amagoia mujika
IRITZIA

Argiak eta itzalak

Behin Olentzero ikusi nuen izarapetik. Lo nengoela, balkoiko atea irekitzen sumatu nuen. Izara azpitik begitxo bat agertu eta bera ikusi nuen bizikleta urdin batekin, hanka puntetan ni ez esnatzeko. Hurrengo goizean egongelaren erdi-erdian zegoen bizikleta urdina.

Koskorragoa nintzela, “markako” nire lehen zapatilak ekarri zizkidan. Airean ibiltzen nintzen zapatila haiekin, pauso desberdinez.

Gabonak handiak eta distiratsuak ziren. Mahai jendetsuetan “Kas” edaten uzten ziguten eta kroketak nahi adina. Bingoarekin aritzen ginen berandu arte eta inguruko helduek ere umore gozoagoz ziruditen. Musean aritzen ziren pozik.

Ez dakit justu noiz, baina noizbait Gabonak txikitzen eta itzaltzen hasi zitzaizkidan. Mahai jendetsuetan ja ez zeuden “Kas” eta kroketak. Interesik gabeko eztabaidak eta graziarik gabeko txisteak ikusten nituen nonahi. Eta beti berdinak amantalarekin eta esku-trapuarekin.

Geroztik lagunekin parrandatxoren bat egiteko garaia bihurtu ziren Gabonak. Ja ez nuen Olentzero ikusten gelan hanka puntetan, batez ere ajeak ez zidalako begiak ondo irekitzen uzten.

Gabonetako argiak baino itzalak gehiago ikusten joan naiz denboraren joanean. Isil-isilik kroketen masa egiten ari dela begiak umeltzen zaizkion ama bat ikusten dut. Beste urte bat eta alaba kartzelan. Eta ja badira 17 urte. Zenbat gustatzen zaizkion hari amaren kroketak, horrekin akordatu da.

Beste urte bat eta bakarrik dagoena ikusten dut. Halako mahai jendetsuetan egongo ote zen beste batentzat tokia? Ez dute gonbidatu edo ez du joan nahi izan?

Beste urte bat eta gustatzen ez zaion konpainiarekin. Hori ere bada marka. Onetik onena jarri mahaian, detaile guztiak zaindu, eta mahaikideak ezin aukeratu. Ze gauza aldrebesa, ezta?

Non daude iragarkietako gabonak?

Eta Gabonei kolorea zimeldu zitzaiela uste nuenean, zapatatxo txikiak hasi ziren agertzen gure etxean zuhaitzaren azpian. «Zapatek garbi-garbi egon behar dute, bestela Olentzerok ez du ezer utziko». Aspaldi ez nion gure amari esaldi hori entzun. Eta “Kas” eta kroketak mahaian. Eta bingoa. Ez da garai bateko handitasuna eta distira, baina tira. Pasa behar bada, saia gaitezen ahalik ondoen pasatzen. Hori bai, amantalak eta esku-trapuak era justuan banatuta eta konpainia ahalik eta onenean.

«Olentzero maitea, hurrengo urtean ondo portatuko naiz», idatzi dio txukun-txukun eskutitzean. Nik ere nahiago pasatakoari baino datorrenari begiratu. Hurrena hobea izan dadila.