JAN. 14 2018 IRITZIA Europako hiririk onena GALDER PEREZ Bilbo Europako (ustezko) hiririk onena izendatu zuten iaz. The Academy of Urbanism deitutako erakundearen epaimahai batek eman zion titulua, edo 2018rako meritua. Izendapena argitara eman zenean, behin eta berriz errepikatu ziguten irabazi asmorik gabeko erakundea dela hori. Faborez, ez dezala inork pentsa Bilbaok ezer erosi duenik! Saldu, ordea, asko saltzen du, jakina. Hiria marka bihurtzearen afera ez da kontu berria: ba ote dago marka bat baino zera komertzialagorik? Komertzialtasuna alde batera utzirik eta espiritualtasunari begira jarrita, ordea, hiri onenaren izendapenaren kontu honek badu kristautasunetik asko. Begoñako amaren izenean, Bilbori primeran doakio santutasunaren kontu hau! Bilboko agintariek, zerbait izatea nahi badute, zer eta hiri fededuna izatea baita, baina esaerari kontra egiteko ez hain euskaldun, beharbada. Fededun soilik, eta ona, oso ona, eta zintzoa. Hiri bat ona izateko baldintza asko bete beharko ditu eta hiritar bakoitzaren arabera aukerak biderkatuko lirateke. Baina badira denok parteka ditzakegun gutxieneko betekizun batzuk: hiri atsegina izatea, ez oso zaratatsua, trafiko handirik gabekoa, arrotz sentitu gabe gure kalean edo auzoan duintasunez bizitzeko aukera izatea eta kanpotik datozenei ateak irekitzen dizkien lekua izatea, adibidez. Baina Bilbaok beste hiri batzuen kopia izan nahi du. Aspaldi galdu zuen berezko nortasuna. Ai, Begoñako amaren izenean, zer eskatuko diogu bada, Tour eta Vuelta Ciclista a España moduko kirol ebentoetan protagonista izan nahi duen hiriari, edota MTV sarien egoitza izatea lorpentzat hartzen duen honi. Alegia, dirudunen tronu izan nahi duen plastikozko hiriari zerbait gehiago eskatzeak zaila dirudi oso. Hiri ona izaten jarraitzeko mandamentuak zintzo bete behar dira: markak haustea helburu duten museoak edukitzea, metroa soziala beharrean garraiobiderik garbiena izatea eta urtero bidaien prezioa garestitzen jarraitzea, zer eta bere bagoi izugarri deseroso eta hotzetan jesartzeko. Urteak dira Bilbok bizikletazaleei irtenbiderik ematen ez duela jakin, elite kultura herri kulturaren gainetik jartzen jarraitzen duela, murrizketak etengabe aplikatzen dituela, ertzetako auzoak eta erdigunearen arteko ezberdintasunak areagotzen dituela. Baina ona da, onena, pertsonei hainbeste begiratzen ez badie ere, bai ona! Atzo Euskal Herri osoko lagunak gerturatu ziren Bilboko kaleetara. Urtero bezala, urtarril hasierako larunbat batez, elkartasunez bete ziren Bilboko kaleak. Egun batez bada ere, azken urtea izateko desioz beti, Europako hiririk onena bihurtzen du horrek Bilbo. Kaleak herritarrenak baitira, horien eskakizunak, aldarrikapenak eta desioak betetzeko gunea. Hiria pertsonek egin eta sortu behar baitute. Kasu honetan nahigabe batek bildutako herritarrak, konponbidearen eta justiziaren bila abiatzeko prest dauden hiritarrak. Hiriak ere hori izan behar duelako, sortu nahi den munduaren lekuko, justizia sozialaren bidean aurrera doazen kaleen elkargune. Pertsonek eta elkartasunak herria libratuko duten bezala, hiritarrek eraiki dezatela hiria. Egun batez bada ere, azken urtea izateko desioz beti, Europako hiririk onena bihurtzen du horrek Bilbo. Kaleak herritarrenak baitira, horien eskakizunak, aldarrikapenak eta desioak betetzeko gunea.