7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Irten balkoira


Arkitekturaren altxorrak dira balkoiak, airean dauden txalupa modukoak. Harrizkoak, egurrezkoak, zein urrezkoak, eraikin txiki zein handietan daude, izan etxebizitza, udaletxe, antzoki, gaztelu zein jauregi. Batzuek edertasunaren ikurtzat dute balkoia eta lorez beterik edukitzen dituzte. Gure herrietako balkoi pila horma modukoak dira, komunikazio tresnak, alegia. Ohikoak dira aspalditik gure kaleetako balkoietan presoekin elkartasun mezuak eta azken bolada honetan errefuxiatuei ongietorria emateko horiak.

Balkoia duen edonork egiteko moduko ariketa demokratikoa da txalupa hegalari honetara irtetea, etxetik atera gabe, aldi berean, kalean egon. Karrikari begiratu, kalekoek zu begiratzeko aukera duten bitartean. Bada balkoira ateratzeko dotore janzten denik, eta bada handiuste jarrerarekin balkoira ateratzen denik, han behean, kalean daudenak baino harroago agertu nahian. Batzuek botere erakustaldia egiteko baliatzen dituzte balkoiak, agintea nork duen argi uzteko, Vatikanoko San Pedroko plazan delako gizon boteretsuak, adibidez. Aurreko mendean, balkoi askotara atera zen Hitler, ahaztezina Vienako balkoi hura. Gurean ere politikari gogoangarriak izan dira balkoien historiaren parte, Agirre lehendakaria kasu, garai horretako Eusko Jaurlaritza hartzen zuen Bilboko Carlton hotelean, esaterako. Badira ere bestelako balkoi gogoangarri eta poetikoak. Veronako balkoi batean literaturaren historiako pasarte ahaztezinak bizi izan zituzten Julietak eta Romeok. Federico Garcia Lorcak ere balkoiari maiz idatzi zion, balkoiak begiratzeko, sentitzeko eta bizitzeko direla gogora ekarriz. Horregatik eskatu zuen poetak hiltzen zen egunean balkoiaren ateak zabalik uztea. Baina balkoi gehienetan poesiak aspaldi galdua du borroka antena parabolikoen alde.

Gure herrietan uda sasoian balkoiek protagonismoa berreskuratzen dute. Zenbat pregoi eta txupin gure herrietako balkoietatik. Udako jai egun beroetan kostako hainbat herritako balkoietatik ura alaitasunez botatzen da herritarrak freskatzeko. Egunotan Iruñeko alde zaharrean entzierroa ikusteko izugarri kotizatuak daude balkoiak. Marijaia ere balkoitik aterako zaigu laster, Zeledon sartu bezala.

Udaran jai giro alaia datorkit gogora balkoiak ikusita. Aste honetan bezala, urtero irudikatzen dut Iruñeko plazan txupina piztu dutenen zirrara. Han, balkoitik goitik, kalera, plazara begiratu, eta milioika bihozkada alai eta aske ikusi eta sentitu. Aurreko astean, ordea, Irunen oraindik ere bizkarra ematen duten pertsonak balkoian ikusi genituen. Begien aurretik pasatzen zitzaien alarde parekidea ukatu nahi zuten. Baina kaleari bizkarra emanik, norberaren etxe zaharra baino ez da ikusten. Bere horretan giltzapetuta bizi dena, hortaz, ez da kalean edo mundu honetan bizi. Baina hala nahi badute, tira, gera daitezela bada etxean, besteok kalea askatasunez bizitzen jarraituko dugun bitartean. Edo, atera daitezela txalupa hegalaria den balkoi horretara, eta doazela hegan urrun betiko.