Amagoia Mujika

Bertso eskola, txapelketako oholtza intimoa

Bertsolari bakoitzak bere txapelketa bizi du. Nork bere buruari jarritako erronkak, oholtzan egindako estropezuak, bezperako amesgaiztoak, esna amestutakoak... Denak kabitzen dira bertsolari bakarrean, eta askotariko bertsolariak kabitzen zaizkio txapelketari. Txapelketa bizitzeko –gozatzeko eta sufritzeko– modu asko daude, bertsolari klaseak adina. Eta bertso eskolak ere askotarikoak dira; batzuek sofrologia egiten dute eta beste batzuek, laineza afariak. Baina txapelketa garaian zutoin garrantzitsua da bertso eskola; aterpea, laborategia, taldea. Bakarkako lehian lagunartea da bertso eskola; makalaldietan sorbalda eta aparraldietan zaplada.

Doinuak errepasatzen hasi dira. «Hau ederra da, gutxi erabilia. Baina ez dakit oso ondo funtzionatzen ote duen», zalantza Unai Agirrek. «Akaso gelditzen, gelditzen, gelditzen joaten da, erori arte», ondotik Maialen Lujanbiok. Mahaian eserita dagoen Aitor Mendiluze kanta-marmarrean ari zaie, aukera desberdinak proposatzen. Hernaniko Iraulio Panttalone bertso eskolan gustu berezia dute doinuekiko, nabarmen sumatzen da plazan. Tradiziotik ekarritako doinuak gustuko dituzte eta aukera ikusten dutenean plazara ekartzen dituzte. «Pena da dagoen doinu aukera zabalarekin beti doinu berdinekin aritzea», iritzi dio Agirrek.

Bitartean, Agin Laburu liburuxka batekin dabil lardaskan. Garai bateko Bizkaiko Txapelketetako gaitegi bat da. Entrenatzeko gaiak hortik aterako dituzte gaur. Aginek ederki pasatu du gairik aldrebesenak topatzen. Oier Iurramendik orri txuria hartu du errimak apuntatzeko. Bertsolariari gustatzen zaio entrenamenduan erabili dituen errimak errepasatzea eta lagunekin zerrenda hori zabaltzea. Eli Pagola ere gerturatu da. Gaur bi Nereak falta dira bertso eskolan, Elustondo eta Ibarzabal. Bata legazpiarra eta bestea markinarra diren arren, Hernani inguruan dabiltza orain lanean eta aurtengo txapelketan bertako bertso eskolara hurbiltzen ari dira. «Polita da gertatzen ari dena. Pozgarria da Nerea Elustondo eta Nerea Ibarzabal hona gerturatu izana. Guretzat ja etxekoak dira. Gainera, gure bertso eskolan beti gertatu izan da horrela, Hernanitik kanpoko jendea etorri ahala sartu da bertso eskolara eta pozgarria izan da. Leku integratzailea izan da beti», esan du Maialen Lujanbiok.

«Hernaniko bertso eskolak badu berezitasun nabarmen bat: katea ez da eteten. Askotan gu geu ez gara enteratzen zein lan egiten ari diren bertso eskolan. Gazteagoak hor aritzen dira bizi-bizi. Txapelketaren bueltan gerturatzen gara berriro zaharragoak bertso eskolara eta gazteagoekin elkartzen gara; gaiak jartzen dizkigute, gurekin kantatzen dute... Oso giro berezia sortzen da txapelketaren bueltan; orain txapelketan gaudenak, lehenago egon izan direnak, oraindik iritsi ez direnak... denak elkartzen gara garai honetan», ondotik Unai Agirrek.

Bakarrik ere prestatu, bizi eta sufritu daiteke txapelketa, baina desberdina da oso. «Bertso eskolak bizipoza ematen du, saltsa berezi bat jartzen dio txapelketari. Talde sentsazioa ere garrantzitsua da. Fasez fase kanporatzen joaten gara, batzuk muturreraino iristen dira... baina badugu talde sentipen indartsua», segitu du. Maialenek txapela jantzi zuenean, esaterako, poza taldekoa izan zen. Taldeak hala sentitu zuen, baita Maialenek ere.

