7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Marra gorriak


Ez naiz futbolzalea, baina badakizkit 30 bat futbolariren izenak, emakume futbolarienak ikasteko ahalegina egin nuen orain dela denbora bat, baina batere ahaleginik egin gabe dakizkit prime timeko futbolarien izenak.

Interesgarria da pentsatzea zenbat gauza dakizkigun axola ez zaizkigun gaiei buruz, eta zenbat ustez axola zaizkigunei buruz…eta zenbateko zehaztasunez.

Bizitza ez da matematika, kirola ere ez, eta matematika bera ere ez agian, baina, hala ere, kopuruak axola du batzuetan, geure garunean daukagun informazio kopuruak axola du, gure gaztako portzentajeak horren arabera zehazten dituelako prime timeak. Baina nahiko gruyer ez ote gabiltzan…

Ez naiz autozalea, baina badakizkit dozena bat auto marka, eta badakit zeintzuk egiten dituzten ustez neskontzat, haurrik gabeko ia hogeita hamar urtekoontzat.

Zientzialari eta matematikarien izenak ikasi nituen umetan, baina humanista, soziologo eta psikologo gutxi agertu zaizkit apunteetan.

Ez dakizkit 20 lore baino gehiagoren izenak, nahiz udaberriro etxe aldamenean loratzen zaizkidan «hemen nago»-ka, baina ordaindu ezin ditudan lurrin mordo baten izenak buruz dakizkit, baita iragarleen izen-abizenak ere, askotan.

Udazkenero hasten zait garuna hotzeriaren aurkako botikak memorizatzen, baina apenas dakizkidan 10 belarren izenak, eta horietarik batzuk sendabelarrak izanagatik, batzuetan belarregiak dira eraginkorrak izateko. Eskuraegi dauzkagu baliotsuak izateko. Balioa ordaindu egiten da, eta ordainduz erosten, aldi berean.

Konpresa eta tanpoi marka batzuk denok dauzkagu buruan, laino artean, gehienak, baina ilargi kopa ondoen menstruatzen duten emakumeen liga dela esango luke jende askok lehen kolpean, eta hilekoa zer den eta nola eragiten digun jakin nahi duenak Googlerekin hitz egin beharko du, Googleren periferiako orrialde txikiren batean aztarka ibilita.

Izar handien soldaten berri badakigu, ez dakiguna da zenbat soldatak ez duen aski soldata berogailua pizteko, zenbat etxetan izaten ote duten sudur punta gorri. “Pobrezia energetikoa” izendatzen dute gorritasun hori, pobrezia esatea gogorregi geratzen delako edo. Gu hain gaizki ez gaudela gogoratzeko, kexatzen ausartu ez gaitezen.

Badakizkigu Espainiar Konstituzioko hainbat lege ukiezin, eta legeen marren zabalera milimetrikoki neurtzeko gauza gara, difuminatzeko gai, marra azpian ezkutatzeko gai, marra igarotzeko gai, noizean noiz. Eskubideez ez dakigu hainbeste. Eta marra igarotzen denean ez da marrazainik azaltzen gu babesteko. Marra batzuk intermitenteak dira. Edo gainetik igarotzearen igarotzez, intermitente egiten ditu denboraren higadurak.