; bat-hogei, bi-hogei, hiru-hogei... Eta leihoaren ondoan atzamarretako asko eta asko joaten zaizkio, denborarik gabe bizi diren gurasoak noiz etorriko zain. «Itxoin hemen», «segituan», «denbora ihesi joan zait», «denborarik gabe gabiltza! Ezin iritsita», «bost minutu bakarrik lapurtuko dizkizut»... Harrituta eta larrituta bizi da Maddi, denbora nora eta zergatik joaten den ezin ulertuta. Azkenean... tira, ez dut ipuina osorik hemen kontatuko. Hartu denbora eta irakurri.

Duela gutxi irakurri dut inkesta bat. Gurasoei galdetu diete nola sentitzen ote diren seme-alabekin pasatzen duten denborarekin eta %75aren erantzunak oso ilunak izan dira: «nekatuta», «estututa», «frustratuta», «errudun sentsazioaz», «triste», «indargabe»... Nahi eta ezinaren argazki tristea. Denbora gutxitxo eta akaso ez modu onenean erabilia; %81ek denbora hori seme-alabei jaten ematen pasatzen du. Aldiz, %80 inguruk pentsatzen du seme-alabekin jolasteko denbora falta zaiela.

Zeozer egin beharko da ezta? Kontziliazioa. Hitz polit askoa asmatu zuten, etiketa ederra tiraderaren kanpoaldean pegatina koloretsuz jartzeko. Orain, tiradera fundamentuz betetzea falta da. Baina besteek –enpresek eta administrazioek– egingo dutenaren zain amorratuta egotea baino aukera hoberik izango ote dugu, ezta? Gure etxean ere tiraderak jostailuz beteta daude eta apalak liburuz. Baina oraindik ez dugu denbora jasotzeko tokirik atondu.

Ipuinaren azken lerroa iritsi denean eman diezu ixteko baimena zure begiei. Nire eskua heltzen duzu eta zure atzamarretan eta nireetan kabitzen den denbora kalkulatu dut. Nire ohera alde egin dut, isil-isilik pasilloan barna, hanka-hutsik. Lehen kezka bana neraman atzamar bakoitzean eta orain askoz arinago noa. Zuri denbora eskaintzeak niri egiten baitit mesede.