Bertso eskola zutoin garrantzitsua da txapelketa garaian. Horretan bat datoz denak. «Nire kasuan gero eta garrantzia handiagoa dauka. Berez egokiena da etxeko-lanak ondo egin eta hemen proba egitea. Baina gero eta gehiago kostatzen da etxean tartea hartzea», hasi da Unai Agirre. Baina plazak ere hor daude. Batzuek, gainera, dezente egiten dituzte astez aste. «Plazan asko arituagatik, txapelketak beste klabe batzuk ditu. Plazan bizioak hartzen dira. Balio du jendaurrean egoteko, tentsioan funtzionatzeko, mekanika lantzeko... baina txapelketari begira erritmoa aldatu behar da eta gauza batzuk findu behar dira», zehaztu du Mendiluzek.

Bertso eskola laborategia ere bada hortaz, nork bere burua probatzeko lagunarteko oholtza. «Helburuetatik aparte, txapelketa garaian bertso eskola elikadura da; taldean egotea, saiatzea, doinu berriak probatzea, komentatzea... horrek txapelketari grazia berezi bat ematen dio eta garrantzitsua da. Txapelketaren parte polita hori da, periferikoa».

Bertsolaria beti ez da bertsotarako egoten. Norberak eguneko neke eta arantza propioak dakartza aldean bertso eskolara. «Batzuetan bertsotarako batere gogorik izan gabe ere etorri egiten zara, geratu egin zarelako. ‘Gaur ez dut bertso bakar bat botako’, pentsatzen duzu egun horietan. Sartzen zara eta behartu egiten duzu zeure burua. Edo askotan lagunek behartu egiten zaituzte. Eta gusturago bueltatzen zara etxera, egin izanaren sentipenarekin», kontatu du Agirrek. «Edo zauden aldartearen eta duzun argitasunaren arabera aldrebes ere gerta daiteke, ozpinduta bueltatzea etxera», zehaztu du ondotik Lujanbiok. Maialenen kasuan, bertso eskola ez da bere prestaketaren parte handiena, baina bai garrantzitsua. «Txapelketa garaian bertso eskolara etortzea luxu bat da niretzako. Ez lanerako bakarrik, txapelketari testuinguru bat ematen laguntzen dit. Niretzako probatzeko leku bat da. Txapelketa plazaren oso desberdina da eta bertso eskolak laguntzen dit txapelketaren generoan sartzen».

Bertso eskola bakoitzak bere estiloa du. Hernanikoak, doinuetan, errimetan, hitz joskeretan, hizkuntzaren jiratan indar berezia du, nahiz eta gero bertsolari bakoitzak ahots oso propioa izan. «Egia da mugak bilatzen ibiltzen garela askotan; errimetan, hizkuntzan... », esan du Agirrek. «Bertso eskola honetan badago tradizioaren pisu nabarmena, mezu gaurkotuekin noski. Hizkuntzak, esateko moduak, errimak, doinuak... badago gustu berezi bat horietan, baina gero bakoitzak oso desberdin egiten dugu», zehaztu du Lujanbiok. «Nik uste dut bertsokera horren oinarrian librean asko aritu izana dagoela. Guk asko egin izan dugu eta egiten dugu librean, eta hori igarri egiten da esamoldeetan eta erritmoetan», segitu du Mendiluzek. «Bada beste gauza garrantzitsu bat. Duela 40-50 urteko bertsokerara joango bagina, ikusiko genuke erabiltzen den hizkuntza ez dela batua, gipuzkera batuartua baizik. Guk bertso eskolan jan dugun guztia –jaso ditugun bertso zahar guztiak– egiten dugun hizkuntzaren oso antzekoa da. Erraz etorri zaigu. Aldiz beste batzuek ahalegin handi bat egin behar izan dute beren euskalkira mugatzeko», gaineratu du Agirrek.

Martxa bizi-bizia du Iraulio Panttaloneko oholtza txikiak. «Bihar norbait geratzeko moduan? Bakarkako bat egingo nuke», Agirrek galdera. Eta etzi, laineza afaria. Ohitura dute bertso eskolakoek tarteka horrelakoak egiteko, «behar-beharrezkoak» txapelketa garaian laxatu eta barre gustura egiteko. Horietara, baina, ezin gara sartu.