7K - zazpika astekaria
filigranaren artisauak

Arabiar urregileen ondarea Kolonbiaren bihotzean

Filigranaren artea, alor askotan maisu izan diren arabiarrek Andaluziatik penintsulara sartu zuten, eta espainolek Amerikan hedatu zuten, kontinentea armaz konkistatzen zuten heinean. Orain, tradizioa eta ogibidea da lagun askorentzat, bereziki Mompox bezalako lekuetan, non bitxigintza hiriaren izaeraren parte garrantzitsua den. Urre eta zilarrarekin magia egiten dutela ematen du, baina mendeetako jakintza da eskuak gidatzen dituena.


Bere esku indartsuekin, Daniel Alfonso Garridok samurki hartzen ditu metal preziatuaz egindako «seme-alabak». Bitxi delikatuak ehuntzen ditu, arabiarren filigrana artea iraunaraziz, konkistatzaile espainolek Kolonbiako bihotzeraino eraman zuten antzinako teknika betikotuz. Urrez edo zilarrez egindako animaliek eta loreek Mompoxeko urregile honen bitxi-dendaren erakusleihoa argitzen dute. Herrialdearen iparraldean isolatuta dagoen hiri txikia da Mompox, eta bere edertasun koloniala Gabriel Garcia Marquez idazlearentzat inspirazio iturri izan zen.

Bere eskutzarrekin artisauak bitxiei forma ematen die, gehienak, naturan oinarritutako irudidunak. Berak baino lehenago halaxe egiten zuten bere aitak eta aitonak. Izan ere, belaunaldiz belaunaldi igaro den ogibidea da hau, 43.800 biztanle dituen eta filigranaren gune nagusia den hiri honetan familia askok berea dutena. «Arabiar ohitura da. Arabiarrek espainolei erakutsi zieten eta, azken hauek, konkistatu gintuztenean, hona ekarri zuten, Amerikara eta zehazki Mompoxera», azaldu du 53 urte eta ile urdin batzuk dituen Garrido mestizoak.

Gaur egun, 170 bat urregilek, Atlantikoa gurutzatu zuten andaluziarrek egiten zuten bezala, lantzen dute zilarra eta urrea, Bolivar departamentuko Kultura eta Turismo Institutuak emandako datuen arabera. Garrido ezagunen artean dago.

Artea zainetan. «Urregintza odolean daramagu», nabarmendu du, harrotasunez, Garrido jaunak. Eta esaten duen bitartean metalezko izpi fin-finak hartu eta metalezko enkajedun bitxiak sortzen ditu.

Mompoxeko 23 bitxi-dendetako erakusleiho guztietan filigrana dago. Karibe itsasotik 250 kilometrora dagoen hiria bera bitxi arkitektoniko bat dela esan daiteke. 1540an sortua, 1995an Unescok Gizateriaren Ondare izendatu zuen, bere ohiturengatik, bai eta bere estilo kolonialagatik ere. Isolatua egoteak izaera hori babesten lagundu dio. Etxe-aurre ilunei bizitasuna ematen dieten ate koloretsuetan ohikoa da zilar edo urrezko artelan txikiren bat topatzea.

«Bere lanen irudiak txunditzen naute, asko atsegin ditut; pieza bakoitzak duen lanaz jabetzen gara eta honek sekulako balioa dauka», adierazi du Viviana Deviak, 42 urteko Bogotako bizilagunak. Berak hamabost bitxi erosi ditu.

«Tito»-ren tailerrak –horrela ezagutzen dute mompoxtarrek– estilo klasikoa dauka, egurrezko eta burdin landuzko zutabeak nahasten dituen patioa du barnean, konkistatzaileen urrea hirira heltzen zeneko garaia oroitarazten duena. Urre horren zati handi bat Magdalena ibaian dagoen Mompoxeko portutik abiatu eta Espainiako Koroari helarazten zitzaion. Lurralde horretan ez da inoiz urre-ustiaketa handirik izan, baina beste leku batzuetatik heldutakoa zenbatu eta Europarantz igortzen zen, eta metal preziatua erabiltzearen erabiltzeaz auzokideak ohitu egin ziren harekin lan egiten. Eta asko urregile bihurtu ziren.

Pazientzia, ezinbestekoa. «Gure balio erantsia tradizioa da, ohitura, lanean ematen dugun denbora, horretan jarri behar dugun pazientzia… Urregile bat pazientea ez bada, ez du aurrera egingo», azaldu du Garridok. Bitxiek, pisuaren arabera dolar gutxi edo ehunka batzuetako salneurria izan dezakete dendan, eta oro har urtero 2,5 milioi peso –867.000 AEBetako dolar– uzten dituzte Mompoxeko 23 bitxi-dendetan, Iculturreko zuzendari Lucy espinosa Diazek azaldu duenez.

Bitxiak sortzeko prozesuak ere denbora desberdina hartzen du tamaina eta zailtasunaren arabera. Egun erdi eta bi aste arteko tartea da ohikoena, 27 urteko Jaime Florezek aipatu duenez. Bera zilarrezko eskumuturreko bat egiten hasi da egunsentian eta eguzkia ezkutatu aurretik bukatuta izatea espero du. Artelana egiteko, lehenengo diseinua zehaztu zuen, gero piezaren pisua kalkulatu, horren ostean metala hautatu eta azkenik metala urtu. Zilarra edo urrea urtzean hasten da bitxia forma hartzen.

Mompoxen urregileen mailukaden hotsa Magdalena ibai handiaren zurrumurruarekin nahasten da une oro. Hiri txiki hau Kolonbiako ibilbide turistikoetatik aldenduta geratu da, zaila delako bertara heltzea. Lau ordu ibaian barrena edo beste horrenbeste duela bi urte egindako errepide berritik joanda. Urrun, edonola ere. Baina turista gutxi edo askorekin, hiriak bitxigile izaerari eutsiko dio.