JAN. 28 2018 IRITZIA Nerabezaroa amagoia mujika Nerabezaroa, adoleszentzia, 10 urtetik 24 urtera zabaldu dela esan du akademiko talde batek Medikuntzako aldizkari batean. Gertu samar ikusi diot gandorra indioilarrari azkenaldian eta bete-betean sartu naiz irakurketan –gure amek esaten dute gutxiago irakurrita hazi gaituztela haiek. Gutxiago irakurrita, ez gutxiago jakinda. Senari gehixeago entzunda–. Nonbait orain nerabezaroaren muga 19 urtetan dago jarria eta adituek garrantzitsutzat jotzen dute hori zabaltzea, legeetan eta politika sozialetan izan dezakeen eragina tarteko. Gorputzeko aldaketak hasten direnean hasten omen da nerabezaroa. Hori hartzen dute adituek abiapuntu. Hor ere aldaketak gertatu dira azken 150 urteetan. Lehenago, 14 urte inguruan hasten omen zen gorputza haurtzarotik helduarora pasatzen. Herrialde aberastuetan elikadura hobetu ahala osasuna hobetu egin da eta, adituen arabera, orain 10 urteren bueltan hasten da gorputza lehen aldaketekin. Emakumeen erdia ingururi 12-13 urterekin etortzen zaio lehen hilekoa. Baina gorputzaren garapena ez omen da 19 urtetan bukatzen. Medikuen arabera, garunak garatzen segitzen du 20 urteak bete eta gero ere. Beraz, adituek garbi daukate: Gorputzaren aldaketei eta garapenari begira, ezin da nerabezaroa 19 urtetan amaitutzat eman. Nerabezaroak baditu, baina, gorputzetik aparteko tasunak. Nabarmenak. Nabarmenegiak nerabezaroa aspaldi atzean utzi zutenentzat; bat-bateko umore aldaketak, izaera korapilatsuagoa, lagunen garrantzia gorena, errebeldia... Ba horiek ere luzatu egin omen dira denboran. «Orain gazteak beranduago joaten dira gurasoen etxetik, beranduago ezkontzen dira, beranduago hasten dira lanean... helduaroaren pribilegio legal batzuk 18 urterekin eskuratzen diren arren, helduen erantzukizunak eta rolak beranduago hartzen dituzte egungo gazteek», nabarmendu dute adituek aldaketa horiek azaltzeko orduan. Zalantza asko sortu zaizkit. Gure aurrekoei ez zieten utzi haur izaten. 13 urte betetzerako lanean hasitako asko eta asko daude. Ez gustuz, halabeharrez. Orain, berriz, batzuk denbora luzean izaten dira nerabe. Ez zait iruditzen, hala ere, lanak, bikoteak eta seme-alabek bihurtzen dutenik norbait heldu. Ezta aldaketa biologikoek ere. Gorputz atalen tamaina eta heldutasuna ez daude proportzionalki lotuta. Ez horixe. Uste dut jendarteak erabakitzen duela zein den nerabea eta zein heldua; pertsonari begiratzeko moduak, hargatik espero denak, ematen zaizkion ardurak, eskaintzen zaion konfiantza... Askotan etxeko nerabearekin aztoratuta dabiltzan gurasoak dira hazten uzten ez diotenak, haur bat bezala tratatzen segitzen dutelako. Eta gero hazten ez delako kexatzen dira. Gure aurrekoei ez zieten utzi haur izaten. 13 urte betetzerako lanean hasitako asko eta asko daude. Ez gustuz, halabeharrez. Orain, berriz, batzuk denbora luzean izaten dira nerabe.