Giza legeak
Neurez ez nukeen jakingo baina Arbelaitzek kontatu zuen bazkaritan, Suitzan animalien ongizate legearen berrikuspenean debekatu egin dutela krustazeoak bizirik egostea eta jateko prestatzea. Karramarroak, otarrainak eta otarrainxkak hil aurretik burtzoratu edo anestesiatu egin beharko dituzte aurrerantzean, sufrimendu ezin justifikatua ekiditeko. Eta pentsatu dut luzera gabe iritsiko dela gurera horren oso pareko legeren bat. Hortik aurrera peskizan hasita, nahi beste lege aurki daitezke animalien ongizatea bermatzen dutenak. Estatu espainiarrean autonomia erkidego bakoitzak du berea, eta apustu egingo nuke lege hori nahiko zorrotz betearazten dela. Baita hiltegira daramatzatenean ere.
Euskal Autonomia Erkidegoko legeak esaten du, adibidez, debekatua dagoela animaliei berezkoak ez dituzten portaerak eta joerak ezartzea edo iraingarri litzaizkiekeen trataerak ematea. Baita tratu txarrak edo sufrimendua eragitea edo justifikaziorik gabeko mina eta larritasuna eragin diezaiekeen edozein praktika erabiltzea ere... Beraz, justifikatua dagoenean tratu txarrak eta mina eta angustia eragitea zilegi da?
Ez nuke esango hori ondo dagoela inork defendatuko lukeenik; inor gutxik hartuko luke ontzat animaliei tratu txarrak ematea. Eta iruditzen zait ona dela gizarte osoak eta pertsona bakoitzak kontzientzia hori izatea, bai etxeko txakur edo katuaren kasuan, bai zelaian dabilen behiarenean edo jatetxeko krustazeoenean. Gizartearen sentiberatasunaren garapen naturala horixe dela sinistea ederra izan behar luke, eta agian uste baino lehen irits liteke gizakia animalien ongizatea bermatzera, horretarako lege eta zigorren mehatxurik behar izan gabe.
Gizakion eskubideen paperezko bermea animaliena baino dezente lehenagokoa izango da, eta hor irakur dezakezu, esate baterako, askatasungabetuak eskubidea duela tratu gizatiar baterako, gizakiak berezkoa duen duintasunari errespetuan tratatua izateko. “Tratu gizatiarra” edo “gizakiaren berezko duintasuna” bezalako kontzeptuen araberako legeak egiten dira, beraz, eta seguru batzuetan horrela erabiltzen direla.
Eta, bai, Hodei, halakoxe giza izaera dute giza legeek: krustazeoei eragindako sufrimendua zigortu dezakete laster hemengo epaileek, baina ez dakit milaka askatasungabetuk mila aldiz salatutako tormentu eta torturak noiz zigortuko dituzten.