7K - zazpika astekaria

Oiartzungo atamitx, bertso habia


Ugaldetxo Kultur Taldeak uzten die bertso eskola egiteko tokia, Atamitxen. Atano pilotariak eta Mitxelena bertsolariak garai batean elkarrekin jarritako erretegitik bertan. Berez erretegiak ez zuen Atamitx izena, baina hala esaten zioten, jabeen abizenekin hitz jokoa eginez. Bertso habia garrantzitsua izan zen; arima bereziko txokoa Oiartzungo Ugaldetxon, martindarrak hazten ikusi dituen auzoan. Gaurko bertso eskolan Jon eta Alaia Martin, Miren Artetxe eta Ander Lizarralde elkartu dira. Xamoak gaur, atseden. Julio Soto ere aritu izan da Atamitxen.

Alaia Martinek 2017. urteari zintzilikatu dizkion helburuetan bada bat besteek baino gehixeago pisatzen duena: Txapelketa Nagusi on bat egitea. «Duela lau urte sentitu nuen hurrengoa ez nuela berdin prestatuko, garrantzi handiagoa emango niola. Gipuzkoako Txapelketa bukatuz geroztik Nagusia prestatzen hasteko gogoa neukan. Zeozer egiten ari nintzela sentitu nahi nuen, burua txapelketan nuela. Pentsatu nuen asko, luze, nire onena emateko... prestatu behar nuela. Baina, nola? Normalean egiten dudana egitea erabaki nuen: ahalik eta gehien elikatzen saiatu; kontzertuak, musika, literatura, filmak, artikuluak… Errimategia eta gaitegia ere prestatzen ari naiz urte hasieratik».

Abenduan –bai, joan den urteko abenduan– erosi zuen txapelketako bere koadernoa. Ez omen dago bertsorik bertan; ideiak, liburu batean jasotako sentsazioak, film batetik sortutako gogoetak, blokeatzen duten gaiak… «Inprobisatu behar dudan momentuan ahalik eta beteen egotea da nire asmoa, esan nahi ez dudan zerbait esan behar ez izateko edota ez erabili behar izateko erabili nahi ez dudan makulu bat. Prestaketa zentzu horretan da gehiago». Finean armairua ondo betetzea, bertso bakoitza nahi eran janzteko baliabideak eskura izateko.

Miren Artetxek, berriz, saioa baino hilabete eta erdi lehentxeago hasi zuen prestaketa. Inoiz baino serioago jarrita, gainera. «Orain arte ez dut inoiz serio hartu txapelketako prestaketa. Autokritika modura esaten dut, baina baita bertute modura ere. Xilaban konturatu nintzen zergatik ez nuen txapelketa prestatu nahi: aurrera begirako ihes bat zen. Inguruan beti esan izan didate gaitasuna dudala eta gehiago landu beharko nukeela. Eta nik ez nuen gehiago saiatu nahi, akaso beldur nintzelako gaitasun hori ez zela besteek uste adinakoa. Oraingoan neurrian prestatu naiz, hilabete eta erdi lehentxeago hasita. Pixka bat hobetzeko adina, baina ez nire mugak ikusteko adina [barrez]. Miren Amurizarekin eta Oihana Bartrarekin aritu naiz batetik eta Oiartzungo bertso eskolan bestetik. Eta konturatu naiz prestaketak funtzionatu egiten duela».

Ander Lizarralde txapelketa garaian Atamitxera gerturatzen da. Baina hortik kanpo, bertso eskola propioa izaten du astearte iluntzeetan. «Hango eta hemengo zelebre batzuk elkartzen gara pixka bat bertsotan egiteko, mokadu bat eginez. Lagun talde horretan ni izango naiz bertsotan pretentsioren bat daukan bakarra, seguruen. Gero, txapelketa garaian, Atamitxera hurbiltzen naiz saio batzuk egiteko. Baigorriko saioan kantatu eta txapelketatik kanpo geratu eta gero, prestakuntzak zer pentsatu handia eman dit. Maiatz inguruan hasi nintzen prestatzen eta bereziki saiatu naiz bertsoa gozatzen ikasten. Nik uste dut orain arte ez dudala bertsoa gozatu, ez nintzelako sorkuntza lan horretan sartzen, ez nuen sakontzen. Denbora bat daramat nire hutsuneak lantzen eta konturatu naiz orain arte ez naizela bertso bakoitzean sartu. Emaitzaren beldur nintzenez, azalean aritu naiz. Baigorrin saiatu nintzen bertso bakoitzean eta hitz bakoitzean egoten. Saiakera horrek berak ikusarazi dit ez neukala oso garbi zer kantatu nahi nuen. Txapelketa bukatu eta gero sentitu dut ez dudala sekula gozatu bertsoaz. ‘Inoiz ez duk kantatu hiretzako’, pentsatu nuen Baigorriko saioaren ondotik. Gogoeta hori ekarri dit txapelketak eta garrantzitsua iruditzen zait».

Alaiak, berriz, ia beti beretzako kantatzen omen du. «Ni oholtzan etxean bezala sentitzen naiz. Niretzat bertsoa libre izateko eta gozatzeko modu bat da. Niretzat bertsoa ez da izan besteen onarpena lortzeko bide bat, ni askatzeko bide bat baizik. Saio batetik beti bueltatzen naiz joan naizena baino hobeto. Niretzat bertsoak beti eduki du plazer osagai garrantzitsu bat. Txapelketan gehiago kostatzen da, baina saiatzen naiz gogoratzen oinarrian hori dagoela».

Jon Martinen esanean, «txapelketatik txapelketara asko aldatzen da nola iristen zaren». Aurtengoa toki berezitik abiatu omen du: «segur aski nire bizitzako mailarik txarrenean hasi nuen urtea. Bat-bateko plazaz plazako saio gutxien izan ditudan urtea. Herdoila sentitzen nuen. Nik nire bizitzan modu konstantean izan ditut bertso eskolak; Karrika, Santutxu, Gasteiz, Hendaia… bertsoa kantatzeko sekulako gosea neukan. Orain, nire ardurak eta denbora murriztu ahala, bertso eskola horiek egiteko ohitura galdu egin dut eta txapelketa hurbildu ahala elkartzen hasi gara bertso eskolan. Horrez gain, saioen tipologia asko aldatu da; nire saioen %80a musikatuak dira. Eta horietan gaitasun desberdinak lantzen dira. Txapelketak eskatzen du: kantatu hiru bertso eta izan daitezela uneko zure bertso onenak. Hor behetik abiatu nintzen eta sumatzen nuen ez nuela bertsotan ondo egiten. Hori kimatzen hasi nintzen apiril inguruan, Alaiarekin, Iñaki Apalategirekin eta Oihana Iguaranekin. Behin herdoilik gabeko bertsoa berreskuratuta, bigarren fasean nire maila igotzea izan da helburua».

Kontrolatu daitekeen guztia kontrolpean izatea gustatzen omen zaio Joni. «Gustatzen zait bertsokideekin aurretik geratzea, konfiantza giroa sortzea… horrek saioari sekulako mesedea egiten dio gainera. Seguran nirekin kantatuko zutenak zeintzuk ziren jakin nuenean e-mail bat bidali nien aurretik elkartzeko proposatuz. Azkenean, baina, ez nuen lortu biltzea». Bertso eskolako lagunen barreetatik ondoriozta daiteke ez dela Jon Martinen ahaleginek huts egiten duten lehen aldia.

Gaur, baina, elkartu dira. Eta bertsotan egiteko. Has dadila bertso eskola, asteroko aparteko oholtza intimo hori.